euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

NABO Ipar Ameriketako euskal erakundeen elkarteak New Mexico Euskal Etxea (NMEE) onartu du bazkide

2010/08/10

Valerie Arrechea (geroago NABOko lehendakari berrautatuko zuten) mikroa eskuan, ondoan Lopez lehendakaria, Guillermo Echenique eta Marisa Esnal NABOko idazkaria dituela (argazkia EuskalKultura.com)
Valerie Arrechea (geroago NABOko lehendakari berrautatuko zuten) mikroa eskuan, ondoan Lopez lehendakaria, Guillermo Echenique eta Marisa Esnal NABOko idazkaria dituela (argazkia EuskalKultura.com)
Boiseko Jaialdi 2010ekin batera egin da aurten NABOren Convention edo urteko Biltzar Nagusia, hiriburu idahotarreko Grove hoteleko bilera aretoetan, ostiralez, uztailaren 30ean. Gonbidatu gisa, bilerako lehenengo parte batean, Lopez lehendakaria eta berarekin zetozen Guillermo Echenique, Blanca Urgell, Julian Celaya eta Aizpea Goenaga bertaratu ziren, eta baita, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean, Josune Ariztondo eta Iosu Madariaga diputatuak ere. Bildutakoek onartutako gaien artean, New Mexikoko Euskal Etxeari ongi etorria ematea federazioko bazkide berri gisa. NABOko delegatuek, bestalde, Valerie Arrechea baitetsi zuten NABOKO lehendakari gisa urtebeteko beste agintaldi batez.

Boise, Estatu Batuak. Euskal Herritik heldutako gonbidatu instituzionalak bileraren hasiera partera geratu ziren bakarrik. Bertakoak agurtu, opari-trukea egin eta esker oneko hitzak esanik, Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak Idahoko eta AEBetako euskaldunekin azken egunotan sinatutako tratuak eta elkarren lagungarri bideratutako neurri eta emaitzak aipatu zituzten, Euskal Herriko euskaldunen ordezkari fin izaten jarrai dezateneko eskea luzatuz.

NABOko parte diren euskal elkarteen aldetik partaidetza azpimarragarria gertu zela behar da esan, bertan baitzeuden esaterako, urrunago egoteagatik beti present ez dauden euskal etxe batzuetako ordezkariak. Bileraren buruan, lau bandera zeuden, esan nahi baita, ikurriña, Estatu Batuetako, Kanadako eta Mexikoko banderak, hauek baitira NABOk, Ipar Ameriketako erakunde gisa, bere baitan hartzen dituen lurraldeak. NABOko kide izateko eskubidea badu ere, Mexikoko Euskal Etxeak ez du erabaki oraindik  bazkide egitea; hala ere, Mexiko Hiritik propio etorria, bertan zegoen hiriburu mexikarreko Euskal Etxeko lehendakaria, Miguel Larregui, arbaso baztandarrekoa berau. Gaur egungo kideetatik, guztiak ditu estatubatuarrak NABOk, Kanadako bi euskal etxeak salbu, Vancouverreko Zazpiak Bat, eta Montrealgo 'Quebec-eko Euskaldunak'.

New Mexikoko Euskal Etxea, NABOko kide berri

Biltzarrak onetsitako beste hainbat punturen artean, 'New Mexico Euskal Etxea' (hala deitzen dute normalean, ingelesez, New Mexikoko Euskal Etxea) NABOko kide berri gisa integratzea deliberatu zuten bildutakoek, aho batez. NMEEko ordezkari, bertan zen Blas Uberuaga, NMEEko kide sortzaileetakoa, eta hemendik kanpoko euskaldunen artean askok Buber izenez ere ezagutuko dutena, bera izan baitzen Buber webgunea, interneten euskaldunez aitzindari izan zen orrialdea sortu eta gidatu zuen pertsona, 1990. hamarkadan.

Blasek --bera ere AEBetan artzain hasi ziren euskaldunen semea-- artzain-iraganaren garrantzia aipatu zuen AEBetako euskal komunitatearentzat, baina aldarrikatu zuen horrekin batera, badela --bere estatuan bezala-- haren aurreko euskal iraganik Ipar Ameriketan, konkistatzaileen garaikoa, garai kolonialean euskaldunak ere aritu baitziren, eta kasu batzuetan gogor aritu ere, gaur egun Estatu Batuetako parte diren lurretan, hala nola New Mexikon. Euskal ondare ere baden hori, ikertu, ezagutu eta zabaltzearen garrantzia aipatu zuen NABOko kide den 42. euskal elkarte aktiboko lehendakariorde den Blas Pedro UbeRuagak (zekitenek, zorion bikoitzak ere eman zizkioten Blasi, duela hilanbete batzuk alaba izan baitute berak eta bere emazte Lisa Van der Graaf-ek, Rose tipia, hiruak NMEEko kide direla).

-New Mexikoko Euskal Etxearen webgunea: http://buber.net/NMEE
-NABOren webgunea: www.nabasque.org



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia