euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako Gobernuak bere emigrazio profil berriak aztertuko ditu, kanpoko nafarrekin hobeto harremantzeko

2017/10/19

Ana Ollo Hualde  Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria atzoko agerraldian
Ana Ollo Hualde Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilaria atzoko agerraldian

Nafarroako Gobernua azterlan bat egiten hasi da, duela gutxi atzerrira joandako nafarrei buruz. Azterlan horren helburua da emigratzaileen profil berri hori osatzen duten nafarrak (gehienak gaikuntza handiko gazteak) identifikatzea eta haiekin harremanetan egotea. Atzo, Gobernuaren bileran, aurkeztu die gobernukideei proiektua Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollo Hualdek.

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Kontseilariak esan zuen, INEk osatzen duen atzerrian bizi diren espainiar egoiliarren hautesle-erroldako (CERA) datuen arabera, 2008an krisialdia hasi zenetik 2.200 gazte nafar baino gehiagok emigratu dutela atzerrira, Nafarroa portzentaje-hazkunde handiena izan duen bigarren autonomia-erkidegoa da izanik.

Ana Ollok baitetsi zuen egoera hori oso kezkagarria dela administrazio publikoentzat, gaineratuz «gizarte-galera nabaria dela Nafarroan trebatu diren gaikuntza handiko gazteek beste herrialde batzuetara joatea han garatzeko beren ibilbide profesionala eta hangoek baliatzea euren ezagutzak eta esperientziak, ez eta jaioterrian».

Azterlan honen bidez, Gobernuaren helburua da nafar horiekin harremanetan egotea eta trukeak egitea, baita laguntza publiko eta pribatuko sare bat ezartzea ere, Nafarroatik joandako gazteen egonaldian sortutako know-how edo talentua erakartzeko eta kudeatzeko eta, horrela, «joan-etorriko» onura sortzeko. Emigratutako gazteek jaioterriarekin konfiantza hartzea nahi da, harremanak ugaritzea, eta egoera apropos bat sortzea, proiektu propioetan lagun dezaten edo ideiak eman ditzaten hirugarrenek kudeatzen dituzten proiektuetarako. Ana Olloren hitzetan, hori guztia Nafarroaren garapenaren mesederako izango litzateke.

Aipatu ekimen hau Nafarroaren espezializazio adimentsuaren estrategian sartzen da; hain zuzen ere, kanpo-talentua erakartzeko atalean. Gobernuaren ustez, baldintza egokiak sortuz gero, nafar gazteek egin ditzaketen ekarpenak oso lagungarriak izango lirateke erkidegoko sektore estrategikoak eta enpresak garatzeko; horrela, proiektu arrakastatsuak jarriko lirateke martxan, arrisku-maila in situ egiaztatuta izango luketenak.

Areago, Gobernuaren iritziz, benetako aukera dago pertsona horiek jaioterrira itzul daitezen, beren negozioak martxan jartzeko eta garapen bidean dauden sektore ekonomikoetan lanpostuak sortzeko, baita tokiko enpresen, sektore publikoaren edo sektore kooperatiboaren proiektu aurreratuetan lan egiteko ere. Horrela, azterlanaren datuei erreparatuta, estrategiak diseinatu ahal izango lirateke nafar horiei itzultzen laguntzeko, proiektu ekintzaileetan parte har dezaten edo Foru Erkidegoan aurkitu ezin diren profil profesionalak enpresetara erakartzeko; baita bestelako estrategiak ere, Nafarroako enpresek negozio- eta ekintzailetza-esparruak aurki ditzaten emigratu duten nafarrak bizi diren herrialdeetan.

Urtearen amaierarako amaituko da azterlana. Bertan, orobat, beste administrazio publiko batzuek gauzatutako antzeko ekimenak alderatuko dira, partaidetza-prozesu bat egingo da informatzaile nagusiekin, eta elkarrizketak egingo zaizkie eragile ekonomiko eta sozialei, unibertsitateetako ordezkariei, zentro teknologikoei, garapen-agentziei, administrazioei, hedabideei eta beste erakunde batzuei, kontseilariak agertutakoaren arabera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia