euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euzko Etxeak bere 72. urteurrena, Aberri Eguna eta Korrika ospatu zituen joan den asteburuan

2017/04/20

Euzko Etxeako korrikalariak Necocheako kaleetan
Euzko Etxeako korrikalariak Necocheako kaleetan

Hiriko euskal kolektibitatearentzat egutegian gorriz datozen hiru ekintza ospatu zituen Necocheako Euzko Etxeak joan den asteburuan. Aktibitateen programa larunbat arratsaldean hasi zen ‘Bertso Pilota’ ikuskizunarekin eta igande iluntzean bukatu, Aberri Eguneko ospakizunekin. “Euskal giro ederra gailendu zen ekintza guztietan asteburu osoan zehar”, adierazi dute euskal etxe necocheatarretik.

PUBLIZITATEA

Necochea, Argentina. Euskal Herritik etorritako gonbidatu bereziak izan zituen Necocheako Euzko Etxeak bere 72. urtebetetze jaian . Izan ere, asteburuko programaren lehenengo aktibitatea handik etorritako protagonistak izan zituen: Oihana Iguaran eta Beñat Gaztelumendi bertsolariak, eta Iker Urmeneta, Iñaki Lizaso, Arkaitz Esnaola eta Eneko Aizpitarte pilotariak. Ekain Ormazabal aurkezle. Euskal etxera bildutakoei eskaini zieten ‘Bertso Pilota’ ikuskizuna interesez segitu zen eta partida borrokatu baten ostean, ‘berdeak’ izan ziren irabazle.

Bapateko bertsoez eta kirolaz gozatu ondoren, urtebetetze afaria egin zen larunbatean Euzko Etxearen baitango Sukaldaritza Elkartean. Eta Aberri Egunaren bezpera izanik, etxeko menua, musikak eta kantuak akuilu izan ziren korrikalariei igande goizean euskararen aldeko Korrika egiteko animatzeko orduan.

“Nahiz eta Korrika Euskal Herrian apirilaren 9an bukatu zuten, guk erabaki genuen Aste Santura ekartzea, asteburu horretan Necocheatik kanpo bizi diren gazteak etxeratu egiten direlako eta eurak nahi izaten dutelako parte hartu". "Asmoa zen lasterketa larunbatean egitea, baina oso eguraldi txarra izan genuenez, azkenean beste egun bat atzeratzea eta igandera pasatzea erabaki genuen. Eguraldiak ez zuen Korrika eragotzi eta igandean, ibilbide laburrago batez, baina sentimendu biziz egin genuen korrika”, adierazi dio Eusko Etxetik Arantxa Zubillagak EuskalKultura.com-i.

Igandean Aberri Eguneko meza egin zen Santa Maria del Carmen Parrokian. Eta egitarauari jarraituz, elizkizunaren ostean omenaldia egin zen Gernikako Arbolaren kimuaren aurrean. Dantzariek Aurresku dantzatu zuten; Euzko Etxeko lehendakari Juan Antonio Alustizak hitz batzuk jendaurretu zituen; eta zeremoniari amaiera emateko, bildutako lagunek, aho batez, ‘Gernikako Arbola’ kantatu zuten. Urteurrenaren ospakizuna igandeko txikiteoarekin bukatu zen.

“Asteburu osoan giro ederra gailendu zen. Eta azpimarratu nahi dugu Euskal Herritik etorritako euskal bertsolari eta pilotariak ekitaldi guztietan hartu zutela parte euren hurrengo geltokira, Bahia Blancara abiatu aurretik”, azaldu du Zubillagak.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia