euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

New England-eko Euskal Etxeak Harvard Unibertsitatean hasi ditu aurtengo euskara eskolak

2014/10/14

Harvard Unibertsitateak besoak zabalik errezibitu diela esan du Gorka Ochoa irakasle arduradunak (Argazkia: NEBC)
Harvard Unibertsitateak besoak zabalik errezibitu diela esan du Gorka Ochoa irakasle arduradunak (Argazkia: NEBC)

PUBLIZITATEA

Portsmouth-etik Boston-era mugitu ditu euskara eskolak New England-eko Euskal Etxeak eta aurrerapausotzat jo du aldaketa hori Gorka Ochoa irakasle arduradunak. “Jende gehiago dago hemen eta ikasleen adina antzekoagoa da”, esan dio Euskalkultura.com-i. Hamabi ikaslek hasi dute ikasturtea: sei hasiberrien taldean eta beste sei lehenagotik zerbait zekitenenean. Bigarren taldearekin dabil lanean Ochoa eta, hasiberriekin, Kattalina Berriochoa.

Boston, AEB. Larunbatetan, goizeko 10:30etatik 12:30era bitartean dira eskolak talde bientzat; astean bi ordu. Eta fisikoki, Rola Akademiatik Harvard Unibertsitateko gela bitara mugitu dira. “Portsmouth-en errazagoa zen leku finko bat topatzea Bostonen baino. Rola Akademian arazo batzuk izan genituen eta orain, unibertsitatean, askoz hobeto egongo garela uste dut”, adierazi du Ochoak.

Euskara Munduan programako materiala erabiltzen dute, Gaztemunduko ikasle ohia den arduradunaren berbatan. Elkarrizketan oinarritzen dituzte bi irakasleek beren eskolak, “entretenigarriak egiteko”. Gainera, Berriochoak zazpi eta hamaika urteko bi ume ere baditu hasiberrien taldean, bere aitarekin batera eskoletara doazenak. “Interesa daukate eta, nahiz eta batzuetan atentzioa galtzen duten, ondo dabiltza”, esan digu.

Etxerako lanik ez bidaltzea deliberatu dute maisu eta andereñoek, “denek egiten ez badituzte, klasean maila desberdinak sortzen direlako”. Baina biek ala biek gura dute eskoletan ikasitakoa praktikan jartzea. “Helburua euskara erabiltzea da. Horregatik, urtean zehar antolatzen ditugun ekitaldietan euskaldun zaharrekin euskaraz egitera animatzen ditut ikasleak”, adierazten du arduradunak.

Irakasle gisa, esperientzia gehiago du Ochoak Berriochoak baino. Euskara ere lehenagotik daki. Baina, Kattalinak azpimarratu duen legez, “ni oraindik ikaslea izanik eta, gainera, amerikarra izanik, uste dut ondo uler ditzakedala ikasleak, beren dudak eta beren ardurak”. “Urtea ona datorkiguna pentsatzen dut”, bukatu du Ochoak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia