euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mundu osoko 25 herrialdeko telebistek eskainiko dute egunotan 'Olentzero eta subilaren lapurreta' euskal filma

2007/12/27

Olentzero-eta munduko beste hamaika hizkuntzatan mintzatzeko gauza izango dira orain
Olentzero-eta munduko beste hamaika hizkuntzatan mintzatzeko gauza izango dira orain

PUBLIZITATEA

Mundu osoko 25 herrialde eta kulturatako haur eta helduek --Argentinatik hasi eta Errusiaraino, tartean Alemania, Polonia, Txekia, Kosovo, Saudi Arabia, Serbia eta Mexiko-- ikusi ahal izango dituzte euskal ikazkinaren gabonetako abenturak, beste hainbeste telebistek Baleuko ekoiztetxe bizkaitarraren marrazki bizidun filmaren emisio eta DVD eskubideak erosi eta gero. Olentzerori buruzko trilogia baten bigarren emaitza da honakoa, euskarazko eta gaztelaniazko bertsiotan ekoitzia. Euskal Herrian egundoko arrakasta lortua dute lehenengo biak eta hirugarren emaitza, 'Olentzero eta oparien ordua' izenpean, 2008rako dago aurreikusia.
Euskal Herriko ohiturak munduan zehar ezagutzera emateko modu ederra da 3Dn egindako animazio filma hau. “Olentzero eta subilaren lapurreta” trilogia bateko bigarren izenburua da eta 2005ean estreinatu zen, euskarazko eta gaztelerazko bertsioekin. Orain, beste hamaika hizkuntza eta kulturetarako jauzia eman duelarik, Baleukoko ekoizle eragilea den Miguel Gómez-Tejedor-en esanetan, momentu polita da “oso pozgarria baita kultura ezberdinetako haurrek berdin-berdin gozatzea filma honekin”.

Filma Pirineotako herrixka batetan kokatzen da, Gabonetan. Olentzero pertsonaia maitagarriak bailarako haurren gutunak jaso ditu eta bere subil magikoaren bitartez umeak zer moduz portatzen diren ikusten du. Egun batean negozio gizon gaizto bat iristen da herrira eta basoko zuhaitzak botatzeko asmoa agertzen du bertan eski estazio bat egiteko. Anjé ikazkin gaztea, Olentzero eta inguruko haurrak egoera bere onera ekartzen saiatuko dira.

Juanjo Elordik zuzendutako lan hau abentura istorioa da, laguntasuna eta elkartasuna bezalako baloreak helarazi nahi dituena. Horrez gain, ingurumena zaintzeak daukan garrantzia azaltzen die umeei. Trilogia bateko parte, lehenengo zatia 2002. urtean estreinatu zen 'Olentzero, Gabonetako ipuina' izenpean (gaztelaniaz Anjé, la leyenda del pirineo gisa ere itzuli zuten). Euskal Herrian, 30.000 haur baino gehiago pasatu ziren zine aretoetatik filma ikustera, horietatik %80a euskarazko bertsioan. Estreinatu eta urte betera ETBk eskaini zuen, hor ere entzulego arrakasta handiz, eta beste hainbeste lortu zuten DVD bertsioek. Trilogiako hirugarren zatiaren estreinaldia ('Olentzero eta oparien ordua') 2008rako aurreikusi da.


Lotura interesgarriak

Baleuko
www.baleuko.com

Filmaren fitxa teknikoa
Olentzero eta subilaren lapurreta

Olentzero wikipedian
wikipedia.org


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia