euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Munduko euskal etxeak Aberri Eguneko ospakizunak prestatzen ari dira: New York, Santiago, Habana...

2011/04/14

Aberri Eguna ospatzen Cancunen, Mexikon
Aberri Eguna ospatzen Cancunen, Mexikon

PUBLIZITATEA

Urtero legez munduko hainbat euskal etxetako Aberri Eguneko deialdiak heltzen hasi dira gure erredakziora. Kultur ekitaldiak, kontzertuak, hitzaldiak, bazkariak eta afariak ari dira prestatzen munduko euskaldunak data berezi hau ospatzeko. Batzuk --Quebeceko eta Cañuelaseko euskal etxeak kasu-- aldez aurretik ospatu dute. Gehienek apirilaren 24ean, Aberri Egunean bertan, egingo dute jaia: New York, Mexiko, Celaya, Sydney, Madril, Habana... Beste batzuetan, hala nola Washingtonen eta Txileko Santiagon, maiatzean ospatuko dute Aberri Eguna.

Donostia-San Sebastián. Aberri Eguna Diasporako euskaldunek historikoki emozio handiz bizi izan duten jaia da eta asko dira dagoeneko egun honetarako deialdiak ezagutzera eman dituzten euskal etxe eta elkarteak. Kuban, adibidez, Habanako euskaldunek kultur egitarau mardulaz gozatzeko aukera izango dute. Antolatzaileak Athletikuba taldea eta Asociación Vasco-Navarra de Beneficiencia euskal etxea izan dira, irlan kokaturiko euskal enpresen laguntza ekonomikoarekin.

Kubako Aberri Eguneko ospakizunak apirilaren 23an hasiko dira, larunbatean, 3. Euskal-Kubatar Mus Txapelketarekin eta herri afari batekin. Biharamunean, igandean, izango da ekitaldi nagusia, Centro Vasco jatetxean. Hitzaldi batekin emango zaio hasiera egunari; hizlariak Joseba Macías soziologo, kazetari eta unibertsitate irakaslea (euskaraz eta gaztelaniaz) eta María Teresa Cornide, Asociación Vasco-Navarra de Beneficiencia elkarteko presidentea izango dira. Ondoren bi dantzarik agurra dantzatuko dute eta bertso saioa egingo dute bi euskal bertsolarik eta bi kubatar 'repentistek' . Ekitaldiari bukaera emateko Imuntzo ta Beloki trikitilariek eta kubatar kantari batek kontzertua eskainiko dute. Eguerdian bazkaria egingo dute partehartzaileek eta jaiak arratsaldean jarraituko du Centro Vascoko diskotekan. Baliteke egun horietan irlan ikastaro bat egiten ari den koru nafar bateko kideak ere bertaratzea Habanako ospakizunera.

Mexikotik Australiara

Mexikon ere tradizio handia du Aberri Egunak eta urtero bezala Celayako euskaldunak bazkaria egiteko bilduko dira Arrano Beltza elkartean. Hitzordua apirilaren 24ean izango da, eguerdiko ordu bitan. Mexiko DFn ere Euskal Etxean urteroko Aberri Eguneko bazkaria egingo dute, egun berean.

Munduaren beste aldean, Australian, Sydneyko Gure Txoko Euskal Etxeko kideak eta familiak Centennial Park delakoan bilduko dira, eguna piknik batekin ospatzeko. Eta Madrilen, Euskal Etxeak bazkaria antolatu du egoitzako txokoan apirilaren 24rako.

New York eta Rhode Island, AEBn

New Yorken hiriko euskal etxeak apirilaren 24ean ospatuko du Aberri Eguna. Sagar Handiko euskaldunek Josu Iriondo apezpikuak emango duen mezarekin hasiko dute eguna eta ondoren bazkaria egingo dute euskal etxean, Iñaki Letek prestaturik. Ekitaldi guztiak elkartearen egoitzen egingo dira: 30 Eckford St., Brooklyn, NY.

New Yorketik gertu, Rhode Island-en, bertako euskal etxeak egun berean, apirilaren 24ean, ospatuko du jaia, 22 Bowen's Wharf jatetxean egingo den bazkariarekin. Erreserbak apirilaren 15a baino lehen egin behar dira, e-maila bidaliz nebasque@aol.com helbidera. 

Santiago eta Washington, maiatzean

Txileko Santiago hiriko Euskal Etxeak, aldiz, maiatzaren 1ean ospatuko du Aberri Eguna. Ekitaldiak meza batekin hasiko dira hamaiketan Ama Augustindarren elizan (Vicuña Mackenna 420). Euskal etxeko abesbatzak mezan kantatuko du. Ondoren, 12:30etan "Itxaropen Gaztea" dantza taldeak eta abesbatzak euskal etxeko frontoian emanaldia eskainiko dute. Eta bukatzeko, 14:00 bazkaria zerbitzatuko da elkartearen bigarren solairuko saloian. Ohi bezala, euskal jantzi tipikoekin jantzita joateko eskatu dute antolatzaileek. 

Bukatzeko, gaurko artikuluari dagokionez bederen, Washingtongo Euskal Etxeak maiatzaren 7rako egin du deialdia, eta elkarteko kideei Rock Creek parkean Aberri Eguneko Euskal piknika egiteko proposamena egin die.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia