euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ohiko arrakasta handiaz egin du Chascomuseko Zingirako Euskaldunak EEak bere XVIII. Euskal Festa

2008/10/17

Ekitaldiak Chascomus bertako 'Eusko Hazia'ko dantzari taldeen eta Cañuelaseko Euskal Etxeko dantzarien partaidetza eta trebezia bildu zuen (argazkiak Pedro Mauregui Larranda)
Ekitaldiak Chascomus bertako 'Eusko Hazia'ko dantzari taldeen eta Cañuelaseko Euskal Etxeko dantzarien partaidetza eta trebezia bildu zuen (argazkiak Pedro Mauregui Larranda)
Urtero lortzen duen isla eta oihartzun handiaz egin da joan den larunbatean Chascomus herri argentinarrean bertako 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeak antolatzen duen Euskal Festa, aurtengoan bere XVIII. edizioan. Egunari pilota txapelketa batekin ekin zitzaion, ondoren esker-emate meza Katedralean, alkate hauteskundeak, euskara stand-a eta euskal dantzekin segi eta gauez berbena herrikoiarekin amaitzeko.

PUBLIZITATEA

[Argazki erreportajea gehituko diogu berehala berri honi]

Chascomus, Argentina. Ekitaldiak goizeko bederatzietan hasi ziren joan den larunbatean, urriak 11, Chascomus Pilota Klubean, Haur-Gaztetxo Pilota Txapelketarekin. Irabazlea, banaka, Gonzalo de la Paz izan zen, eta binaka Tomas Menchacabaso eta Juan Cruz Piacente bikotea, domina eta ziurtagiriak erromeriaren baitan eman zitzaizkiela.

Arratsaldeko zazpi t'erdietan Esker-emate Meza egin zen Mesedeetako Amaren Eliz Katedralean, Chascomusen.

Ekitaldien azkeneko txanpa, edo ekitaldi nagusia, gaueko bederatzietatik aurrera garatu zen, Club Bochístico Independiente delakoan. Euskal jan-edari tipikoak dastatzeaz gain, bildutako guztiek euskal dantza emanaldi batez gozatu ahal izan zuten familia giroan, Chascomus bertako Eusko Hazia taldearen eta Cañuelaseko Euskal Etxeko dantza taldearen eskutik.

Urtero ohi den moduan, Euskal Etxeko 'alkatea'ren figura hautatzeko hauteskundeak egin ziren, ohorezko leku hori Delia Heguiabehere de Lahurnagaray andereak beteko duelarik 'agintealdi' berrian, lekukoa Graciela Pecotche de Urrutibeheity andereari lekukoa harturik.

Euskarak bere stand-a izan zuen, zenbait lan erakustearekin batera, aukera ematen zitzaielarik inguratzen zirenei UNESCO erakundeari bidali behar zaion aldarrikapen orri bat sinatzeko, Euskara aitortuz Gizateriako ondare ez-material, "Europako zaharrenetako den hizkuntza baita, egun ere mintzatzen segitzen dena".

Artesautza lan tradizionalek ere euki zuten euren lekua, baita euskal kultur liburuek ere, salgai zeuden gauzak, prezio apaletan beti.

Jaialdian 'Haize Gaztea' izeneko gazte taldea aurkeztu zen, Euskal Herriko errealitate politikoa ezagutu eta zabaltzea helburu hartu duen taldea.

Eguna akitzeko, dantzaldi herrikoia zabaldu zen, gazte andana polita partaide.

Chascomuseko 'Zingirako Euskaldunak' Euskal Etxeko Zuzendaritza Batzordetik, eskertu nahi izan zaio bertako komunitate osoari Euskal Festa honen XVIII. edizioaren arrakasta gauzatzeko eskaini duen sostengu eta laguntza guztia.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia