euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"National Cowboy Poetry" jaialdiak ahalegin berezia egin du AEBetako euskal bertsolaritza eta musika herrikoia jendaurretzen

2018/01/31

Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak, Joxe Mallea-Olaetxe aurkezle eta itzultzaile (Toni R. Milano-Elko Daily Free Press)
Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak, Joxe Mallea-Olaetxe aurkezle eta itzultzaile (Toni R. Milano-Elko Daily Free Press)

PUBLIZITATEA

Euskal-amerikar kultura herrikoiak erakuslehio aparta lortu du aste honetan Nevadako Elkon (AEB) egiten ari den "National Cowboy Poetry Gathering" (Cowboy Poesiaren Elkarretaratze Nazionala) izeneko jardunaldietan. Astelehenetik larunbatera, AEB herrialde osoko landa eremuetako eta kultura herrikoiko kantari, musikari, kontalari eta arrantxu moldeen maitale eta praktikatzaileen bilgune nazionala da Nevada iparraldeko herri hau. Eta hortxe, AEBetako euskaldunek presentzia berezia lortu dute eta EHko Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak gonbidatu berezi dira.

Elko, AEB. Astelehenean hasi zen Elkon 34. National Cowboy Poetry Gathering delakoa. Basques and Buckaroos (euskaldunak eta bakeroak) izenburupean, hiriko Western Folklife Center-era bildutako 250 bat pertsonek momentu goxoak pasatu zituzten Oesteko euren kultura euskal-amerikarra agertuz bertaratu ziren euskaldunen eskutik. 

Oholtza gainera igotako euskal-amerikarren artean, asko Elko eta ingurukoak ziren, bertako euskal etxeetako kideak, gurasoengandik jasotako euskal moldeak bertakotuak ikasi dituztenak, euren bizitza amerikarreko parte; gauza bera beste estatu batzuetatik etorritako erakusleen kasuan.

Aurkezle lana egin zuena, Bob Echeverria, Vietnamgo beteranoa da eta, aldi berean, Ameriketako euskal kulturaren defendatzaile sutsua. Tradizioa segitzen duten seme eta biloba euskal-amerikarren aita eta aitona da. Urtetan izan zen NABO, Ipar Ameriketako Euskal Elkarteen federazioko lehendakari.

Harro aitortzen du Bob-ek bere seme Dominic-ek euskara ikasi zuela eta emozioz begiratzen die honen seme-alabei euskal dantzari ari direnean bizileku duten ondoko estatuan, Utah-n, bertako Salt Lake City hiriburuko euskal etxean.

Bob Echeverriak Elkoko Euskal Etxeko parte diren Ariñak taldeko dantzariak aurkeztu zituen. Hauek, Elko bertakoa den Mercedes Mendiveren musikarekin dantzatu zuten. Mercedes, Melodikoa izeneko bere taldearekin ari da parte hartzen jaialdi honetan. Euskal musika egiten dute. Lehenagotik ere grabatua du berak CD bat tituluetan eta doinuetan euskal sentimentua dariona. Mercedesen senarra, Fernando Lejardi, Euskal Herriko euskalduna da, pilotari ohia Floridan, eta bien alaba, Nekane, euskaldunek eta euskal kultur elementuek inguratua ari da hazten, 19. mende hondarretik aurrera euskaldunak bertako parte ezagutu izan dituen Elkon.

Wyoming-eko puntatik etorriak, David Romtvedt eta bere alaba Caitlin aritu ziren. Amerikar ez euskalduna zen David, unibertsitate irakaslea eta folk musikan aditua ikertzaile eta jotzaile gisa. Bizileku duen Wyoming-eko Buffalon, ezin folk munduan ibili euskaldunekin topo egin gabe eta David Buffaloko 'Zaharrer Segi' dantza taldeko soinujolea da. Hainbeste sartu da euskal kulturan, euskara ikastea erabaki zuela. Gaur egun ez bakarrik euskaldundu da, baizik eta Buffaloko euskal etxeko euskara irakasle izateko ikasten ari da NABOk HABE lankide Estatu Batuetan ematen dituen eskoletan. Musikari profesionala da David Romtvedt eta bide hori zabaldu zion bere alaba Caitilin-i. Iaz euskal musika CD bat atera zuten biek Estatu Batuetan, jakina, Basque music Made in USA, hemen euskal emaitza guztiak diren bezala.

Honelako aurrekari eta konpainiarekin jendaurretu ziren inaugurazio jaialdian, Euskal Herritik etorriak, bi gonbidatu bereziak: Maialen Lujanbio eta Oihana Iguaran bertsolariak. Bakarrak handik propio etorriak. Jardunaldi hauetan bertako bi bertsolari izango dituzte lagun: Wyoming-eko Martin Goicoechea eta Renoko Jesus Goñi. Abiatzeko saio honetan, alboan izan zuten Joxe Mallea-Olaetxe, ingelesez euskal bertsolaritzaz idatzi duena, liburu zein artikulu, Nevada-Renoko Unibertsitatean luze irakasle izana, eta entzuleentzat bi emakume bertsolari gazteon bertsoak ingeleseratu zituena.

Emanaldira sortzaile gehiago baitaratu ziren, hala nola Nevada iparraldeko olerkari den Carolyn Dufurrena. David Romtvedt idazle eta (euskal giroko) eleberrigile denez, batak eta ondoren biek bere testu batzuk irakurri zituzten, arrantxu eta landa-giroetako paisaia eta bizimoduak inspiratuak agian.

Publikoak ere hartu zuen parte, galderak eginez, esaterako Nevada-Renoko Unibertsitateak euskal sormenaz eta ahozko tradizioez antolatutako hitzaldi eta emanaldian.

Euskaldunei eskainitako zatia Elkoko National Cowboy Poetry Gathering honetako parte garrantzitsua izanik, badira beste hamaika poeta, musikari eta AEBetako lurrari eta arrantxu moldeei lotutako euren lana hemen eskainiko duten/eskaintzen ari diren jendeak, euren lekukotasuna emanez larunbateraino. Baita ere, tartean, arrantxu tradizio eta objektuak azaldu edo egiten irakasteko tarte eta tailerrak, tresnak nola egin eta erabili, janari mota tradizionalak nola prestatu edota, adibide gisa, cowboy kapelak nola egin.

Segituko dugu kontatzen datozen egunetan.



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia