euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

North Queensland-eko Euskal Etxea, Australian, euskal kulturaren ordezkari asteburu honetan Townsvillen

2007/08/16

Irudiko kantxa Australiakoa da, North Queensland- 
eko Trebonne herrikoa, Josetxo Larrazabalek gure kamerari harro erakutsia (arg. EuskalKultura.com)
Irudiko kantxa Australiakoa da, North Queensland- eko Trebonne herrikoa, Josetxo Larrazabalek gure kamerari harro erakutsia (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

North Queensland-eko euskal etxe australiarra urtero Townsvillen egiten den Cultural Fest izeneko kultura azokan arituko da bihartik hasita asteburu osoan euskaldunen eta euskal kulturaren ordezkari. Euskal etxeko kideak euskal sukaldaritza tradizionala, euskal jantziak, artesania eta beste zenbait elementu bilduko dituzte elkarretaratze horretan ipiniko duten standean. Hirugarren urtez arituko dira bertan euskal erakunde gisa. Klubak, bestalde, datorren irailaren 16rako iragarri du bere Urteroko Biltzar Nagusia, elkartearen egoitzan bertan, Townsvillen.
Basque Club of North Queensland euskal etxe australiarrak ordezkatuko ditu Euskal Herria, euskaldunak eta orohar Townsvillen present dagoen euskal osagaia, bihartik aurrera eta hiru egunez Australia ipar-ekialdeko herri honetan egingo den Cultural Fest izeneko kultur ekimenean. Azoka gisa eta kultura bakoitzak bere stand-a duela antolatzen den urteroko hitzordu honek erakuslehio lana egiten du Townsville eta inguruko biztanleek hobekiago ezagut ditzaten bertako kultur aniztasuneko parte diren talde eta eraginak.

'Kultura edo giza talde bakoitzari dagokion elkarteak edo elkarteek, bat baino gehiago badira, euren stand-a ipini eta barnean arbasoengandik jasotako eta hartutako hainbat elementu erakutsi edota dasta arazten dituzte', azaldu dio EuskalKultura.com-i Josetxo Larrazabal bertako euskal etxeko kide eta aldi berean Australiako Pilota Federazioko presidente den euskaldunak. 'Gure kasuan, betiko euskal sukaldaritza apur bat, mokadu batzuk alegia, euskal jantzi tipikoak eta esku-langintza zerbait erakutsiko ditugu geure standean'.

Bertako euskal presentzia eta partaidetzaren lekuko

Townsvillen egoitza duen Basque Club of North Queensland Australiako hiru euskal etxeetako gazteena da euskal etxe gisa. 2000. urte hamarkadan eman ziren lehenengo pausoak berau osatzeko, nahiz eta Australiako eskualde honetako euskal presentzia XX. mende hasierakoa den, euskaldunak azukre kainabera moztera etortzen baitziren hona. Eusko Jaurlaritzak 2005ean onetsi zuen ofizialki euskal etxea.

Sortu zenetik kulturen jaialdi honetan aritu izan da, azken hiru edizioetan alegia, europar jatorriko beste elkarte batzuen parean --bertako elkarte italiar, greko, eskoziar edo holandesen batera, esaterako-- edota Ozeaniako edo Asiako bazter desberdinetatik hona etorritakoen kultura eta etnien elkarte ordezkariekin, hala nola filipinatarrekin, hinduekin edota papuekin.

North Queensland-eko Euskal Etxeak, bestalde, datorren irailaren 16rako iragarri du urtero egiten duen Biltzar Nagusia, elkartearen egoitzan, Townsvilleko parke eta berdegune politean, Udalak utzi eta euskaldunek egokitutako etxe batean. Bilkuraren ondotik, ohiko elkartasun bazkariari ekingo diote bertaratutakoek.


Lotura interesgarriak

'Basques in Australia'
William A. Douglass-en artikulua Euskonews-en

Townsvilleko Basque Club of North Queensland-en webgunea
www.basqueclubnq.com

Sydney-ko Gure Txoko Basque Club-en webgunea
www.guretxoko.com.au

Bilkura Townsvillen Gernikako bonbardaketaren 70. urtemugarekin bat
2007ko apirilaren 23an EuskalKultura.com-en argitara emana

Bultzada Australiako euskara eskolei
2006ko uztailaren 28an EuskalKultura.com-en argitara emana

Australiako Aberri Egunak
2006ko apirilaren 16an EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskararen Nazioarteko Eguna Sydneyn
2005eko abenduaren 9an EuskalKultura.com-en argitara emana

Townsvilleko Kultura Jaiaren aurreko edizio bat
2005eko abuztuaren 30ean EuskalKultura.com-en argitara emana

Euskal dantza eskolak Australiako Townsvillen
2005eko ekainaren 8an EuskalKultura.com-en argitara emana

Jaurlaritzak Basque Club of North Queensland ofizialki onetsi zuenekoa
2005eko apirilaren 20an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia