euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mus txapelketa kruzeroan? Horrela izango da 2012ko Euskal Etxeen Mundu Txapelketa Vancouver-en

2011/11/14

Glacier Bay Parque Nazionala bisitatuko du itsasontziak, Alaskako beste toki ikusgarriekin batera
Glacier Bay Parque Nazionala bisitatuko du itsasontziak, Alaskako beste toki ikusgarriekin batera
Musean aritzeko gogoa ematen du Vancouver-en egingo den Euskal Etxeen Mundu Txapelketaren programak, besterik ezpada Zazpiak Bat Euskal Etxeak proposatzen duen bidaia egiteagatik. Txapelketa kruzero batean egingo da, Ipar Amerikako mendebaldeko kostaldean barrena bidaiatuz, Alaskako Juneau hiritik Vancouver-era. Bidean Glaciar Bay Parke Nazionala eta beste toki ikusgarri batzuk ezagutu ahal izango dituzte muslariek. Txapelketa irailaren 21etik 29ra egingo da. Mus federazioak herrialde bakoitzeko bi muslari eta ordezkari baten bidaia ordainduko du, baina badago lagun gehiagorentzako lekua ere (hori bai, bidaia ordainduz). Erreserbak urtarrilaren 2a baino lehen egin behar dira.

Vancouver, Kanada. Zazpiak Bat Euskal Etxea buru belarri dabil Euskal Gizataldeen arteko 35. Munduko Mus Txapelketa antolatzen, eta oraindik urtebete falta bada ere, eman du jada zeresanik. Txapelketa munduko osoko muslarien interesa pizten ari da, izan ere Ipar Amerikako mendebaldeko kostan zehar egingo den astebeteko kruzero batean jokatuko da. Itsasontziak Alaskako Juneau hiritik Vancouver-erako bidea egingo du.

Urtero legez mus hitzordu nagusi honek herrialde bakoitzean sailkapen-txapelketak irabazi dituzten bikoteak bilduko ditu. Eurekin batera aurtengo txapeldunak (Euskadi 1 taldea) eta txapelketa antolatzen duen etxeko ordezkariak ere ariko dira lehian. Bidaian parte hartuko duten muslariak, federazio ordezkariak eta bidaideak Vancouver-en bilduko dira irailaren 21ean eta biharamunean "Saphire Princess" kruzeroan ontziratuko dira.

Alaska eta Glacier Bay parkea

Vancouver-etik kruzeroa Alaskako Juneau hiriraino joango da eta ondoren Alaskako beste zenbait herri bisitatuko ditu: Skagway, urre bilatzaileen bidean; Glacier Bay Parke Nazionala; eta Ketchikan, inguruetako herri indigenen totem gehien biltzen dituen lekua. Egunean zehar, eta ontzia itsasoan den bitartean, mus partidak jokatuko dira. Muslariek eta euren bidaideek kruzeroak eskaintzen dituen aukera guztiak baliatu ahal izango dituzte (buffe libre, kasinoa, antzerkia, ikuskizunak, zinea eta diskoteka, besteak beste).

ketchikan alaska

[Kruzeroa Ketchikan herrian geldituko da (argazkia KFong)]

Mus Federazioak bere gain hartuko du herrialde bakoitzeko bi muslari eta ordezkari baten bidaia. Hala ere, kruzeroan parte hartu nahi dutenek txapelketarekin bat egin dezakete, hori bai, bakoitzak bere bidaia ordainduta. Prezioa 1.600 eta 2.200 dolar bitartekoa da, gelaren arabera (pertsonako, gela bikoitzean). Erreserbak urtarrilaren 2a baino lehen egin behar dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, idatzi Elena Sommer-i, Zazpiak Bat Euskal Etxeko presidenteari, e-maila bidaliz bcbasque@bcbasque.com helbidera. Bidaiari buruzko informazio gehiago, e-maila bidaliz tomasjeanne@shaw.ca helbidera.

-Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxearen webgunea, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia