euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskal etxeek San Inazio eguna ospatuko dute: Boise, Santiago, Mexiko... eta beste asko

2016/07/26

Boiseko iazko San Inazio festetako dantza erakustaldia (argazkia euskalkultura.com)
Boiseko iazko San Inazio festetako dantza erakustaldia (argazkia euskalkultura.com)

PUBLIZITATEA

Igande honetan, uztailaren 31n, San Inazio eguna ospatuko da. Euskal etxeetan tradizio handiko festa da Bizkaiko eta Gipuzkoako patroiaren eguna, eta elkarte askok hainbat ekitaldi eta jarduera antolatu dituzte. Aipagarria da bereziki Boiseko euskal komunitatearen festa, AEBetako hiri honetan hitzordu handia delako eta hiru eguneko luzapena izango duelako. Horrez gain, jarduerak egingo dira Txileko Santiagon, Mexikon, Argentinako Necochea, Arrecifes, Roldan, Corpus Christin... Jarraian, hitzordu horietako batzuk.

Donostia-San Sebastián. San Inazio eguneko festak ostiral honetan bertan hasiko dira Boise, AEBetan, familia eta lagunentzako afari batekin. Larunbatean musikak eta dantzak beteko dute Boiseko Basque Block ingurunea, Boiseko Gazteak, Txantxangorriak eta Oinkari Basque Dancers taldeen emanaldiekin. Pala partidak jokatuko dira asteburu osoan. Arratsaldean meza egingo da St. John's Katedralean eta dantza emankizuna eskainiko du Onati Dantza Taldeak. Gauean Boise bertako Amuma Says No taldeak dantzaldian joko du, euskal kanta herrikoiak eta euskal rock kantuak maixuki uztartuz.  

Igandea, uztailaren 31, egun lasai izango da, eta piknikak eta jokoak egingo de Boiseko udal parkean. Arratsaldean, Txantxangorriak eta Amuma Says No taldeek itxiko dute festa, erromeria alai batekin.  

Festa hau gogotik ospatzen duen beste euskal etxe bat Argentinako Corpus Cristi herrikoa da, Misiones probintzian. Euskal etxe honek ere hiru eguneko festa egitarau zabala prestatu du, eta ostiralean hasiko du, uztailaren 29an. Zinearekin hasiko da festa, hain zuzen ere "Amama" filmaren emanaldiarekin, Carlos Gabilondok aurkezten duen Euskal Zine Ziklo Ibiltariari esker. Ondoren "mateada" egingo da, ikusleak filmari buruz solasten diren bitartean, jarraian meza elizkizuna eta eguna amaitzeko, afaria euskal etxean.  

Larunbatean 8. “Relatos Asombrosos” literatur lehiaketako sari banaketa ekitaldia egingo dute eta arratsaldean, zinea berriz: Carlos Gabilondok oraingoan "La fuga de Segovia" filma aurkeztuko du. Ondoren, Cesar Arrondo historialariak “El Franquismo, el surgimiento de ETA y la actualidad de los presos políticos” hitzaldia emango du. Jarraian, meza elizkizuna, eta Loiolako Santutegiari buruzko power-point azalpena, eta eguna amaitzeko, afaria. 

Igandean meza elizkizuna eskainiko du Posadaseko Gotzainak, eta jarraian bazkaria egingo da. Arratsaldean Cesar Arrondok "La diáspora vasca” hitzaldia emango du eta eguna eta ospakizunak amaitzeko, afaria egingo da.  

Mexikon ere Euskal Etxeak ekitaldia antolatu du, kasu honetan, larunbatean, uztailaren 30ean, eta bazkaria egingo dute bertan Mexikoko euskaldunek.

Txilen, Santiagoko Euzko Etxea elkarteak igandean, uztailaren 31n, egingo du San Inazio eguneko bazkaria. Eguneko egitaraua mezarekin hasiko da, jarraian euskal dantza erakustaldia eskainiko dute Itxaropen Gaztea taldeko dantzariek eta Euskal Abesbatzak kantaldia eskainiko du. Eguna bazkari herrikoi batekin amaituko da.  

Festa ospatuko duen Txileko beste euskal etxea Valparaisoko elkartea da. Han ere iganderako prestatu dute egitarau mardula. Hasteko, meza elizkizuna eskainiko du aita Jose Miguel Medina Arizmendiarrieta zornotzarrak. Ondoren, ongi etorri koktel bat zerbitzatuko da euskal etxean, eta jarraian Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko da elkartearen patioan. Eguna amaitzeko, arratsaldeko hiruetan kantaldia eskainiko dute Nestor Aguirrek eta Mary Andonaeguik. 

Argentinako Arrecifeseko Euskaldunak Denak Bat euskal etxean ere tradizio handiko festa da San Inazio, eta elkartea bera sortu aurretik ospatzen zuten bertako euskaldunek. Aurten, igandea izanik, uztailaren 31n bertan gauzatuko dute festa, egitarau honekin: euskal dantzal, Maral taldearen kontzertua, Iruki Alaiak taldearen emankizuna, txikien abesbatzaren emanaldia, Jonatan Moralesen kantu lantegiko taldearen kantaldia eta afaria. 

hauek batzuk baizik ez dira. Badira San Inazio festa urtero urtero ospatzen duten beste hainbat euskal etxe, esaterako Necochean (Argentina), Caracas (Venezuela), Madril (Espainia), Jasone Etxea (Paraguai), Miami (AEB)...  Zure euskal etxean ere festa hau ospatzen baduzu, esaiguzu, info@euskalkultura.com helbidera idatziz eta gure agendara gehituko dugu. 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia