euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Obanos herri nafarra erabat aldatuko da gaurtik aurrera, astebetez 'Obanosko Misterioa' antzeztearren

2008/07/19

Zaldunak plazan sartzen ari dira Misterioaren irudi ikusgarri honetan. Antzezpenak argiztapen diseinua berritu du aurten.
Zaldunak plazan sartzen ari dira Misterioaren irudi ikusgarri honetan. Antzezpenak argiztapen diseinua berritu du aurten.

PUBLIZITATEA

Obanosko herri osoaren ahalegina da 'Obanosko Misterioa'rena. Aurten, Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentzia gaur antzeztuko dute lehen aldikoz Obanosko (Nafarroa) herritarrek eta hilaren 26a arte egunero antzeztuko dute herriko 400 lagunek baino gehiagok. Javier del Cura zuzendari, Xabier Olza iruñarrak eginen du Gilenena eta Noemi Alcala obanostarra izango da Felicia. Gaur gaueko hamarretatik goiti ikusi eta sentitu ahal izango da Obanosen. Irene Arrizurietak sinatzen du artikulua Berrian.

Obanos, Nafarroa. Akitaniako Felizia, erromes gisa Donejakue bidea egitera joan zen. Erromesaldian Akitaniako Gortean zeraman luxu eta noblezia bizimoduari uko egitea erabaki zuen. Compostelako Donejakuetik (Galizia) itzultzean, Nafarroako Obanos herrian gelditu zen inguruko behartsu eta erromesei laguntzeko. Anaia, Gilen dukea, neskaren bila atera zen, etxera itzularazteko, baina arrebak sorterrira itzultzeari uko egin zion. Gilen sutan jarri zen, eta suminaldiak harturik, sastakaia sartu zion eta arreba hil...

Aurreko kontakizuna Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentziaren Erdi Aroko kondairaren hasiera besterik ez da. Obanosko misterioa esaten diotena nola bukatzen den jakin nahi duenak, gaur du aukera, 22:00etan hasita, Obanosen. Egunero, hilaren 26a arte, dozena bat aktore profesionalek eta 400 herritarrek Obanosko Misterioaren antzezpena eginen dute.

Donejakue bideko Erdi Aroan girotutako lana da

Misterioa Euskal Herriko Donejakue bideko Erdi Aroan girotutako lana da. Manuel Iribarren eta Alfonso Venturaren testuak aintzat hartuz, Santos Begiristainek egindako gidoia du oinarri. Musika Luis Morondo musikagile nafarrarena da eta 1965. urtean antzeztu zen lehenengoz herriko plazan. Egun, bi urtetik behin taularatzen da, Donejakue urteekin bat egiteko.

Obanosko misterioa edo Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentzia lana, XIV. mendeko Akitaniako Dukeen seme-alaben kondaira batean oinarritzen da. Akitaniako dukeen alaba Feliziak gortetik alde egin zuen Donejakue Bidea ezagutzeko. Bidean erlijioaren deia sentitu zuen. Gortea utzi, eta hango aberastasunei uko eginez, Amokaingo Jaurerrira (Egusibarra, Nafarroa), joan zen bizitzera. Amokaine inguruko behartsuenen eta Jainkoaren zerbitzura aritu zen, bere jatorria eta aurreko bizimodua ezkutatuz.

Gilen anaia bila joan zitzaion, atzera gortera itzularazteko asmoarekin. Ez alferrik. Arrebak kasurik egiten ez ziola ikusirik, oso haserretu zen anaia; hil egin zuen Felizia, sastada bat emanda. Hilotza Aranguren Ibarreko Labiano herrian lurperatu zuten. Gilenek, egindako gaiztakeriaz oharturik, Donejakue bidean penitentzia egin zuen. Egindako gaiztakeria Arnotegiko baselizan (Nafarroa) erregu eginez garbitu zuen, eta behartsuenen alde aritu zen lanean hil arte.

Herriaren parte-hartzea

Obanosko herritarrengatik ez balitz, Misterioa antzeztea ezinezkoa litzateke. Bi urtetik behin ehunka herritarrek lan egiten dute antolakuntzan, 400 herritarrek parte hartzen dute. Javier del Cura antzerki zuzendariaren aginduetara, joan den apirilean hasi ziren entseguak egiten, astero-astero. Antzezpenaren aurreko asteetan, egunero biltzen ziren herriko plazan eszenaren bat edo bestea lantzeko. Azken astean entsegu nagusiak egiten aritu dira.

Azkenekoa herenegun. 22:000etan hasi zuten, eta hiru ordu baino gehiago iraun zuen, lanaren antzezpenak bezalaxe. 2004. urteko muntaketaz ere arduratu zen Del Cura eta herritarren lana azpimarratu du: «Orduak eta orduak eman ditugu entseguetan. Ez dira kexatzen, eta gogo handiz lan egiten dute, dela aktore lanetan dela materiala edo eskenatokia prestatzen. Maitasun handiarekin egiten dute lan».

Hiru pertsonaia nagusi: Felizia, Gilen eta agure

Antzezlanean hiru pertsonaia nagusi daude: Felizia, Gilen eta agurea. Feliziaren papera Noemi Alcala aktoreak jokatuko du, Obanosko misterioa antzezten eskarmentu handia duen herritarrak. Bosgarren aldiz ariko da Feliziaren papera egiten. Gilenen papera Xabier Olzak egingo du, lehen aldiz, eta ilusio handiz: «Herritarren parte-hartzea ikaragarria da, magia handia du. Nire pertsonaia zaila da, baina asko landu dut eta Noemirekin (Felizia)ongi moldatu naiz». Agurea Felix Ansorenak antzeztuko du.

Obanosko Misterioaren Fundazioak kudeatzen eta finantzazten du lana, eta akordio bat lortu du Nafarroako Gobernuz Kanpoko hainbat erakunderekin. Antzezpen bakoitzean sarreretatik lortutako diruaren zati bat erakunde horien lanak finantzatzeko erabiliko dute. Sarrerak 18 euro balio du, helduentzat; 10 euro, 12 urtez azpiko haurrentzat; taldeka doazenentzat, lagun bakoitzeko, 15 eurokoa izanen da. Sarrerak lortzeko: 012 telefonoan edo  948-344141  telefonoan.

MILA JANTZI BAINA GEHIAGO
Balio handia dute antzezlanean erabiliko dituzten jantzi, apaingarri, lanabes eta gainerako tresnek

I. Arrizurieta, Obanos. Santa Feliziaren martirioa eta San Gilenen penitentziaren antzezpenerako erabiliko diren jantziak eta apaingarriak oso baliotsuak dira. Misterioaren sustapenaz eta finantzaketaz arduratzen den Fundazioaren esku dago ondare garrantzitsu hori, eta Obanos herrian duela lau urte zabaldu zen Misterioko Jantzien Museoan gordetzen dira.

Erdi Aroan erabiltzen ziren jantzien 1.056 erreprodukzio erabiliko dituzte egunotako antzezpenetan. Jantziak dirutza balio dute, miloi eta berrehun mila euroko balioa dute. Misterioa antzezteko jantziak egiten Mari eta Karmen Lozano ahizpak hasi ziren. Jostunok Francis Bartolozziren diseinuak hartu zituzten oinarri jantziak egiteko.

Geroago, Lozano ahizpen lekukoa Obanos herriko jostunek hartu zuten. Jantziak egiten Clara Velazek jarraitu zuen eta arropen txanoak Maria Luisa Ulzurrunek egin zituen. Jantzitegi gehienak 1965 eta 1977 urteen artean egin zituzten. Jantzien garrantziaz oharturik, museoan arropak zaharberritzeko areto bat ere badago.

1997an Mari Luz Bidart jostunak zaharkituak zeuden jantziak berritu egin zituen. Harrezkero, Bidart, Mari Karmen Jauregi eta Maria Jesus Nicolay herriko beste bi jostunen laguntzarekin jantzien zainketaz arduratu da. Museoan gordetzen dituzte, halaber, antzezlanean erabiltzen diren beste hainbat tresna eta lanabes: gurdiak, burdin jantziak, kasketak, ezkutuak, lantzak, ezpatak eta abar.

(2008-07-19an Berrian argitara emana)

Lotura interesgarriak

Ibilbideak Euskal Herrian: Obanos, bideen bateratzea
Hiru.com webgunean 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia