euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nevada-Reno Unibertsitateko William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroak bereganatu du 2017ko ENE Saria

2017/12/03

Nevada-Renoko William A. Douglass Center for Basque Studies eta, harrera-egile, Kate Camino (arg. EuskalKultura.com)
Nevada-Renoko William A. Douglass Center for Basque Studies eta, harrera-egile, Kate Camino (arg. EuskalKultura.com)

William A. Douglass Euskal Ikasketa Zentroak bereganatu du 2017ko ENE Saria, errekonozimenduaren antolatzaile den Eusko Ikaskuntzak adierazi duenez, Saria gainera 50 urte betetzen ari den urtean heldu zaio Nevada-Renoko Unibertsitateko parte den zentroari. "Biba gu eta gutarrak, zer ohorea gure 50. urteburuan, mila esker bero bat deneri", idatzi zuen Facebook-en berria jakindakoan Kate Camino zentroko bulegoko korrdinatzaileak.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Eusko Ikaskuntzak ohar batean jakinarazi duenez, Estatu Batuetako erakunde akademiko honek "lan izugarria" egin du duela mende erdi sortu zutenetik euskararen eta euskal kulturaren alde. Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroa (CBS) "euskal kulturaren ikur esanguratsu" dela nabarmendu du, azpimarratuz William A. Douglass antropologoak eta Jon Bilbao bibliografoak sortutako baliabide honek Euskal Herritik kanpo euskal kulturari buruzko liburu bilduma handiena osatu duela Estatu Batuetako euskal emigrazio eremu izan zen eskualde hartan.

ENE Sariaren 12. edizioa

Eusko Ikaskuntzak 2006an abian jarri zuen sari berezi hau munduan zehar euskal hizkuntza eta kulturaren mesedean lan jarraia egiten ari diren erakundeen lanen aitortza egin, ikusgarritasuna eman eta aurrera jarraitzeko bultzada emateko xedez. ENE Sariaren garaikurra Nestor Basterretxea artistak diseinatutako anagrama eskultoriko baten erreprodukzio bat da.

1949an aldarrikatu zuen Eusko Ikaskuntzak Euskararen Nazioarteko Eguna (ENE), euskal hizkuntzaren unibertsaltasuna mundu zabalera adierazteko. 

Ondorengoak dira ENE Sariaren orain arteko saridunak:

2017: William A. Douglass Center for Basque Studies, UNR (Estatu Batuak)
2016: Euskal Echea Kultura eta Ongintza Elkartea (Argentina)
2015: Associazione Culturale Euskara. Erroma (Italia)
2014: Gernika Deusch - Baskischer Kulturverein. Berlin (Alemania)
2013: Euskaltzaleak - Escuela de Lengua Vasca. Buenos Aires (Argentina)
2012: Unión Vasca Euskal Etxea. Bahía Blanca (Argentina)
2011: Hogar Vasco - Euskal Etxea. Madril (Espainia)
2010: Sustraiak - Erroak Elkartea. Paris (Frantzia)
2009: The North American Basque Organizations federazioa (Estatu Batuak)
2008: Eskualdunen Biltzarra­ - Association des Basques. Bordele (Frantzia)
2007: Bartzelonako Euskal Etxea. Bartzelona (Katalunia)
2006: Artaburu Euskaltzale Elkartea. Mar del Plata (Argentina)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia