euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Neuquenek Viedmari pasatuko dio lekukoa eta Aberri Etxea izango da irailean Patagoniako EEen 4. Topaketako anfitrioi

2017/05/04

Patagoniako Euskal Etxeen 3. Topaketan parte hartu zuten lagunak
Patagoniako Euskal Etxeen 3. Topaketan parte hartu zuten lagunak

PUBLIZITATEA

Loturak sendotzeko aukera eman die eskualdeko sei hiritako ordezkaritzei, Neuquen hirian egindako Patagoniako Euskal Etxeen 3. Topaketak. Bi egunetan zehar, sei euskal etxeetako ordezkariek hitzaldi, txango eta zine emanaldietan hartu zuten parte, baita dantzariek animatu zuten despedida afarian ere. Iaz bezala, aurten ere bi bilera egiteko asmoa daukate euskal etxe patagoniarrek. Hurrengoa, Viedma eta Carmen de Patagones-ko Aberri Etxeak antolatuko du, iraileko azkeneko asteburuan.

Neuquén, Argentina. Apirilaren 28 eta 29an izan zen Neuquenen, Patagoniako Euskal Etxeen 3. Topaketa, partaide zirela Viedma eta Patagonesko Aberri Etxea, Comodoro Rivadaviako Euskal Echea, Barilocheko Mendiko Eusko Etxea, San Martín de los Andesko Euskal Txokoa eta Neuquen bertako Comahueko Euskal Etxea. FEVAren partaidetza Hugo Andiazabal lehendakariaren eskutik etorri zen eta bileran izan zirenen artean, Mikel Ezkerro eta Euskal Zine Ibiltariko arduradun diren Carlos Gabilondo eta Norma Carrizo ere aipatu behar dira.

Aktibitatez betetako bi egun bizi izan zituzten euskal etxeetako ordezkariek Neuquenen. Ostiralean prentsaurrekoa eta euskal etxeen tailerrak egin ziren Neuquengo Udaletxean. Gogora dezagun Topaketa, Udal eta Probintzi interesekoa izendatu zutela. Zine emanaldia ere eskaini zen; Gernikako Bonbardaketaren 80. Urterrenaren baitan, Alain Resnais eta Robert Hessens zuzendarien Guernica (1950) laburmetraia eta Egoitz Rodríguez Olearen Zerutik sua dator (2011) dokumentala aurkeztu zituen Carlos Gabilondok.

Larunbatean, ibilbide turistiko batekin hasi zen eguna eta arratsaldean Hugo Andiazabalen eta Mikel Ezkerroren hitzaldiak segitu zituzten bildutakoek. Iluntzean euskal zineaz gozatu ziren, kasu honetan Koldo Serraren Gernika pelikularekin. Topaketari amaiera emateko, euskal afaria antolatu zuten anfitrioiek bisitarien laguntzarekin. Izan ere Comodoro Rivadaviako Euskal Etxeko sukaldaria den Edu Vergel arduratu zen menuaz eta Comodoro, Viedma-Patagones eta Barilocheko dantzariek alaitu zuten gaua euren koreografiekin.

Behin Topaketa bukatuta, balantze ezin hobea egin zuten antolatzaileek. “Bikain atera da; euskal etxeen bileran, barruko funtzionamenduarekin erlazionatuta dauden hainbat puntu adostu ditugu eta helburu berriak jarri ditugu. Gure lehentasuna Patagonian egiten diren euskal ekitaldiak indartu eta babestea da”, adierazi dio Comahueko Euskal Etxeko lehendakari Manu Molinak EuskalKultura.com-i.

Topaketan laugarren bileraren data eta lekua ere adostu zituzten. Iraileko azkeneko asteburuan izango da, Viedma eta Carmen de Patagonesen, bertako Aberri Etxea Euskal Etxea antolatzaile.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia