euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ohore Txileko Euskadiko Ordezkari izan zen Pedro de Aretxabalari, Santiagon 100 urte zituela zendua

2009/06/25

Pedro Aretxabala Elustondo (argazkia EuskalKultura.com)
Pedro Aretxabala Elustondo (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Egun batzuk dira hil dela Santiagon, ehun urte zituela, Pedro Aretxabala Elustondo, Txilen bertan jaiotako euskalduna eta herrialde amerikar honek azken mendean bizi izan dituen euskal pasadizo eta gorabeheretako lekuko zein protagonista izan dena. Euskal Herrian sabindarra izateagatik jazarria izan zen aita baten seme, 16 urtetan Euskal Etxeko kide zen, lanbidez industriari okina, Euzko Gaztedija-ko kide, errefuxiatuen laguntzaile frankismopean, luzaz Eusko Jaurlaritzaren Ordezkari Txilen... Txileko euskal historia biziduna izan da orain hiru aste pasexe hil zen arte. Lerro hauekin bera gogoratu nahi dugu. EuskalKultura.com-eko zuzendari den Joseba Etxarrik 'Txile eta euskaldunak' izeneko bere liburuan Aretxabala aipatzen duen kapitulua ekarri dugu hona.

Santiago, Txile. Pedro Aretxabala Elustondo Txilen jaio zen, Charravata edo Charrabata --bietara idazten dute-- izeneko herriskan, bere aitak bertan zeukan jabego batean. 1908ko urriaren 29a zen. Juan de Aretxabala Oliaga eta Robustiana Elustondo Sustatxa izen zituen gurasoak.

Hona Pedro de Aretxabalak bere aurrekoei buruz zioena: "Aita 1903 edo 1904an iritsi zen Txilera. Jazarpen politikoak behartu zuen horretara. Euskadin, Sabino Aranak eta bere ideia abertzaleek errepresio gogorra jasaten ari ziren eta aita haien aldeko zen. Preso sartu nahi zutela jakin eta Frantziara egin zuen ihes. Lorazaina zen eta Algortako familia madrildar batzuen lorategiez arduratzen zen, bera algortarra izanik.  Garai hartan atxiloketak besterik gabe egiten ziren, eta atxilotuak luzez egon zitezkeen giltzapean baldintza txarretan. Aitak erbesteratzea erabaki eta Txilera etorri zen. Hemen hil zen, 1924an, hirurogeita zortzi urte zituela".

19 anai-arrebetan seigarrena, Txilen jaiotako kehena

Pedro de Aretxabalaren aitak osaba-izebak eta lehengusuak zeuzkan jadanik Txilen, "Aretxabala partetik". "Aitak jabego bat hartu zuen errentan Charravatan, Quillota ondoan, eta loreak eta bertako fruituak landu zituen. 1906an, harrez gero finkatuta, emaztea eta Algortan jaio zitzaizkion bost seme-alabak ekarri zituen. Hemen beste hamalau seme-alaba izan zituzten. Ni izan nintzen Txilen jaiotako lehena. 1918-19an familia Santiagora bildu zen. Nire arreba bat, Flora, ezkondua zen ordurako Fermin Borda arizkundarrarekin, ezaguna, bere anaia Jose-rekin okindegi nezozio itzelak izango baitzituen".

Aretxabala aita, Bordatarrentzat lan egitera sartu zen. José Borda, bere beste alaba batekin, Purarekin ezkonduko zen geroago. Gure solaskide Pedro Aretxabala, berriz, Maria Luisa Etchart Juanandy-rekin ezkonduko zen, Bankako baxenafartarra bera. "Hiru seme-alan izan genituen: Kepa, Mirentxu eta Begoña Edurne. Ordurako baziren gutxienez hamabost urte okindegi negozioan nebilela eta urte hartan bazkide izatera pasatu nintzen, 1945era arte, orduan elkartea desegin baitzen. Fermin Borda 1936ko apirilean hila zen, kontratu bat sinatu berria Molino San Jorge-rekin, eta horrek bederatzi urte gehiago segitzera behartu gintuen. Kontratua bukatuta. elkartea desegin egin zen eta bazkide gisa biltzen joan ginenoi, bakoitzari okindegi bat edo bi tokatu zitzaizkigun, partaidetzaren arabera. Ni nire kontu jarri nintzen, bi okindegiren jabe, La Campana eta Reina del Pacífico, biak Santiagon", laburbiltzen du Aretxabalak.

Okintza industriaria

Bizitza profesionalean, Pedro Aretxabalak okintza negozioari jarraitu zion eta legamia egiten zuen enpresa batean sartu zen. Geroago ogitegiak utziko zituen, eta bere seme Kepak kudeatuko ditu, nahiz eta hamazazpi urtez segituko duen administrari, 1975era arte. "Lefersa legami enpresako jabe ginen, eta Ipal-ekoak ere, azken hau elikagai enpresa bat, oraindik segitzen duena. Ipal-ekin gelditu ginen bakarrik, segitzen du oraindik lanean. Zelai bat erosi nuen orduan, eta Euzkadi ipini nion izena; garia eta artoa erein nituen. Gaur egun nire biloba Kepa daukate zuzendari", dio.

Pedro Aretxabala XX. mendeko euskal-txiletar historiak eman duenaren berebiziko lekukoa da. Hamasei urte besterik ez zituela Euskal Etxeko kide zen. Denbora gutxiren buruan Euskal Herriko gertakariek eta 1936an gerla lehertzeak euskal-txiletar komunitatearen zatiketa ekarriko zuten, eta horrek oihartzun latza ekarriko zion Euskal Etxearen eta Eusko Gaztedijaren bizitza sozialari. Santiago Zarranz-en --geroago Aretxabalaren laguntzaile izango zen-- izkribu batean irakurtzen dugu "(zatiketaren) zergatia erraz antzeman zitekeen. Batetik, erakunde soziala zegoen, inolako kezka zuzenik gabea, Iparraldeko bazkideez eta Penintsulan jaiotako beste batzuez Franco diktadorearen aldeko nolabaiteko sinpatiaz. Beste erakundean, gazteria (zegoen), askatasun nazionalaren eta demokraziaren alde borrokan ari ziren anai-arreben sakrifizioa sentitzen zuena, Eusko Jaurlaritzarengandik zetozen jarraipideen ildoko ekintzak bultzatu, kezka jakinak azaldu eta aktuatzen zuena. Zoritxarrez, eta munduko beste leku batzuetan bezala, Txilen ere izan ziren euren arbasoen izpiritua galdutako euskaldunak, euren herria pasatzen ari zen une latza ulertzen jakin ez zutenak", idazten du Zarrantzek.

Agirre lehendakaria, Eusko Etxea eta Ordezkaritza

Aretxabalaren gogoan, "odo urte aktiboak izan ziren, gazteak zaharren kontra matxinatu ginen eta Euzko Gaztedija sortu genuen. Euskadin gerla lehertuko zen eta hemen bi talde sortu ziren, eta egoera horrek urte batzuetan segituko zuen. Haiek Euzko Etxea zeukanten, Puente kaleko 128.ean, eta guk Euzko Gaztedija, 720.ean. Denbora joan zen egungo Eusko Etxea ekarri duen adostasunera iritsi arte. Gogoan dut San Ignazio batean gertatu zela. Agirre lehendakaria zen tarteko, karisma handiko gizona, eta urak bere horretara itzuli ziren". "Gizon harek urte batzuk gehiago bizi izana faltatu zitzaigun", sentitzen du Aretxabalak, "bereganatzen zintuen dohain berezia zeukan; batek bera ikusi, hitzegiten entzun eta Jesukristo entzuten ari zinela zirudien", dio sakonki sentitutako benerazioa islatzen duen keinu bat eginez.

Lau hamarkada luzetan, Franco generala hil ondoren Agirre lehendakariaren gobernuari lekukoa hartuko zion gobernu demokratiko bat sortu arte, Pedro Aretxabala erbesteko Eusko Jaurlaritzaren Txileko ordezkari izan zen. "Ni Garaikoetxea lehendakaria atera zenean erretiratu nintzen", azaltzen du. "Ordezkari izan nintzen Agirrek 1942an izendatu ninduenetik, 1982-83ra arte".

Txile, euskaldunei abegikor

"Urte hauetan guztietan, diktadurako urte latzak barne, Txileko Ordezkaritzak bere eskuetan egon zen guztia egin zuen bere ordezkaritza lana bete, errefuxiatuei laguntasuna eman eta Euskadi demokratiko baten alde", baieztatzen du. "Komunitateak hemen asko lagundu zuen eta euskaldun multzo handia etorri zen gerla bukatu ondoren. Ez zuten sartzeko arazo berezirik izan. Kontaktu onak geneuzkan Ministerioan, euskaldunen lagun, seme-alaba eta ondorengoekin".

1939an Errepublikako presidentetzara Pedro Aguirre Cerda iritsi izana gauza garrantzitsua izan zen lanean ari ziren euskal erakunde guztientzat. Urte hartako ekainean Aguirre Cerdak omenaldia jaso zuen Euzko Gaztedijak emana, eta Aguirrek euskal errefuxiatuak errezibitzeko interesa azaldu zion bertako Zuzendaritzari. Txileko gobernuak ez zuen ebazpen espezifikorik hartuko euskal emigrazioa bultzatzeko, baina Aguirre Cerda presidenteak (eta ordea hartuko ziotenek) markatutako jarraipideak, eta baita Kanpo Harremanetarako Ministerioko Departamentuaren jarrerak ere, Carlos Errazuriz eta Luis Castellon baimenak emate-lanetan arduradun, argi utzi zuten irizpide irekia euskal eskera guztiak onartze aldera.

Euskaldunak euskaldunei laguntzen

Lehenengo euskal erbesteratuak euren kabuz iritsi ziren. Askotan, ezagunek, lagunek edo familiakoek utzitako diruari esker. Dena den, orduan Parisen Txileko kontsula zen Pablo Nerudak antolatutako Winnipeg untziaren bidaia izan zen prentsan eta Txilen zein nazioartean oihartzunik handiena lortu zuen operazioa. Untzia, bi mila bat errefuxiatu errepublikar zeramala, abuztuaren 4ean atera zen Bordeletik eta 1939ko irailaren 3an sartu zen Valparaisoko portuan.

"Ongi gogoan dut egun hura", dio Aretxabalak. "Iritsitako euskaldunen bila joan ginen eta familia lagunen etxeetan banatu genituen. Batzorde batek hartu zuen non lo egin topatzeko ardura. Batzordekideetako bat Santiago Zarrantz bera zen, eta tartean zeuden Alberto Etcheverry, orduan euskal etxeko lehendakari zena, Pedro Azula, Fermin Borda bera... euskal elkarteko Zuzendaritzakoak ziren. Elkartasun mugimendu handi bat izan zen, guztiak euskaldunak ginelako, bakoitza bere pentsaera eta ideologiarekin, baina prest beharrean zegoen herrikideari laguntzeko. Asko etorri ziren, Winnipeg aurretik eta ondotik. Euren seme-alaba eta ondorengoetako askok euskal etxearekiko loturei eta sentimentuari eusten diote gaur egun. Gogoan dut neronek bi matrimonio bildu nituela etxera. Gizonetako batek Jose Mari Bilbao zuen izena eta enplegatu hartu nuen okindegietako batean. Bestea, oroitzen naiz abiazio superintendentea izana zela Bilbon..."

Euskal engaiamendu sakoneko bizitza

Erbesteko Eusko Jaurlaritzaren egoitza Pasaje Enrique MacGuiver-en egon zen. "Errentan hartutako pisu bat zen, bigarren solairuan. Sei-zazpi bat urtez eutsi genion hor. Gero Santa Isabelera aldatu ginen, irarkola edo inprimeria baten tokira, arrazoi ekonomiko hutsak tarteko. Han ari zen lanean Julian Pe-Menchaca, Santiago Zarranz-en bazkidea. Egoitzak bertan segitu zuen Ordezkaritza desegin arte. Tarte batean aldizkaritxo bat eman zen argitara, Batasuna zuen izena eta sei-zortzi zenbaki plazaratu zituen. Idazleen artean Santiago Zarranz bera eta Juan Aretxabala zeuden, azken hau nire lehengusua, euskaraz, aurretik ere Bilboko 'Euzkadi' kazetan aritutakoa".

Solasean segitzen du Pedro Aretxabaletak bere bizitza oparoan oroitzapen dituen pasarte eta pasadizoez, kilometrotan urrun egonik ikasi zuen baina bihotzean beti hurbil izan duen euskal engaiamendu sakona gogoan. Eskertzen diogu eskaini digun denbora. 'Ondo ibili' ozen bat jaurtitzen digu, guk bere abegikortasuna 'eskerrik asko' batez ohoratu ostean.

[Joseba Etxarriren 'Chile y los vascos, la Euskal Herria que encontré en Chile' liburuaren atala, egileak 1988-89an idatzia eta 2004an argitara eman zena, 'Euskaldunak munduan' sortaren baitan, 7. liburukia, Eusko Jaurlaritzako Lehendakaritza argitaratzaile]

Lotura interesgarriak

2004an Txileko Ordezkarritza berrezarri zutenekoa, Aretxabala bertan
Berria egunkarian, Irune Lasaren kronika Santiagotik

Txileko Euskadiko Lehenengo Ordezkaritza (1942-1980)
Palmira Oyangurenen lana



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia