euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” Bruselan ikusgai irailaren 27ra arte

2018/09/20

Navarrorum erakusketa Iruñean estreinatu zenean
Navarrorum erakusketa Iruñean estreinatu zenean

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. "Navarrorum. Euskararen gaineko dokumentu nafarren bi mila urteko ondarea” izeneko erakusketa Bruselako Eskualdeetako Komitera ekarri du Nafarroako Gobernuak, Hizkuntzen Europako Eguna testuinguru. Erakusketa dokumental honek euskal hizkuntzak Antzinako Erromatik XIX. mendera arte izan duen agerpena jasotzen du eta irailaren 27ra arte bisitatu ahal izango da hiriburu europarrean.

Antso VI.a Jakituna errege nafarrak sinatu zuen euskarari "lengua navarrorum" (nafarren hizkuntza) esaten zion dokumentua eta hura idatzi zeneko 850. urteurrena betetzen denean egingo da erakusketa, Nafarroako Gobernuaren eskutik, Peio J. Monteano historialari, soziologo eta artxibozaina komisario.

Erakusktara bildu diren dokumentuak sei bloketan bilduta daude, gaika, eta hizkuntzari buruzko lekuko historikoen bilakaera berari erantzuten diote: lehen aldia - Antzinako Erroma eta "mende ilunak" deitzen dituztenak-, non ia ez dagoen euskararen arrastorik beste hizkuntza batzuetan idatzitako testuetan; bigarren aldia, non, testuetan, lehendabizi, iruindarren, eta gero, nafarren hizkuntza gisa aipatzen duten; hirugarren aldia, non euskaraz idazten den; eta laugarren aldia, non liburuak euskaraz inprimatzen hasten diren. Bosgarren blokean, XVII. mendean hasten den euskararen atzerapen geografiko eta soziala biltzen da. Bestalde, zenbait dokumentutan, XVIII. eta XIX. mendeetan, euskara, arrazoi ilustratuaren eta sentimendu erromantikoaren artean harrapatuta zegoela erakusten da.

Bloke bakoitzaren hasieran ikus-entzunezko labur bat dago, dokumentuak dagokien une historiko eta kulturalean kokatzeko. Dokumentuak tamaina handiko paneletan erreproduzituta agertzen dira, transkribatuta, eta azalpen txiki bat ematen zaie euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Horietako batzuen jatorrizko aleak --hala nola Lergako hilarria, II. mendekoa, Leireko kartularioa, XII. mendekoa, edo Leizarragaren Biblia-- beira-arasetan ere erakutsiko dira. Dokumentu-ondare honen bidez, Navarrorum erakusketak erronka bati egiten dio aurre: ia milurteko eta erdia idatzi ez zen hizkuntza baten bilakaera historikoa idatzizko dokumentuen bidez erakustea.

Erakusketaren ateak irailaren 27ra arte egongo dira zabalik, edozein ordutan, Eskualdeetako Komitearen bosgarren solairuan, Batiment Jacques Delors kalean, 99 eta 101 zenbakietan, Bruselan.

Hizkuntzen Europako Eguna

Hizkuntzen Europako Eguna dela eta --2001. urtetik hona irailaren 26an ospatu izan da-- eta Hizkuntza Aniztasuna Sustatzeko Europako Sarearen babesarekin, Nafarroako Gobernuak lan jardunaldi ireki bat ere antolatu du bruselan. Eskualdeetako hizkuntza eta hizkuntza gutxituen babesaren ulermenean oinarrituta, Ana Ollo Gobernuaren Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak parte hartuko du bertan, hizkuntza politikan adituak diren pertsonekin batera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia