euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Ola Sabores’ jaialdiaren lehenengo edizioan eskainiko dute Olavarriako EEko txikiek urteko lehenengo emanaldia

2017/04/04

‘Ola Sabores’ jaialdiaren afixa
‘Ola Sabores’ jaialdiaren afixa

PUBLIZITATEA

‘Ola Sabores’ izenarekin bere lehenengo edizioa izango duen kultur festa hau datorren asteburuan egingo da Olavarrian bertako Udala antolatzaile. Asteburu osoan zehar hainbat enpresa, erakunde eta kolektibitate arituko dira euren kultur eta sukaldaritza laginak eskaintzen bisitariei hiriko San Jose Kultur Gunearen aurrean. Olavarriako Gure Etxe Maiteari dagokionez, stand gastronomikoa eta dantza taldea aurkeztuko ditu, euskal etxean egiten diren lanak herriari erakusteko.

Olavarria, Argentina. “Sukaldaritza eta beste hainbat kultur adierazpen lotzeko helburua” duen jaialdia datorren ostiral honetan hasiko da eta igandera luzatuko da hiriko Riobamba kalean, San Jose Kultur Gunearen aurrean. Udaleko Kultur eta Hezkuntza Idazkaritzak antolaturik, hiriko enpresa, erakunde eta gizataldeek izango dute ekitaldia prestatzeko ardura, standak montatuz euren produktuen erakusle. Jaiaren programa, hala ere, zabalagoa izango da eta tailerrak, hitzaldiak eta ikuskizunak ere egongo dira.

Partaidetza bikoitza izango du Gure Etxe Maiteak ‘Ola Sabores’ jaialdiaren lehenengo edizioan. Batetik standa muntatuko du, bertan Euskal Herriari buruz eta Euskal Etxean egiten diren ekintzei buruzko informazioa emateko. Txokoan bertan plater tipikoak ere prestatu eta salduko dituzte instituzioko sukaldariek. Bestetik, Etxeko dantzari txikiek euren dantzak taularatuko dituzte jaiko oholtzan, besteak beste, Agurra.

Malvina Irletako gerraren 35. urteurrena

Joan den igandean, apirilaren 2an, gogoratu da Argentina osoan zehar Malvina Irletako gerraren 35. urteurrena eta karia horretara ohore zeremoniak burutu dira hainbat herri eta hirietan. Olavarria ez zen salbuespena izan eta Gerraren biktimen omenezko oroitarriaren oinarrian bildu ziren Udaleko ordezkariak, borrokalari ohiak, eskoletako ikasleak eta hiriko erakundeetako ordezkariak. Gure Etxe Maitea Euskal Etxeak bat egin zuen omenaldiarekin eta bere euskal eta argentinar banderadunekin bertaratu zen.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia