euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskal etxeek Aberri Eguna ospatuko dute, igandean hasi eta hil honen bukaera arte

2012/04/04

New Yorkeko Eusko Etxean 2011an egin zen Aberri Eguneko bazkaria (argazkia EENY)
New Yorkeko Eusko Etxean 2011an egin zen Aberri Eguneko bazkaria (argazkia EENY)
Igandean hasi eta ia hilaren bukaera arte, Diasporako euskal etxeek Aberri Egunaren jaia ospatuko dute, bazkari, erakusketa, meza eta beste zenbait jarduerekin. Atzerriko euskal elkarteetan ospe handiko besta da hau eta Quebec-etik Buenos Airesera, eta Londrestik Sydneyra, hainbat herrialdetako euskaldunak bilduko ditu amankomunean duten ondarea eta pasioa aldarrikatzeko: arbasoen lurra, aberria. Jai egun ofiziala igande hau bada ere, munduko elkarte askok datorren astera atzeratuko dute ospakizuna, oporrak eta gero bazkide eta lagun gehiago bildu ahal izateko.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Australian batzuk aurrea hartu badute ere, munduko euskal etxe gehienek datozen egunetan ospatuko dute Aberri Eguna. Goiztiarrena Sydney-ko Gure Txoko (Australia) izan da: Sydney-ko euskaldunek apirilaren 1ean egin zuten urteroko Aberri Eguneko piknika Centennial Park-en.

Alabaina, ospakizun gehienak asteburu honetan eta hurrengoan egingo dira. New Yorken, adibidez, Eusko Etxeak igande honetan ospatuko du Aberri Eguna. Egitaraua, urtero bezala, Josu Iriondo Bronxeko gotzainak emango duen euskal mezarekin hasiko da eta ondoren afari goiztiarra egingo da euskal etxean, Iñaki Lete sukaldariak prestatuta. Hegoalderago, Miamin, Txoko Alai Euskal Etxeak ere egun horretan bertan egingo du Aberri Eguneko bazkaria, Los Angulos lakuan.

Londresen London Basque Society elkarteak egitarau ederra antolatu du iganderako: eguna herri bazkari batekin hasiko da eta ondoren jazz eta bossanova kontzertua eskainiko du Malatu taldeak. Jaia gau partera arte luzatuko da, tabernan euskal musika jarriko baitute. Venezuelan Caracasko Eusko Etxeak ere igandean ospatuko du bere Aberri Eguneko jaia eta urtero bezala egitarau zabala prestatu dute: meza, dantza, pilota partidak eta bazkaria.

Mexikon DFko Euskal Etxeak ere igande honetan bazkaria egingo du Polanco auzoko egoitzan; eta bukatzeko, Madrilen, Euskal Etxeak egoitzako bigarren solairuan dagoen jatetxean egingo du bazkaria. Jatetxea berriki inauguratu dute Sagardi taldearen kudeaketapean, arrakasta nabarmenarekin, gainera.

Argentinan, datorren astean

Aurreko urteetan bezala, Argentinan euskal komunitateak atzeratu egingo ditu ospakizunak. Deialdiak barra barra ari zaizkigu heltzen; hemen batzuk aipatuko ditugu eta datozen egunetan ekitaldi guztien erreportajeak eta argazkiak ematen saiatuko gara. Batzuk aipatzearren, Buenos Airesen asteartean, apirilaren 10ean, Independentistak sarearen Aberri Eguneko jaiarekin egingo du bat Diasporako adarrak, eta bilkura deitu du Maiatzeko Plazan, 18:30tan. Buenos Airesko Iparralde Euskal Etxeak, apirilaren 11n, Cesar Arrondo irakasleak Aberri Egunari buruzko hitzaldia emango du, ekitaldia topa eginez bukatzeko Euskal Herriaren alde.

Chascomusen Zingirako Euskaldunak elkarteak ere apirilaren 14ean ospatuko du jaia. Inaugurazio batekin hasiko da eguna --"Euskal Aztarna" erakusketarena, Udal Jauregiko Ispiluen Gelan--  eta ondoren afaria egingo da Pilota Klubeko arrantxuan. Egun berean Cañuelasko Euskal Etxeak Dantzarien Topaketaren seigarren edizioa eta Aberri Eguna ospatuko ditu. Besta iganderaino luzatuko da eta Argentinako zenbait euskal etxeetako dantza taldeak eta ordezkaritzak Cañuelasera bilduko dira, Aberri Eguna konpainia onean bizitzeko. Igandean, bazkari batekin bukatuko da topaketa.

Vancouver, Washington, Quebec...

Kanadan Vancouver-eko Zazpiak Bat Euskal Etxeak piknika egingo du apirilaren 14ean, larunbatean, Burnaby-ko Mayview Circle-en. Egun berean, baina Washington-en, Aberri Eguneko piknika egingo du ere estatubatuar hiriburuko euskal elkarteak.

Argentinara itzuliz, Jose C. Paz herriko Toki Eder Euskal Etxeak apirilaren 22a arte atzeratuko du Aberri Eguneko bazkaria eta Quebec-en, Euskaldunak elkartea apirilaren 29rako ari da antolatzen Aberri Eguneko jaia. Txilen, Santiagoko Eusko Etxeak modu berezian gauzatuko du aurtengoan Aberri Eguna, elkartea Mendeurrena ospatzen ari baita, Uruguaiko Montevideon bertako Euskal Erria Euskal Etxea ari den bezalaxe.

-Zeure euskal etxeko ospakizunen berri bidali nahi badiguzu, aski duzu info@euskalkultura.com helbidera idaztea



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia