euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako Unibertsitateak William A. Douglass Distinguished Scholar Award beka eskatzeko epea ireki du

2008/12/19

William A Douglass euskaltzale iparamerikarra (argazkia DNN)
William A Douglass euskaltzale iparamerikarra (argazkia DNN)

PUBLIZITATEA

Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak (Center for Basque Studies-CBS) 2009-2010 ikasturteko 'William A. Douglass Distinguished Scholar Award' beka eskatzeko epea ireki du. Beka hau 2005. urtean sortu zuten unibertsitateak eta Eusko Jaurlaritzak, 'Center For Basque Studies' sortu eta urte askotan zuzendu zuen Wiliiam A. Douglass antropologo eta euskaltzalearen omenez. Edizio berri honetan zentroak euskal historian aditu bat bilatzen du, bere ikerketak Estatu Batuetako unibertsitate honetan egin ditzan. Eskabideak bildatzeko epea datorren abenduaren 31an bukatuko da.

Reno, Nevada, AEB. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroak euskal kulturako arlo desberdinetan ikerketak sustatzeko asmoarekin sortu zuen William A. Douglass Distinguished Scholar Award beka. Honen bidez euskal kulturan aditu batek iparamerikar zentroan urtebete ikerketak egiten igarotzeko aukera izaten du. Beka eskatu nahi dutenek Euskal Ikasgaien arloren batean adituak izan behar dute eta ikerketa munduan ibilbide emankorra eta arrakastatsua izan. Bekaren bidez arlo desberdinetako ikerketak egingo direla ziurtatzeko CBS-ak urtero gai desberdin bat aukeratzen du: edizio honetan Euskal Historia. 

Unibertsitatean egonaldia 2009ko irailaren 1ean hasi eta 2010eko uztailaren 31a arte luzatuko da eta denbora honetan beka jasotzen duen adituak bere jakinduria arloko ikerketa bat osatu beharko du. CBS-ak ikerketa hori argitaratu egingo du ondoren. Ikertzaileak, gainera, CBS-ak urtero antolatzen duen nazioarteko mintegian ere parte hartuko du. Era berean, bekadunak Renoko Unibertsitateko bizitza akademikoari bere partaidetza aktiboaren ekarpena egingo dio. CBS-ak, bere aldetik, bulego bat eskainiko dio ikertzaileari, etxea eta hileroko gastuentzako diru poltsa.

Beka eskatu nahi dutenek egin nahi duten ikerketaren azalpen laburra (gehienez bi orri, eta ahal dela ingelesez) bidali beharko dute, CV-arekin eta erreferentziak emango dituzten bi pertsonen izen eta helbideekin batera helbide honetara:
 
Kate Camino (kcamino@unr.edu)
Center for Basque Studies
MS/2322, University of Nevada
Reno, Nevada 89557‐2322

Eskabideak bidaltzeko epea abenduaren 31an itxiko da. Eskabideak e-mailez  (basque@unr.edu), fax bidez (00-1-775‐784‐1355) edo postaz bidali daitezke. Edozein zalantza argitzeko, deitu Aukeraketa Batzordeko burua den Joseba Zulaika irakasleari, 00-1-775‐784‐4854  telefonora edo bidali e-maila hona: zulaika@unr.edu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia