euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevadako CBSek euskara ikasi nahi duten ingelesdunentzat Morris Compact hiztegia argitaratu du

2011/03/10

CBS-Morris Compact hiztegia
CBS-Morris Compact hiztegia
Euskara-Ingelesa, Ingelesa-Euskara hiztegi berri bat plazaratu du Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies (CBS) erakundeak Michael 'Mikel' Morris hizkuntzalari eta irakaslearekin batera. Morris aspalditik Zarautzen bizi den coloradotarra da eta aurretik ingelesa ikasten ari diren euskaldunei zuzenduriko beste hiztegi baten egilea ere bada. Hiztegi berri hau, aldiz, euskara ikasi nahi duten ingelesdunei zuzendua da eta euskal kultura eta gramatikari buruzko oharrak eta azalpenak biltzen ditu.

PUBLIZITATEA

Zarautz, Gipuzkoa. Nevadako Unibertsitateko CBSek eta Morris Academy Press argitaletxeek CBS-Morris Compact hiztegia eman dute duela gutxi argitara. Hiztegia euskara ikasi nahi duten ingelesdunei zuzendua da eta bertan, Euskara-Ingelesa; Ingelesa-Euskara ataletan, 80.000 hitz eta erreferentzia kontsulta ditzake irakurleak.

Hiztegiak euskal kulturari buruzko oharrak eskaintzen ditu, eta Euskal Gramatika atal sakona du, ingelesez azaldua. Horrez gain, gutunak idazteko gidak, zenbakiak, aditz taulak eta beste gehigarri batzuk ere baditu. "Euskara ikasi nahi duten ingelesduna hartzen du haintzat: hizkuntza ikasten ari diren bateko eta besteko ikasleak, Estatu Batuetako euskaldunak, hizkuntzalariak eta abar luze bat", azaltzen du Michael Morris egileak.

Coloradoko zarauztarra

Morris Coloradon jaioa da, baina munduko hainbat herrialdetan bizi ondoren, orain dela 40 urte Euskal Herrira etorri eta bertan ezkondu eta gelditu zen. Hizkuntz akademia bat zuzentzen du Zarautzen. Orain argitaratu den hiztegiaren aurretik, Euskera-Ingelesa beste hiztegi bat ere egin zuen, Morris Student Pocket Plus izenekoa.

"Morris Pocket Plus-en helburua euskaldunei laguntzea da, hau da, ingelesa ikasi nahi duten euskaldunei. Bertan ingelesdunen kulturari buruzko oharrak daude eta Ingeles Gramatika atal handia, dena euskaraz azalduta", aipatzen du.

CBS-Morris Compact hiztegia Center for Basque Studies-eko sareko liburudendan dago salgai, 26 dolarreko prezioan. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia