euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Musika, dantzak eta oroimen politenak Arrecifeseko euskal etxean ‘Txistulariaren Eguna’ ospatzeko

2012/06/06

Jende mutzo polit bat bildu zen Euskaldunak Denak Bat euskal etxean ‘Dantzariaren Eguna’ ospatzeko (argazkia EE)
Jende mutzo polit bat bildu zen Euskaldunak Denak Bat euskal etxean ‘Dantzariaren Eguna’ ospatzeko (argazkia EE)
Adalberto ‘Potxolo’ Loyolaren heriotzaren bosgarren urtemugaren baitan, Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat-eko kideek ‘Txistulariaren Eguna’ ospatu zuten joan den maiatzaren 26an. Lagun arteko afarian, esker oneko hitzak esan zituzten euskal etxeko arduradunek musikari hauen ekarpena gailentzeko. Horretaz gain, oroigarriak eskuratu zizkieten etxeko gaur egungo txistulariei baita jadanik ez daudenen ondorengoei ere. Maiatzaren 26ko elkarretaratzearen aurretik, maiatzaren 15ean hain zuzen, ekimen berezi bat egin zen elkartearen panteoian. Euskaldunak Denak Bat-eko komunikazio arduradunek jakinarazi dute, bestalde, euskal etxeak bultzatzen dituen ohiko ekintza guztiak arrakastaz gauzatzen ari direla, tartean euskara eta dantza klaseak eta ‘Ipuinaren Ordua’ programa.

PUBLIZITATEA

Arrecifes, Argentina. 2007ko San Inazio jaian, ‘Potxolo’ Loyola txistulariaren heriotzaren data den maiatzaren 15a Txistulariaren Eguna bihurtzea proposatu zuen Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxeak. Proposamenak oso harrera ona izan zuen eta aurten, Potxolo joan zeneko bosgarren urteurrenean, topaketa berezia egin da etxeko txistulariak --egungoak eta betikoak-- omentzeko.

Hasteko, maiatzaren 15ean euskal etxeko talde bat herriko hilerrira bildu zen. Bertan, euskal elkartearen panteoiaren aurrean, Marta Abarrategui Loyolak eta Mariana Domine Irigoyenek, Potxoloren ilobak biak, hitz hunkigarriak esan zituzten. Hitzen ondoren, Miguel Garcia Bernaus dantzariak ohorezko aurreskua dantzatu eta bildutakoek otoitz bat egin zuten. Hilerritik abiatu aurretik, euskal etxeko kideek lore sorta bat utzi zuten. Eguna Potxoloren omenezko meza batekin amaitu zen.

Maiatzaren 26an, berriz, topaketa bat egin zen Arrecifeseko euskal etxean. Lagun anitz bildu ziren euskal etxera, elkarteko garai guztietako txistulariak omentzeko. “Potxolok berak egingo zuen bezala ospatu dugu: musikaz, abestuz eta dantzekin”, adierazten dute euskal etxetik.

Jaiari hasiera emateko, erakundeko txistulariak aipatu ziren, jadanik ez daudenak eta baita gaur egungoak ere: Loyola jaunaz gain, Tiburcio Bilbao, Juan Pablo Felix, Marianela Rimini Azarola eta Juan Ignacio Saez Abarrategui. Ondoren oroigarriak eman zitzaizkien txistulariei, eta Loyola eta Bilbao-ren kasuan euren ondorengoei.

2012ko Txistulariaren eguna 2012 01

[Juan Ignacio Saezek eta Marianela Riminik joz ospatu zuten 'Txistulariaren Eguna' (argazkia EE)]

Segidan, musikarien pasadizo batzuk partekatu zituzten helduenek euskal etxeko lagun guztiekin eta bideo bat proiektatu zen. Bukatzeko, Marianela Rimini eta Juan Ignacio Saez Abarrategui txistulariek lagunduta, fandangoa, arin-arina eta kalejira batzuk dantzatu zituzten gonbidatuek. Etxeko beste musikari batzuek ere jo zuten. "Topaketa benetako lagunarte euskal argentinarra bihurtu zen", azaldu digute partaide izan zirenek.

Dantzak, euskara; txikiak, helduak

Bestalde, eta urtea aurrera joan ahala, beste ekintza asko burutzen ari dira Arrecifeseko euskal etxean. Larunbatero ematen dira Euskaldunak Denak Bat-eko egoitzan edade guztietako jendeei zuzendutako euskara eta dantza klaseak. Musika arlotik atera gabe, datorren astelehenean hasita eta hilabetean bitan, kantu topaketak egingo dira euskal etxean. “Abesbatza moduko zerbait baino gehiago, euskal abestiak kantatzen ikasteko saioak izango dira. Gero jaietan abestu ahal izateko”, azaltzen dute euskal etxetik.

2012ko Txistulariaren eguna 2012 03

[Ekainaren 2an izan zen 'Ipuinaren Ordua' programaren bigarren emanaldia (argazkia EE)]

Gazteenei begira, beste proposamen bat ari dira aitzinarazten arrecifestarrak. ‘Ipuinaren ordua’ delako programaren bidez, 3 eta 11 urte arteko neska-mutilak gonbidatzen dira euskal etxera umeentzako literaturaz gozatu eta arratsalde polit bat pasatzera. Ekitaldia hilean behin burutzen da, euskal etxeko ‘Lucio Echaniz’ liburutegia antolatzaile.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia