euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New Orleanseko Louisiana Basque Society-k Katrina hurakanaren ondorengo lehen ekitaldira deitu du

2007/03/01

Jose María Cundin artista getxoztarra
Jose María Cundin artista getxoztarra

PUBLIZITATEA

Katrina hurakanaren indarrak Nueva Orleans hiriaren aurka jo zuenean 2005eko abuztuaren 29an, Louisiana Euskal Etxeak --Louisiana Basque Society-- ere hartu zuen kolpea. Kide batzuk galdu dira bidean, bateonbat hil da, beste batzuk beste hirietan berregin behar izan dute bizitza. Baina, 'New Orleansek ez du sekula amore ematen' --hala adierazi zion orduan EuskalKultura.com-i elkarteko lehendakariak, Michel-Antoine Goitia-Nicolasek-- eta izpiritu borrokalari horrekin Euskal Etxeak bere aktibitateera bueltatu nahi du, larunbat honetan egingo dutelarik hurakanaren ondorengo lehenengo bilkura. Elkarretaratzea Jose Maria Cundin bazkide berriaren erakusketa baten aitzakian deitu da.

New Orleans, Louisiana, AEB. 2005ean Katrina hurakanak New Orleans hiria urperatu eta birrindu egin zuen, mundu osoko telebista ikusle harrituen begien aurrean. Bi urte eta gero, emeki-emeki, hiriko biztanleak euren etxeak berregin eta eguneroko martxa hartzen hasiak dira. Berdin gertatzen da Louisiana Basque Societyren kasuan. Euskal Etxe gazte honek garapen labur baina indartsua izan zuen, 2003ko ekainean sortu zenetik. Prozesua errotik moztu zen hurakanarekin. Orain, elkarteko lehendakari Michel-Antoine Goitia-Nicolas-ek EuskalKultura.com-i jakinarazi dionez, elkartea berriz ere bilduko da, zorigaiztoko hurakanaren ondoren lehenengo aldiz.

'2005eko abuztuaren 29az geroztik Louisiana Basque Societyk ez du bilerarik egin. Egun hartan gure hiri maiteak Katrina hurakanaren erasoa sufritu zuen. Elkarteko zuzendaritzak nolabaiteko kontaktua mantendu du, baina, egiaz, froga gogorra gainditu behar izan dugu denok. Kide batzuk hilik dira geroztik, beste batzuk beste hiri batzuetara bizitzera joan dira, beste batzuk oraindik ez dute etxerik eta azken batzuk iraunbizitzen ari dira, besterik gabe. Hala ere, larunbat honetan, 2007ko martxoaren 3an, hurakanaz geroztik gure lehendabiziko bilkura egingo dugu', jakinarazi du euskal etxeko lehendakariak.

Euskal artea garai berriari ekiteko

Bilkuraren pizgarria Jose Maria Cundin elkarteko kide berriak egingo duen erakusketa izango da. Jatorriz getxoztarra, Cundinek 42 urte daramatza New Orleansen, eskultore eta margolari jardunean. Erakusketaren izenburua 40 Years Wandering Through the Desert (40 urte basamortuan aldarrai) izango da eta margolari bizkaitarraren lanaren atzerabegirakoa izango da. 'Erakusketaren inaugurazioan bilduko gara, Katrina ondoren Louisiana Basque Society elkartearen lehen bilkura egiteko', dio Goitia-Nicolasek. 'Artea eta euren arbasoen lurra, Euskal Herria, maite dutenei' bileran parte hartzeko gonbitea luzatu die Goitia-Nicolasek 'Estatu Batuetako euskal komunitaterik handienetakoa bihurtzera helduko garen itxaropenarekin'.

Inaugurazioa larunbatean arratsaldeko seietan izango da Bienvenu galerian (518 Julia Street), eta bertan Cundin 1964ean New Orleansen bizitzen hasi zenetik egindako lanen aukeraketa bat izango da ikusgai. Cundin Getxon, Bizkaian, jaio zen 1938an eta Bilboko Arte Ederretako Eskolan ikasi zuen. Kolonbian eta Mexikon ibilia da eta 1958an New Yorkera pasatu zen bere ikasketetan sakontzeko. 1964an heldu zen New Orleansera, harrez gero hiriarekin maitasun istorioa bizi duelarik. Egun Folsom herrian bizi da.

Lotura interesgarriak

Cundinen artelanak, Bienvenu galeriaren web gunean
www.gallerybienvenu.com

M A Goitia-Nicolas, Katrina ostean: 'Inor ez da sufrimenduaz libratu'
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2005eko irailaren 1ean

Louisianako 1. Euskal Topaketa arrakastatsua izan zen
EuskalKultura.com-en argitaratua, 2004ko maiatzaren 5ean

150 lagunetik gora Louisiana lehen euskal topaketan
EuskalKultura.com-en argitaratua, ekainaren 10ean



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia