euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskaldunak prest Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko: Uruguai, Frantzia, Mexiko, EEUU...

2007/11/29

Montevideoko (Uruguai) Haize Hegoa Euskal Etxean Euskararen Eguneko karietara eginiko jaia
Montevideoko (Uruguai) Haize Hegoa Euskal Etxean Euskararen Eguneko karietara eginiko jaia
Badator Euskararen Nazioarteko Eguna eta munduko euskal etxe eta komunitateek prest dituzte data ospatzeko hainbat ekitaldi. Jaia berez abenduaren 3an, hau da, datorren astelehenean ospatzen bada ere, euskal etxe askok asteburu honetara aurreratu dituzte euren ekimenak. Frantzia, Mexiko, Estatu Batuak, Uruguai... dira euren bitartez euskararen aldeko adierazpenaren oihartzuna entzungo duten herrialdeetako batzuk.

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak adierazpen instituzional bateratua irakurri zuen asteartean Gasteizen, datorren abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta. Baztarrikarekin batera Gotzon Lobera, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Sustatzeko zuzendari nagusia; Esti Alkorta, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskararen Normalkuntzarako zuzendari nagusia; Agustin Otsoa de Eribe, Arabako Foru Aldundiko Euskara zuzendaria; eta Jokin Bildarratz, EUDELeko presidentea izan ziren prentsaurrekoan.

Adierazpenaren arabera 'egunez egun euskaldunagoa den gizarte honetan, elkar hartuta gainditu behar ditugu ohitura eta joera zaharkituek euskararen eguneroko erabilerari jartzen dizkioten traba eta oztopoak. Erabilera baita, azken batean, edozein hizkuntzaren etorkizunaren giltzarria. Erabilerarako aukera eraginkorra delako, elkarrenganako errespetuarekin batera, hizkuntz eta hiztunen arteko elkarbizitza berma dezakeen itun bakarra'. Mezu honen ildoa jarraituko du Euskararen Eguneko ekitaldi ofizialak. Aurten Gasteizko Artium Museoan egingo dute jaia eta bertan aurtengo ENE Saria emango da jakitera. Diasporak ere izango du presentzia. [Ezkerreko irudian Eusko Jaurlaritzaren adierazpen instituzionalaren aurkezpena]

Baita Mexiko, AEB eta Uruguaien ere

Euskararen Egunaren ospakizuna ez da Euskal Herrian bakarrik egingo, euskal presentzia duten herrialde askotan baizik. AEBetan adibidez, NABOK (bertako Euskal Etxeen federazioak) jai bateratua egingo du etzi Chinon, Bernardo Atxaga idazlearen partehartzearekin. Beste ekitaldi batzuk ere izango dira, baina. Astelehenean Ontarioko Euskal Etxeak Gabonetako bestarekin batera ospatuko du Euskararen Eguna. Eta Washington DCko euskal etxe gazteak Euskararen Eguna eta Olentzeroren jaia batuko ditu, astelehenean bertan.

Mexiko DFko Euskal Etxeak etzi ospatuko du Euskararen Eguna, bere egoitzan egingo den bazkari eta pilota txapelketarekin. Uruguaiko Montevideon Euskal Erria euskal etxeak Hernan Sorhueten 'Una historia como tantas otras, pero... es nuestra historia' liburua aurkeztuko du. Liburuak Iparraldean jatorria duen Sorhuet familiaren historia dakarkigu. Josu Legarreta, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako zuzendaria aurkezpenean izango da.

Nafarroaren Eguna Parisen

Deialdi honi tarte nabaria eskaintzen dion beste elkarte bat Pariseko Eskual Etxea izan ohi da. Aurten ere jaia Nafarroaren Egunarekin batera ospatuko dute. Etzi hasiko dira ekitaldiak 'Euskaldunak Europan' topaketarekin (Europako euskal etxeetako ordezkarien bilera).

Nafarroaren Eguneko jaia arratsaldeko seietan hasiko da, ohiko mutxikoen dantzatzearekin. Jarraian nafar estiloko afaria zerbitzatuko dute euskal etxean eta Iruñeko "Jarauta 69" txarangak alaituko du afalostea. Etzidamu euskal meza egingo dute eta jaiari bukaera emateko lagunarteko bazkaria egingo da euskal etxearen egoitzan.


Lotura interesgarriak

Bernardo Atxaga AEBko Euskararen Egunean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko azaroaren 26ean

ENE 2006k omenaldia egin zien Diasporako euskara ikasleei
Euskalkultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 4ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia