euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musikastek XVI. mendeko Juan Garcia de Basurtoren musika erreskatatu eta gaur eskainiko du kontzertuan

2008/05/15

Musikaste 2008ko afitxa
Musikaste 2008ko afitxa
Musikaste 2008 Errenteriako Musika Asteak Juan Garcia de Basurto musikagilearen lana aurkeztuko du gaur, Capilla Peñafloridak Josep Cabréren gidaritzapean emango duen kontzertuarekin. Basurto Espainiako Felipe II.aren gortean eta Cisneros kardinalaren agindutara kapera maixu bezala aritu zen eta lan garrantzitsuen egilea izan zen, nahiz eta horietako gutxi gordetzen diren gaur egun. Musikastek ikerketa lan zabala egin du gureganaino heldu diren partiturak bilduz eta gaur Errenazimenduko egile honen lana erakutsiko du kontzertu honetan.

PUBLIZITATEA

'In agendis mortuorum' da gaur egun ezagutzen den Juan Garcia de Basurtoren lan bakanetako bat eta pieza honekin hain zuzen ere hasiko da gaur Musikasteko kontzertuan eskainiko duten hileta ofizioa. Lan hau Errenazimenduko gustu eta estiloen erakusgarria da, orduan musikagile diferenteek elizkizun beraren zati diferenteak egiten baitzituzten. Gaur Capilla Peñafloridaren eskutik entzungai izango da, Errenteriako Fatimako Elizan, arratsaldeko zortzietan, Musikasteko arduradunek prentsa-orri batean jakitera eman dutenez.

Gaur egun Juan García de Basurto izen ezezaguna da musikazale gehienentzat, baina musikari oso ospetsua izan zen duela ia bost mende. Zaragozako Nuestra Señora del Pilar Basilikako kaperako maixua izan zen, Isabel Enperatrizaren Erret-Kapilaua, Toledoko Artzapezpikuaren Kapera maixu eta, azkenik, Felipe II printzearen Erret-Kaperako maixu.

Ikerketa lan sakona

Duela ia bostehun urte bizi izan zen musikagile baten lana berreskuratzeak ikerketa lan sakona eskatzen du eta horixe egin dute Musikasteko arduradunek gelditzen diren Juan García de Basurtoren partiturak aurkitzeko. Bere musika lanaren barreiaketa eta eskasia dela eta ez dago haren lanen grabaketarik, nahiz eta izan zituen karguak kontuan izanda garaiko musikari nagusienetakoa izan zen. Musikastek garai modernoetan lehen aldiz aurkezten du gaurko kontzertuan espainiar Errenazimenduko egile honen lana. Musikaste antolatzen duen Eresbil Euskal Musika Artxibategiko iturriek azaldu dutenez etorkizunean partitura hauek eskuratu nahi dituztenek (tartean Diasporako musikariek) elkarte honekin harremanetan jarri ahal izango dute euren webgunearen bidez.


Lotura interesgarriak

Musikaste 2008
www.musikaste.com

Garcia de Basurto, Sarasate eta Iturralderen musika nagusi Musikasten
Hiru.com webgunean

Eresbil, Musikaren Euskal Artxibategia
www.eresbil.com

Musikastek Aita Madinari omenaldia egingo dio
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko maiatzaren 15ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia