euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necochean dira Euskal Herritik 'Hator Hona' programan parte hartuko duten zazpi gazteak

2009/07/27

Irudian Aitziber Iraola, Gorka Segurola, Jon Basaguren, Andrea Losada, Jone Arriolabengoa, Iratxe Garrido eta Leire Saldias Necocheako Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kideekin
Irudian Aitziber Iraola, Gorka Segurola, Jon Basaguren, Andrea Losada, Jone Arriolabengoa, Iratxe Garrido eta Leire Saldias Necocheako Euskal Etxeko zuzendaritza taldeko kideekin
Necochean dira aurtengo 'Hator Hona' programako zazpi partaideak. Euskal Etxean euskal kultura tailerrak ematen ari dira Aitziber Iraola, Gorka Segurola, Jon Basaguren, Andrea Losada, Jone Arriolabengoa, Iratxe Garrido eta Leire Saldias. Uztailaren 18an iritsi ziren Euskal Herriko zazpi gazteak eta bertan izango dira dantza, kirola, musika eta euskara irakasten abuztuaren 9ra arte. Gazteei ongietorria emateko Euskal Etxeko kide eta zuzendaritzakoek jai berezi bat eskaini zieten.

Necochea, Argentina. Uztailaren 18an iritsi ziren Necocheara Euskal Herritik 'Hator Hona' programan parte hartzen ari diren zazpi gazteak. Euskal Etxekoek harrera beroa egin nahi izan zieten ongietorri jai berezia antolatuz. Dantzariek erakustaldia egin zuten eta musikak bere lekua izan zuen ospakizunean ere.

Euskal Etxeko dantza taldekoek ongietorria egin zieten Euskal Herriko gazteei

[Euskal Etxeko dantzariek ongietorri berezia egin zieten Euskal Herriko gazteei]

Euskal Herritik iritsitako zazpi gazteak

[Irudian Euskal Herritik iritsitako zazpi gazteak Necocheako Euskal Etxean egindako harreran]

Duela hilabete batzuk, Necocheako Euzko Etxea-ko kideek seigarren urtez zabaltzen zuten 'Hator Hona' ekimenean parte hartzeko deialdia. Honetan izena emandako guztien artean, aukeraketa bat egin eta hauek dira egun hauetan dantza, euskara, musika eta kirol tailerrak Necochean ematen ari diren gazteak: Aitziber Iraola, Gorka Segurola, Jon Basaguren, Andrea Losada, Jone Arriolabengoa, Iratxe Garrido eta Leire Saldias.

Dantza klaseak Leire Saldias eta Iratxe Garridorekin

[Irudia Iratxe Garrido eta Leire Saldiasek Necochean eskainitako lehen dantza eskolari dagokio]

Aitziber Iraola eta Jon Basaguren euskara eskolak emetan dituzte Euskal Etxean

[Aitziber Iraola eta Jon Basaguren euskara tailerraren arduradunak dira ekimen honetan, argazkia Euskal Etxean egindako lehen klaseari dagokio]

Necocheako Euskal Etxeak 2004. urtean abian jarri zuen lehenengoz Euskal Herriko eta Argentinako gazteen arteko programa hau. Ekimenak bi komunitateen arteko harremanak indartu eta sustatzea du helburu. Aldi berean honek, Argentinan euskal kultura mantentzen eta biziberritzen lagundu dezan nahi dute antolatzaileek.

Euskal Herriko gazteek Necochearainoko bidaia ordaintzen dute, eta Necochean dauden bitartean bertako euskal familiek hartzen dituzte euren etxeetan. Parte hartu ahal izateko baldintzak honakoak dira: 18 eta 30 urte bitartekoa behar da izan eta euskara, euskal musika, dantza, gastronomia edo kiroletan ezagutzak izan. Antolatzaileek ez dute titulu zehatzik eskatzen baina bai esperientzia, ezagutza batzuk eta, modu berezian, bakoitzak dakiena partekatzeko eta erakusteko gogoa erakustea. 

Abuztuaren 9an bukatuko da Euskal Herriko partaideentzat egonaldia eta beraz, euskara ikasi edota dantzan trebatzekoa asmoa duten Necochea ingurukoek, bertako Euzko Etxea-ra egunotan gerturatu beharko dira gazte hauek ezagutzeko parada galdu nahi ez badute behintzat.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia