euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mundu osoko euskal komunitate ugarik Aberri Egunaren jaia ospatuko dute, asteburu honetan bertan hasita

2007/04/04

Aberri Eguna ospatzen New Yorkeko Eusko Etxean
Aberri Eguna ospatzen New Yorkeko Eusko Etxean

PUBLIZITATEA

Europa eta Ameriketako euskal etxe ugarik, eta baita urrunagoko elkarte batzuk ere --Australia eta Shanghaiko euskal etxeek adibidez-- Aberri Eguna ospatzeko deia luzatu diete jada euren bazkide eta lagunei. Diasporan jarraipen handia izan ohi duen jaia da hau eta munduan dauden euskal etxeetako gehienek ekitaldiren bat edo beste egingo dutela esan daiteke. Gehienak asteburu honetan bertan izango dira, Berpizkunde Igandearekin bat --aurten apirilaren 8a--, baina beste batzuk, Txileko Santiagokoak eta Argentina edo Uruguaiko beste hainbat tartean, astebete atzeratuko dituzte ospakizunak. Artikulu honetan deialdion berri ematen dugu.
Aberri Egunak oihartzun nabarmena izango du aurtengoan ere Diasporan, euskal etxe askok antolatu dituzten bilkura, bazkari eta beste ekitaldiei esker. Goiztiarrenak Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxekoak izan dira, Argentinan. Joan den asteburuan eta Aberri Eguna dela eta, euskal etxe honek bere lehendabiziko Dantzari Topaketa antolatu zuen. Inguruko euskal etxe ugari bildu ziren deialdi hartara: Mar del Plata, Saladillo, Chascomús, La Plata, José C. Paz, Pergamino, Lomas de Zamora eta General Villegas. Cañuelasen ondotik Washington DCko euskal etxe gazteak hartuko du lekukoa: euren hitzordua datorren larunbatean bertan izango da, Aberri Egunaren picnic-a egiteko. Australiako euskal etxeak etorriko dira ondoren eta baita Shanghaiko Euskal Etxe gaztea ere. Txinakoen kasuan Aberri Eguna Shanghaiko Kataluniako futbol 'selekzio'aren aurkako partidarekin ospatuko dute.

Hitzordua beteko duten beste euskal etxe batzuk Venezuelakoak dira, Caracas eta Valenciakoak alegia. Aberri Eguna tradizio handiko jaia da bertan eta elkarteotako kide ugari biltzen ditu urtero. Mexikon ere jarraitzaile asko ditu jaiak eta bertako hiru euskal komunitate nagusiek euren deialdia egin dute jada iganderako: Mexiko DFko Euskal Etxeak, Celaya hiriko euskaldun taldeak eta Cancun-go euskaldunek, azken hauek Aberri Eguna Karibeko giro ederrean ospatzeko gonbite tentagarria eginez.

Argentinan bertako euskal etxe gehienak Aberri Eguna nola edo hala ospatuko dutela esan daiteke, bakoitza bere neurri eta ahalmenaren arabera. Horietariko batzuk aipatzeagatik Buenos Aireseko Laurak Bat (meza), Jose C. Paz-eko Toki Eder edo General Villegaseko Euskal Etxea ekarriko ditugu gogora. Madrilen ere bertako Euskal Etxeak bazkaria egingo du Aberri Eguna dela eta, eta New Yorkeko Euskal Etxeko kideek ere urteroko elgarretaratze jendetsua egingo dute igandean. Dexente dita jaia astebetez atzeratuko duten euskal etxeak, Aste Santuko oporrak pasa eta elkarteko kideak bildu arte itxaronez. Horrelaxe egingo dute Txileko Santiagoko Euskal Etxean, Aberri Eguna datorren apirilaren 15ean ospatuz. Euskalkultura.com-ek jai guzti hauen eta beste askoren berri emango du, ospatu ahala, datozen egunetan.


Lotura interesgarriak

300 lagun bildu ziren iaz Caracaseko Aberri Egunean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 4an

Aberri Eguna Sao Pauloko Euskal Etxean
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 3an

Concordiako euskaldunek Aberri Eguna ospatu zuten
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko maiatzaren 3an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia