euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Olentzero ikusgai Medellineko Gabonetako argiztapenean, Antioquiako Euskal Ikasketa Zentruaren laguntzarekn

2007/12/29

'Olentzero de luz' izeneko ikuskizuna Kolonbiako Medellin hirian ikus daiteke (argazkiak J.A. Ricaurte)
'Olentzero de luz' izeneko ikuskizuna Kolonbiako Medellin hirian ikus daiteke (argazkiak J.A. Ricaurte)
Urtero Kolonbiako Medellin hiriak Gabonetako argiztapen ikusgarriarekin edertzen ditu kaleak. Aurtengo argiak egiteko aukeratu duten gaia munduko Gabonak izan dira eta Olentzerok bere lekua izan du, Santa Claus, Papa Noel, Hiru Erregeak eta beste pertsonaia eta ohituren artean, Medellingo euskaldunei esker. Olentzeroren irudiak tamaina erraldoia du, umeentzako opari zakua dakarren ikazkinaren itxurarekin. Argiztapena urtarrilaren 7a bitartean ikusi ahal izango da, baina Antioquiako Euskal Ikasketa Zentruko John Alejandro Ricaurt-i esker, EuskalKultura.com-eko irakurleek jarraian datozen argazkien bidez ideia txiki bat hartu ahal izango dute.

PUBLIZITATEA

Gabonetan turista ugari etortzen dira Medellin hirira argiztapenarekin sortutako irudi eta kolorezko ikuskizunarekin gozatzeko. Aurten argiztapenari ekiteko aukeratu duten gaia munduan zehar Gabonak ospatzeko dauden era eta ohitura desberdinak izan dira eta Medellingo euskaldunek euren aztarna utzi nahi izan dute, tamaina erraldoia duen argizko Olentzero bat sortuz.

1967. urtean hasi zen Gabonetako argiztapen ikusgarri hau egiteko ohitura Medellinen, bertako enpresa publikoek bultzatuta, eta urtetik urtera ikuskizuna gero eta harrigarriagoa bihurtu da. Aurtengoa egiteko 15 milioi bonbilla, ehundaka irudi, tonaka paper, sare eta altzairuzko egiturak behar izan dituzte. Argiztapena urtarrilaren 7a bitartean izango da ikusgai eta ondoren Latinamerikako beste herrialde batzuetan ikusi ahal izango da.

Argiz eginiko Olentzero

Ikuskizunaz gozatzera Medellinera datozen bisitariek zenbait herritako Gabonetako pertsonaiak ikusi ahal izango dituzte: Ipar Hemisferioko Santa Claus eta Papa Noel bere trineoan, Hiru Erregeak, Jaiotza, Holandan opariak ekartzen dituzten marinelak... eta horien guztien artean, euskaldunen Olentzero ere bai.

[Goiko irudian Medellingo Olentzeroren beste ikuspegi bat, oraingoan albotik]

Oparien aretoa

Euskal pertsonaia mitikoa Oparien Galerian dago ikusgai, Oparien Sala izena duen aretoan. Irudi erraldoia da, metalezko paperarekin bildua eta argi eta koloreekin apaindua. Medellingo Olentzerok, nola bestela, opariez betetako zakua darama alboan, eta bere inguruan urteroko gutuna idatzi ostean opariak noiz hartuko zain daude haurrak.

[Goiko irudian Olentzeroren kondaira azaltzen duen panela, Medellinen sortu duten irudiaren marrazki batekin]

Irudiaren ondoan dauden paneletan zera azaltzen dute antolatzaileek: 'Olentzero mendian bizi zen ikazkin bat zen eta ez zituen haurrak batere gustuko. Herrira ikatza saltzera jaisten zenean haurrak izkutatu egiten ziren. Gaur egun euskal familien Gabonetako ohituretara ekarri dute pertsonaia. Herri askotan Olentzero tximiniatik jaisten zen erraldoia zen, aurpegia belztua, begiak gorri eta itxura beldurgarriarekin. Haur bihurriei beldurra emateko erabiltzen zuten. Egun bihotz oneko erraldoi bat bezala irudikatzen dute. Ez hori bakarrik, Olentzero haurren laguna da eta Gabonetan opariak ekartzen dizkie'.

[Goiko irudian hainbat herrialdetako Gabonetako ohitura eta pertsonaiei buruzko azalpenak. Tartean euskalduna, 'Gigante Olentzero' (Olentzero erraldoia) izenburupean]

Argia eta irudimena barra-barra

Olentzeroren irudiaz gain, argiztapenak Gabonetako pertsonaia klasikoak irudikatzen ditu: Papa Noel, Santa Claus, Medellin bertako Nutivara kazikea... Hainbat galeriatan banatzen dira herrialde bakoitzeko irudiak eta gaiak hiriko kale eta etorbideetan zehar daude ikusgai. Ikuskizunaren neurriak oso deigarriak dira eta hiriaren zati handia hartzen dute. Adibidez, 'Oparotasunaren Arbola' izena duen zatiak hiri inguruko muinoetako bat hartzen du, 6 metrotako altura duten loreekin josia. Muinaren tontorrean 25 metrotako garaiera duen Oparotasunaren Arbolaren irudia dago.

[Goiko irudian 25 metrodun Oparotasunaren Arbola]

Beste ikuskizun azpimarragarri bat Paisa Herrixka da, Kolonbiako herrixka baten plaza irudikatzen duena, etxe eta guzti. Medellin ibaia bere argiztapeneko protagonista bihurtu da eta argiz bete dute 25 metrotako garaiera duen zoru eta sabai antzeko irudia sortuz.

[Goiko irudian Medellin ibaia argiekin jantzia]


Lotura interesgarriak

Antiokiako Euskal Ikasketa Zentrua, Kolonbia
www.vascocentro.6x.to

Argiztapenaren berria bertako egunkarietan
www.elespectador.com

Antiokiako Euskal Ikasketa Zentroaren II. Euskal Astea
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko irailaren 13an


Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia