euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Diasporako beste hainbat lekutan bezala, Argentinan ere ospatu dute Aberri Eguna euskal elkarteek

2012/04/17

‘Diasporako Independentistak’ sareak apirilaren 10ean ospatu zuen Aberri Eguna Buenos Airesen (argazkia EuskalKultura.com)
‘Diasporako Independentistak’ sareak apirilaren 10ean ospatu zuen Aberri Eguna Buenos Airesen (argazkia EuskalKultura.com)
Pazko igandean ospatu zen Aberri Eguna Euskal Herrian eta apirilean zehar egingo dute Argentinako hainbat euskal elkartek bertako ohiturei jarraiki. Urterik urte haziz doan engaiamenduak eraginda, euskal etxeek barruko eta kanpoko ekintzak antolatu dituzte joan den astean, munduan euskaldunen ondorengo gehien biltzen duen herrialdean. Datozen lerroetara, iragan asteko ekitaldiak batu ditugu, Buenos Aires, Laprida, Villa Maria eta Arrecifesen burutu diren ospakizunen laburpenak hain zuzen.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aberri Eguneko ospakizun ofiziala joan den apirilaren 8an izan bazen ere, salbuespenak salbuespen, munduko euskal elkarte askok atzeratu egiten dute ospakizuna, Aste Santuko oporrak eta gero bazkide eta lagun gehiago bilduko dutelakoan.

Hiriburu federaletik hasita eta kronologikoki, hala egin zuten, esaterako, Independentistak mugimenduko arduradunek eta apirilaren 10ean ipini zuten hitzordua argentinar hiriburuko Mayo Plazan. Diasporako Independentistak sarea osatzen duten lagunek "norbanakoek osatutako" saretzat aurkezten dute euren burua, "inongo alderdi politiko edo sindikalen" bozeramale ez direla, eta Cabildo-ren inguruan elkartu ziren. Bertan, Argentinako ereserkia abestu ondoren, Gernikako Arbola kantatu zuten. Ondoren, zenbait euskal etxetako dantzariek Aurreskua dantzatu zuten, Valeria Migliocchetti txistulari.

Aberri Eguna I 2012 01

[Buenos Aires eta Arrecifeseko dantzariek dantzatu zuten Aurreskua hiriburu argentinarrean, Etxe Arrosa lekuko zutela (argazkia Euskalkultura.com)]

Etxe Arrosa lekuko, Independentistak sareko kide den Floren Aoiz-en agurra entzun zen Mayo Plazan eta segidan 2012ko Aberri Egunerako elkarteak kaleratu zuen dokumentua irakurri zen, bertan independentzia aldarrikatzen zelarik "hauxe baita XXI. mendeko aukerarik onena". "Independentzia bideragarria da, lor daiteke, eta merezi du, komeni zaigulako, maila ekonomikoan, kultura eta hizkuntzari dagokienez" esan zen, gehituz "aurtengo Aberri Eguna mundiala izanen d(el)a, munduko txoko eta bazter askotan eginen dugulako eta mugarri bilakatuko baita gure bidean". "Ospa dezagun elkarrekin independentista guziok, batera arituz gero ez baitago geldiarazten ahal gaituen ezer ezta inor ere. Izan gaitezen, goiz baino beranduago, herritar libre herri libre batean!”, aldarrikatuz, Eusko Gudariak kantatuz bukatu zuten ekitaldia Cabildora bildutakoek.

Iparraldeko Euskal Etxea

Mayo plazatik kale batzuetara baina apirilaren 11an beste ekimen bat burutu zen Buenos Airesen. Oraingo hitzordua Iparraldeko Euskal Etxean izan zen eta elkarretaratzearen asmoa "giro on eta lasaian, lagunen arteko hitzaldia egitea izan zen". "1934. urtetik hona Aberri Eguneko ospakizunak nolakoak izan ziren kontatzera gonbidatu genuen Cesar Arrondo eta bere betiko era atseginean oso mintzaldi polita eskaini zigun”, adierazi dio Iparraldeko Euskal Etxeko idazkaria den Norma Rios-ek EuskalKultura.com-i. Arrondoren azalpena bukatzean, topa egin zuten Euskal Herriaren alde Moreno kaleko egoitzara bildutakoek.

Aberri Eguna I 2012 02

[Cesar Arrondoren hitzaldia bukatuta topa egin zuten Iparraldeko Euskal Etxeko lagunek (argazkia IEE)]

Laprida eta Arrecifes

Buenos Aires probintzian baina Laprida hirian Pazko Mezaren ostean, Gernikako haritzaren kimu bat landatu zen bertoko Gizataldeen Plazan. Apirilaren 8an, Lagunen Etxea-ko kideek osatutako talde batek zeremonia labur bat antolatu zuen enparantzan. Euskal etxearen izenean, Maria Ester Arrondok FEVAk kaleratutako Aberri Eguneko dokumentua irakurri zuen jendaurrean eta Cesar Arrondok ospakizunari zegozkion hitz batzuk esan zituen. Enrique Germade apaizak izan zuen bedeinkazioa ekiteko ardura. Aipatutakoez gain, Maria Cristina Urruti de Lahore, S. Acosta, Jonathan Vassolo, Marita Duhau, Ricardo Lorenzo Ibaldo, Adrián Arosteguy, Tomás Fernández de Barrena, Federico Vara, Mabel Jorge de Irazabal, Martín Adrián, Joaquín Bordacahar, Elsa Eyherabide, eta Irune Adrián eta Nagore Adrián dantzariak ere izan ziren ekitaldian.

Aberri Eguna I 2012 03

[Lagunen Etxea euskal etxeko lagunak Gizataldeen Plazan (argazkia EE)]

Arrecifes hirian deialdi berezi bat egin zuten Euskaldunak Denak Bat euskal etxeko arduradunek Aberri Eguneko ospakizunarekin komunitate osoarengana heltzeko asmotan. Iaz hasitako ekimenari jarraituz aurten ere gonbitea luzatu zitzaien euskal jatorrizko familiei euren etxeetako leiho eta balkoietan ikurrina zabal zezaten. Halaxe egin zuten Euskaldunak Denak Bat erakundeko hainbat kidek eta Pazko Igandean gorriz, berdez eta zuriz margotuta agertu ziren herriko hainbat etxebizitza eta kale.

Aberri Eguna I 2012 04

[Gorriz, berdez eta zuriz agertu zen jantzita Arrecifes joan den apirilaren 8an (argazkiak EE)]

Villa Mariako Euzko Etxea

Iparralderantz joanik, Villa Mariatik ere heldu zaigu Aberri Eguneko festaren berri. Cordoba probintziako herri honetako euskaldunek apirilaren 7an burutu zuten topaketa. 90 lagunentzako afariaren baitan omenaldi bat egin zioten Euzko Etxea-ko arduradunek Marcela Pozzi erakundeko idazkari akademikoari euskal etxearen alde egiten duen lanagatik.

“Jaia hunkigarria izan zen oso, eta oso agerian geratu zen jendearen engaiamendua euskal kulturarekiko eta euskal etxearekiko”, adierazi dute Villa Mariako euskal etxeko kideek. Jaia ordu txikiak arte luzatu zen.

Aberri Eguna I 2012 05

[90 lagunentzako afaria, dantzak eta omenaldia Villa Mariako Aberri Egunean (argazkiakEE)]

Aipatu beharra dago, bestalde, apirilaren 8an lagun eta erakunde askok zabaldu zutela euren agurra internetez. Modalitate hau aukeratu zuten, konparazio, Ayacuchoko Euskal Odola euskal etxeak, San Miguelgo Askatasunaren Bidea elkarteak, Buenos Aireseko Ekin Argitaletxeak eta Trenque Lauquengo Euskal Sustraiak euskal etxeak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia