euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako gazteek Euskal Herrian dantzatuz eskertu zuten Hator Hona programan ibili direnen ekarpena

2008/09/30

Necocheako gazteak Euskal Herriko lagunekin Loiolako San Inazio Basilikan (argazkiak I.Bilbao)
Necocheako gazteak Euskal Herriko lagunekin Loiolako San Inazio Basilikan (argazkiak I.Bilbao)
Aurtengo uztailean eta lehen aldiz, Euskal Herrian bildu dira 2004az geroztik Hator Hona programan Argentinarako bidaiatutako gazte euskaldunak eta Necochean hartu zituzten euskal-argentinarrak. Edizio bakoitzean Euskal Herriko hamar bat neska-mutilek Necochearaino heldu ziren, bertako euskal etxean euskara, dantza, pilota, txalaparta... erakusteko Necocheako gazteei. Egonaldi horietan sortu ziren adiskidetasun eta harreman estuak ekimenaren arrakastaren seinale bihurtu dira. Joan den uztailean euskal etxeko hartako hogei bat neska-mutilak euren ametsa bete eta Euskal Herrira etorri ziren, Gazte Alai dantza talde gisa erakustaldiak eman eta euskal lagunekin berriz topatzeko.

Hernani, Gipuzkoa. Hernaniko kaleetan doinu argentinar eta euskaldunen arteko nahasketa bitxia entzun da aurtengo uztailean, Necocheako Euskal Etxeko 23 dantzari argentinar gazteen bisita medio. Taldearen buru Maite Bilbao necocheatarra  --duela urte batzuk Hernanin bizi da bera-- eta bere anaia Iñaki ziren. Neba-arrebek Euskal Herritik lagundu zuten gazte hauen ametsa betetzen: arbasoen lurra ezagutzeko aukera izatea.

Bisita honetan baina, anfitrioi lanak egin dituzte ere 2004az geroztik Necocheara Hator Hona truke ekimenaren bidez joan ziren gazte euskaldunek. Programa honen barruan Euskal Herriko gazteek Argentinara bidaia egiten zuten, Necocheako gazteei dantza euskara, pilota...  irakasteko. 'Baina programa honen alderik onena Necocheako gazteentzat Euskal Herriko gazteekin harreman zuzena izateko aukera zen', azaltzen du Maite Bilbaok. Ekimenaren barruan asmoa argentinar gazteek bisita hau bueltatzea zen, baina arazo ekonomikoak direla medio ezinezkoa izan da, aurten arte.

 Necochea Hator Hona Euskal Herria 2008 2
[Necocheako dantzariek Euskal Herrian egin dituzten emanaldien collage bat]

Aurten, azkenik, gazteek bidaia antolatu ahal izan dute, hein handi batean denak Euskal Etxeko Gazte Alai taldeko dantzariak direlako. Hernaniko basetik gazteek dantza erakustaldiak egin dituzte Euskal Herriko hainbat tokitan: Azpeitia, Oiartzun, Legutio, Villabona, Hernani, Lemoa, Zeanuri eta Etxarri-Aranatz izan dira horietako batzuk.

Necochea Hator Hona Euskal Herria 2008 3
[Dantza emanaldiez gain gazteek herri kiroletan trebezia erakusteko aukera ere izan dute]

'Harrera oso ona egin digute eta leku asko ezagutu ditugu emanaldiei esker', azaltzen du Maite Bilbaok. 'Jendea harritu egiten zen, 'Jo, Argentinatik etorri eta ze ondo dantzatzen dituzten euskal dantzak!' esaten zuten batzuk'. Dantza erakustaldien unerik berezienetako bat Ezpatadantzarena izaten zen, Maiteren esanetan, ikusleak asko hunkitzen zituelako gazte argentinarrak 'Eusko Gudariak' kantatzen entzutea. 'Eta nahiz eta turismoa eta jaiak egin ditugun, gazteek profesionaltasun handiz eta oso serio hartu dute dantza egitea, ordaindu egiten zigutelako, eta horri esker izan delako posible bidaia hau antolatzea'.

Necochea Hator Hona Euskal Herria 2008 4
[Egonaldi honetan bidaia asko egin dituzte gazte necocheatarrek. Irudian Donostian autobusaren zain]

Gazteentzako bidaia zinez gogoangarria izan da, haietako bik bakarrik ezagutzen zutelako aurretik Euskal Herria. 'Gehienek ezin zuten sinistu ere egin hemen zeudela', aipatzen du Maitek. Sustraiak aurkitu edo lehen aldiz ezagutzeaz gain, gazteek denbora luzez gordeko duten beste oroitzapen nagusia behin Necochean Hator Honarekin agertu ziren lagunekin biltzearena izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia