euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskal etxeekin komunikatzeko bisita birtualen zikloa hasi du Euskadiren Ordezkaritzak Argentinan

2012/06/04

Elvira Kortajarena ordezkariak egindako lehenengo bisita birtualaren irudia (argazkia Irekia)
Elvira Kortajarena ordezkariak egindako lehenengo bisita birtualaren irudia (argazkia Irekia)
Teknologia berrien garaian urrats berri bat eman du Euskadiren Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguaiko Ordezkaritzak herri bakoitzeko euskal etxeetatik gero eta hurbilago izateko. Bideo konferentzia zikloak helburu asko ditu; euskal gizataldearekiko komunikazioa errazteaz gain, euskal erakundeen eguneroko jarduneko parte izatea, gazteak euskal etxeetara gerturatzea eta etxeetako kideen artean teknologia berriei buruzko interesa piztea. “Olavarriako Gure Etxe Maitea izan zen komunikazio bide hau estreinatzeko lehenengo euskal etxea hiri honetako euskaldunek engaiamendu handia erakutsi dutelako galtzear zegoen erakundea berreskuratzean”, azaldu dute Ordezkaritzatik.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. 2.0 webak eskaintzen dituen aukerak baliatuz, Mercosur-erako Euskadiren Ordezkaritzak bideo konferentzia ziklo bati ekin dio. Proposamenaren helburu nagusia euskal etxeetako kideengan hurbiltzea da eta teknologia berriek eskaintzen dituzten baliabideak baliatuz, Ordezkaritzaren eta euskal etxekoen arteko harremana sendotu, euskal etxeen eskaera eta ekintzen berri eduki, eta beharrak zein proiektuak zuzenean ezagutzea.

Ordezkaritzatik azaldu dutenez, “informazio eta jakintzaren gizarte honek aldaketa asko eragin ditu pertsonengan. Internet jaiotzearekin batera, gizarte berriaren plaza publiko erraldoia (2.0 weba), bitartekarien arteko harreman berriak baliatzeko aukerak sortu dira. Gizartea jasaten ari den aldaketak erabiltzea gure esku dago, horrela, tresna berri hauei esker, euskal etxeen jarduerak lagundu eta bultzatu nahi ditugu. Helburuak, beraz, anitzak dira. Batetik, euskal etxeen egitura mantentzeaz gain, hauek sustatu nahi dira. Gainera, euskal kultura eta hizkuntzari bultzadatxoa eman nahi zaio, euskal etxeen eta Euskadiren arteko harremanak zein euskal etxeen arteko loturak indartuz. Eta azkenik, gazteak euskal etxeetara gerturatu nahi dira. Beti ere, ekintza guzti hauek lotzen dituen lokarria 2.0 weba izanik”.

Proba pilotua Buenos Aires probintziako Olavarriako euskal etxearekin egin da. Bilera birtualean Gure Etxe Maitea-ko Zuzendaritza Batzordeko kideek hartu zuten parte. Proiektuarekin hasteko erakunde hau aukeratzeko arrazoiei buruz, hauxe azaldu zuten zikloaren arduradunek: “Euskal etxe hau proba pilotua egiteko aukeratua izan da jasan duten egoeraren aurrean erakutsitako esfortzu eta ausardia saritzeko, galtzekotan zeuden egoitza berreskuratzea lortu baitute. Gaur egun esan dezakegu Olavarriako euskal komunitateak bere irudi ona berreskuratzeaz gain egoitza eta Olavarrian euskal komunitatearen presentziaren biziraupena ziurtatzea lortu duela”.

Beste alde batetik, Ordezkaritzak iragarri du bideokonferentzia hauen bitartez, Gernikako bonbardaketari buruz eginiko erakusketa ibiltariaren agenda osatuko dela.

Elkarretaratze birtualak egitea Ordezkaritzaren komunikazio estrategiaren barruan kokatzen da. Honekin batera, gogora dezagun Irekian, www.euskaletxeak.net atarian eta facebook profilean ere argitaratzen dituztela berriak. Bide hauetaz gain, hemendik aurrera, skype edo google+ erabiliz ere harremanetan jartzeko aukera izango da euskadimercosur@gmail.com helbidearen bitartez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia