euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Nafarroako Gobernuak emigrante nafarren itzulerarako laguntzak eskaini ditu; eskatzeko epea ekainaren 23an bukatuko da

2008/06/10

Argentinako Centro Navarro del Sud delakoko azkeneko obrak bukatu aurreko argazkia (argazkia EuskalKultura.com)
Argentinako Centro Navarro del Sud delakoko azkeneko obrak bukatu aurreko argazkia (argazkia EuskalKultura.com)
Nafarroako Gobernuak lagundu nahi izan ditu etxera itzuli nahi duten nafar emigranteak eta euren ondorengoak, itzulera hau erraztzeko --bisita gisa ala behin betiko izanik ere-- dirulaguntza deialdia antolatuz. Baldintza jakinak biltzen dituzten lagunek, beraz, bi eskabide mota hauetako batetara aukeztu ahal izango dira: alde batetik, betirako itzulera sustatzeko eratutako dirulaguntzetara, eta bestetik, aldi baterako Nafarroara itzuli edo egonaldia egin nahi dutenentzako antolatutakoetara. Eskabideak aurkezteko epea ekainaren 23an itxiko da.

PUBLIZITATEA

Iruña-Pamplona. Nafarroako Gobernuak, Harreman Instituzionaletarako Sailaren eta Gobernuko Bozeramailearen bidez, nafar emigrante eta euren ondorengoei Nafarroara itzultzeko dirulaguntza deialdia egin du. Laguntzak itzulera hori burutzeko zailtasun ekonomikoak dituztenei zuzenduak dira. Itzulerarako laguntzetarako 125.000 euro emango dituzte guztira eta Nafarroara aldi baterako egonaldietarako beste hainbeste.

Behin behineko itzulerarako laguntzak

Itzulerarako laguntzen onuradun izan daitezke jatorriz nafarrak direnak, egoera ekonomiko behartsua badute, eta egiaztatzen baldin badute Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean etenik gabe bizi izan zirela itzuli aurreko 20 urteetan gutxienez, eta ez direla hiru urte baino gehiago igaro itzuli zirenetik Nafarroan bizileku iraunkorra hartzeko.

Laguntzaren zenbatekoa kalkulatzeko kontuan hartuko da onuradunak eta bere karguko ahaideek osatutako familia unitatea. Ahaidetzat joko dira ezkontidea edo onuradunarekin ezkontzaren antzeko lotura egonkorra duena, eta onuradunarekin eta haren kargura bizi diren lehen mailako ahaideak (odolekoak, ezkontza bidezkoak nahiz adopzio bidezkoak).

Onuraduna Nafarroara itzulitakoan eta laguntzarik eskatu gabe hiltzen bada, aurreko atalean aipatutako pertsonek laguntzak eskatu ahal izanen dituzte heriotzaren ondoko sei hilabeteko epean. Zenbait eskatzaile familia unitate berekoak badira, bakarra izanen da laguntzaren onuraduna.

Aldi baterako bidaiak

Aldi berean, honako baldintza hauek betetzen dituzten nafar emigranteak izan daitezke Nafarroan egonaldiak egiteko 2008ko laguntzen onuradun:

-Jatorriz nafarra izatea.

-Europar Batasunetik kanpoko herrialde batean 15 urtez bizi izana, gutxienez.

-Laguntza hauetarako azken 5 urteetako deialdietan parte hartu ez izana.

-Egoera ekonomiko behartsua izatea.

Halaber, nafar emigranteen lehen eta bigarren mailako ondorengo odolekoak (seme-alabak eta bilobak) onuradun izan daitezke, betiere b, c eta d ataletan ezarritako baldintzak betetzen badituzte.

Laguntzaren eskatzaileen ezkontideak, ezkondu gabeko bikotekideak edo antzeko lotura dutenak ere onuradun izan daitezke, c atalean ezarritako baldintza betetzen badute.

Laguntzaren gehieneko zenbatekoa

-Itzulerarako laguntzen kasuan. Itzuleraren gastu hauek izan daitezke dirulaguntzaren xede: itzulerako bidaia eta altzari eta tresnen garraioa. Nolanahi ere, onuradun bakoitzak gehienez 15.000 euroko laguntza jasoko du.

-Egonaldietarako laguntzak. Nafarroan egonaldia egiteko joan-etorriko bidaiaren kostuaren %80 soilik izanen da dirulaguntzaren xede. Nafarroako ostatu eta mantenu gastuak onuradunaren kontura izanen dira.

Eskabideak aurkeztea

Eskabideak aurkezteko epea, bai itzulerako laguntzetarako eta baita egonaldietarako laguntzetarako ere, ekainaren 23an bukatuko da. Eskabideak Nafarroako Gobernuko Erregistro Orokorrean aurkeztuko dira, edo bestela Herri Administrazioen Araubide Juridikoari eta Administrazio Prozedura Erkideari buruzko Legean adierazitako tokietan. Eskabideak posta bulegoen bidez bidaltzen badira, gutun-azala zabalik aurkeztu beharko da, posta-funtzionarioak egiaztatu baino lehen, eskabideari eguna eta zigilua jar diezazkion.

Deialdiaren oinarriak eta aurkeztu beharreko dokumentazioari buruzko xehetasunak,  hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia