euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NYeko Euskal Etxearen webgune berriak klubari buruzko albiste gehiago eta 'ziberkidea' izateko aukera dakartza

2007/03/27

New Yorkeko Eusko Etxeko webgune berriaren irudia. Euskal Etxe newyorktarrean hazitako euskalduna da Abio, aspaldidanik ikusentzunezko munduari lotua eta orri berriko webmasterra orain
New Yorkeko Eusko Etxeko webgune berriaren irudia. Euskal Etxe newyorktarrean hazitako euskalduna da Abio, aspaldidanik ikusentzunezko munduari lotua eta orri berriko webmasterra orain

PUBLIZITATEA

Sarean da jada New Yorkeko Euskal Etxearen webgune berria, Julian Abio bazkideak diseinatu eta kudeatuta. Hiri erraldoi honetan bizi diren euskaldunen topaleku izan nahi du guneak, New Yorken sakabanatuta bizi direnen bilgune birtuala alegia. Itziar Albisu lehendakariak aurreratzen duenez, webguneak 'ziberbazkide' izateko aukera ere eskainiko du, mundu osoko internet erabiltzaileei NYko Euskal Etxeko lagunartera biltzeko aukera emanez.
New Yorkeko Eusko Etxeak webgune berri bat jarri du abian eta bertan elkartea eta bere aktibitateei buruzko informazioa izango da nagusi. Orain arte New Yorkeko euskal etxeak bazuen webgune bat, www.eeny.org, Luis Foncillas kazetariak sortu eta kudeatua, informatiboa oso eta bertan Estatu Batuak, euskal-amerikar Diaspora eta Euskal Herriari buruzko berriak argitaratu izan dira. Berria, www.newyorkbasqueclub, klub barneko komunikazio beharrak betetzera dator, Julian Abio webmasterrak EuskalKultura.com-i adierazi dionez. 'Webgune berritik Eusko Etxea sustatzen saiatzen gara batez ere', azaltzen du Abiok. 'Euskaldunak gero eta gutxiago gara New Yorken. Hiri handia da hau eta sakabanatuta gaude. Batzuetan elkarrengandik urrun bizitze horregatik ez gara biltzen, baina elkartuta eta gure euskal etxearen aktibitateen gainean jakitun egon nahi dugu, nahiz eta interneten bidez izan'.

Aste gutxi dira hasi dela Abio jardun horretan, webgunearen informazioa kudeatu eta berritzeko ardurarekin. Laguntzaile talde bat ari da berakin lanean, eta Luis Foncillas-en hiritik idazten duen blogak ere bere tokia dauka orri berrian. Webguneko informazio eta eduki gehienak ingelesez daude, baina euskarazko eta gaztelaniazko artikuluak ere agertzen dira. Edukietan, klubari buruzko informazioa da protagonista eta Eusko Etxearen aktibitateei buruzko atal bereziak daude: elkarteko bilerena (Meetings), afariena (Dinners) edota klubean edo New Yorken egingo diren ekintza kulturalen agenda.

Blogak eta kideen aurkezpenak bideoan

Webgune berriak Luis Foncillasen blog-aren aipatu linka ere eskaintzen du. 'Un vasco en Nueva York' izenburua du blogak eta eitb24.com atariaren barruan aurki daiteke. Gainera, webguneak euskal kultura eta diasporari buruzko informazioa ematen duten beste orrialdeen loturak ere eskaintzen ditu. Berritasunetako bat Basque Videos izeneko atala da. Bertan, momentuz, Euskal Herriaren inguruko bi bideo ikusi daitezke, bat Euskal Herriari buruzkoa eta bestea Bakio, Bizkaiko kostaldeko herri txikiari buruzkoa. Bideoak topa daitezke baita ere Members atalean. Bertan euskal etxeko kideek euren burua eta lanak aurkez ditzakete. Oraingoz bi kide hurreratu dira ziberespaziora tarte honetatik: Iñaki Bakedano bere argazki bildumarekin eta Maialen, bi urteko artista txikia, harrikoa nola egin erakusten duen bideo dibertigarriarekin.

Eusko Etxeko arduradunek webgune berria elkartea munduratzeko tresna izango dela espero dute, beste euskal etxeekin eta internet erabiltzaileekin harremanetan jarrituko dituen zubia. Harreman hori kudeatu eta hartu emanak zuzentzeko ardura izango duen pertsona bat aukeratzea pentsatu dute elkarteko buruek. Pertsona honek bidalitako mezuei erantzungo lieke, ingeles, euskera, gatelera eta frantsesez, Miren Itziar Albisu, Eusko Etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i azaldu dioenez.

'Ziberkide' internet bidez

'Webgune berriak New Yorkeko Eusko Etxea ezagutarazi eta elkartetik kanpoko jendearekin harremanetan jartzeko balioko du', agertu du Albisuk. 'Gainera elkarteko kideen kopurua handitzeko bidea izango da ere, internet bidez New Yorkeko Eusko Etxeko kide izateko aukera emango baitugu. Bazkide berri hauek munduko edozein lekutan bizi daitezke eta gure cybermember bihurtu, elkarteko edozein kidek dituen eskubideekin baina kuota bajuagoagatik, ezin izango direlako fisikoki elkarteko hainbat ekitaldietan egon'. Aukera hau oraindik ez dago sarean erabilgarri, baina informazio gehiago eskuratu nahi duenak Eusko Etxearekin kontaktatu dezake 001-718-383-1974 telefonora deituz edo e-maila bidaliz hona.


Lotura interesgarriak

New Yorkeko Eusko Etxea
www.newyorkbasqueclub.com

Orain arteko webgune informatiboak segitzen du
www.eeny.org

'Un vasco en Nueva York'
Luis Foncillas-en bloga eitb24.com-en

Basque Filme and Media Arts Festival New Yorken
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxaoren 23an

Aitor Sotes, New Yorkeko Euskal Ordezkaritzako buru
BasqueHeritage.com-en 2007ko martxoaren 7an argitara emana

Euskadiko Ordezkaritza irekiko dute New Yorken
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko otsailaren 21ean

Jesus Galindezen desagerketaren 50. urteurreneko ekitaldiak
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko urriaren 16ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia