euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Neuquengo euskal jatorriko lagun talde batek Comahue-ko Euskal Etxea sortzeko ‘afari informatiboa’ egingo du

2016/02/11

Comahueko Euskal Etxea sortzeko aurrekaria: lehenengo barne-bilera prestatzaile 2015eko azaroan (argazkia EuskalKultura.com)
Comahueko Euskal Etxea sortzeko aurrekaria: lehenengo barne-bilera prestatzaile 2015eko azaroan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hitzordua datorren otsailaren 20an izango da Patagonia argentinarreko Neuquen probintzian eta gonbitea bertako hiriburuan eta inguruan euskal sustraiak dituen jendeari. baina batez ere euskal etxeko lagun eta bultzatzaile izan nahi duen edozein pertsonari dago zuzenduta. Lehenengo bilera honetan bildutakoek nondik norakoak, zer nolako erakundea nahi duten adostuko dute. Behin norabidea hartuta, aurkezpen jairako deia egingo dute, martxoaren 26an.

Neuquen, Argentina. Durangokoa da Rafa Molina proiektuaren asmatzaile eta bultzatzaile etengabea. Duela bost urted anik bizi da Argentinako txoko honetan eta saiatu da bera lehenagoko euskal etxe bat, duela urte ugari aktibitaterik gabe dagoen Comahueko Zazpirak Bat Euskal Etxeko kideekin harremanetan jartzen baina zorte handirik izan ez zuelarik, zerotik hastea erabaki zuen, honek dakartzan aldeko eta kontrako puntu guztiekin..

Ondo asko dakienez, ez da pertsona batentzako lana euskal etxe bat sortzea eta lan handia egin du azken hilabeteotan jendea bildu eta animatzen. “Hiru bilera egin ditugu orain arte”, azaldu dio EuskalKultura.com-i; “oraingo hau, ordea, garrantzitsuena izango da zer nolako erakunde eraiki nahi dugun adostuko dugulako. Nik neuk oso argi daukat, euskal kulturaren adierazpen guztiak biltzen dituen euskal etxe bat nahi dut, baina denok adierazi behar dugu zer nahi dugun eta nola lortuko dugun”.

Molinak luzatutako deialdian erakundearen helburuak era argi batean aipatzen dira: “Batzuentzat, espero zuten aukera izango da; beste batzuentzat, identifikazio sentimendu bera daukatenekin elkartzeko momentua; eta baten batek sentituko du distantziak laburtzeko era bat dela, herriminari aurre egiteko. Nolanahi ere, seguru bakoitzak zeozer daukala jartzeko sortu nahi dugun Comahue-ko Euskal Etxean. Ez da noraezeko bidaia; hauek gure lehenengo urratsak dira baina helburua zein den argi daukagu: euskaltasunaren sentimendua dutenentzako topaleku bat sortzea. Zertarako? Ospatzeko, gure ametsak betetzeko, gure kulturaz gozatzeko, lagunekin biltzeko…”.

Afari-informatiboa otsailaren 20an izango da, gaueko 9:30etan,  Republica de Italia kaleko 652. zenbakian. Pauso hori eman ondoren, Euskal Etxearen aurkezpen jaia egingo dute kideek martxoaren 26an. Udaletxeko areto batean egiteko asmoa dute neuquendarrek, beste euskal etxeren bateko dantza talde bat lagun. Informazio gehiago lortzeko edo antolatzaileekin kontaktuan jartzeko, taldea badu Euskal Etxeak Facebooken, euskal etxea del comahue izenpean.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia