euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Neuquengo ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeak Limay ibaiaren ertzean ospatu zuen Aberri Eguna

2017/05/15

 ‘Baskos de la Confluencia’ elkartearen Aberri Eguna
‘Baskos de la Confluencia’ elkartearen Aberri Eguna

Egun osoko txangoa antolatu zuten 2017ko Aberri Eguna ospatzeko ‘Baskos de la Confluencia’ Euskal Etxeko kideek. Ateraldia Limay ibaiaren ertzean dagoen China Muerta parajera izan zen eta bertako baserri batean euskal herritarren eta argentinarren ohitura kutunenak partekatu zituzten bildutakoek, esan nahi baita bazkari eder bat eta bazkalosteko kantaldia.

PUBLIZITATEA

Neuquen, Argentina. Euskal Etxeari izena ematen dion ‘Confluencia’ eskualdea Euskal Etxeko kideen erreferentzia leku ere bihurtzen joan da. Izan ere, elkarteak antolatzen dituen ateraldiak Limay, Neuquen eta Negro ibaien elkargunera izaten dira, kideak 'euskal' giroan biltzearekin batera, bertako naturaz eta paisaiez gozatu ahal izan dezaten..

Helburu hauei beste bat gehitu zieten ‘Baskos de la Confluencia’ko arduradunek apirilaren 30ean: Aberri Eguna ospatzea. Euskal Etxeak deiturik 30 bat lagun bildu ziren Limay ibaiaren ertzean dagoen China Muerta parajera. Eguneko programa ibilaldi batekin hasi zen eta paseoa bukatu eta gero parajeko chacra edo baserri batean bildu ziren lagunak bazkaria prestatu eta jateko. “Menu ezin hobeaz gozatu genuen”, kontatu digu elkarteko lehendakari Oscar Mendiberrik. “Etxeko euskal odolkiak, txorizoa sagardo erara eta txerri errekia. Topa egiteko momentuan Patagoniako mutur honetatik bat egin nahi izan genuen Aberri Egunarekin –nahiz eta aste pare bat atzeratuta ospatu– eta euskal jatorriko jendearen artean egon gorde eta areagotu behar ditugun loturengatik egin genuen topa. Euskal kulturaren enbaxadore gara eta lan horri gustura eta aniztasuna errespetatuz eutsi behar diogu”, adierazi du Mendiberrik.

Bazkalostea iluntzeraino luzatu zen eta mate erronda batean bilduta folklore argentinar abesti tipiko batzuk abestu zituzten bildutakoek gitarrak lagunduta. Gazteak ere batu ziren taldera.

“Berriro ere janaria aitzakia edo lagungarri polita izan genuen elkartzeko eta mahai on baten inguruan une eder bat pasatzeko. Janaria ere bada kultura transmititzeko elementu bat eta horri ere eusten diogu gure euskal nortasuna indartzeko”, hausnartzen du ‘Baskos de la Confluencia’ko presidenteak. 


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia