euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Necocheako Euzko Etxea-ko euskaldunek Gernikako kimuaren ondoan ospatu zuten Aberri Eguna

2010/04/07

Euzko Etxea-ko lehendakari Felipe Muguerzak hitz batzuk esan zituen Necocheako Aberri Egunaren ospakizunean
Euzko Etxea-ko lehendakari Felipe Muguerzak hitz batzuk esan zituen Necocheako Aberri Egunaren ospakizunean

PUBLIZITATEA

Urtero eta mota askotako ekintzak garatuz ospatzen da Diasporan zehar Aberri Eguna. Euskal etxeetako kideek Euskal Herriarekiko maitasun eta engaiamendua berritzeko hartu ohi dute egun hau. Kasu askotan kalera ateratzen dira, herritar guztiek euren aldarrikapenak ezagun ditzaten. Joan den apirilaren 3an, Necocheako Euzko Etxeak hiriko Dardo Rocha Plazan, Gernikako kimuaren ondoan, bildu zituen bere bazkide eta lagunak Aberri Eguneko ekitaldia gauzatzeko. Etxeko dantzariek omenezko dantza batez abiatu zuten elkarretaratzea eta horren ostean, erakundeko lehendakari Felipe Muguerza solastu zen euskal egutegian hain garrantzitsua den data honi buruz: 'Aberri Egunak nor garen adierazten du; euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak gara eta harro gaude horrek esan nahi duenaz', esan zuen.

Necochea, Argentina. Meza batekin hasi zen joan den larunbatean, apirilaren 3an, Aberri Egunaren ospakizuna Necocheako Euzko Etxea-ko kideentzat, data ofizialaren bezperan beraz. Bertako euskal komunitateak Nuestra Señora del Carmen parrokian egin zituen Bazko elizkizunak; ondoren Dardo Rocha Plazara, Gernikako kimua dagoen tokira, bertaratu ziren lagunak Aberri Egunaren ekitaldian parte hartzera. Ikurriñez inguratuta, euskal etxeko dantzariek pieza bat dantzatu zuten Euskal Herriko kultura tradizionalean hain presentzia sinboliko esanguratsua duen artea erakusteko.

Lehenengo txaloekin giroa berotuta, Felipe Muguerza Necocheako Euzko Etxea-ko lehendakaria Aberri Egunaren esanahiaz mintzatu zen: "Aberri Egunak nor garen adierazten du; euskaldunak eta euskaldunen ondorengoak gara eta harro gaude horrek esan nahi duenaz, gure nortasuna ukatua izan den arren behin baino gehiagotan. Esanguratsua da oso, jai hau Berpizkunde Igandean izatea, 1932an Luis Aranak egun hau aukeratu baitzuen lehenengo Aberri Eguna ospatzeko. Berpizkunde Igandean jaio edo birjaiotzen da Euskal Herria, Euskal Herriaren berpizkundea da hau, inoiz akabatu ez duten sentimendu baten berpizkundea', aldarrikatu zuen Muguerzak.

Hitz hauen ondoren, bildutako jendeak Gernikako Arbola abestu eta krabelin sorta bat utzi zuen kimuaren ondoan. Zeremonia bukatuta, euskal etxearen egoitzan elkartu ziren Necocheako ohiko brindis abertzalea egiteko.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia