euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Montevideotik Sydneyra, Euskararen Eguneko ospakizunak munduko bazter guztietara helduko dira

2015/12/01

Londresko euskaldunak Euskararen Eguna ospatzen National Gallery museoko eskaileratan aurreko edizio batean (argazkia Londres EE)
Londresko euskaldunak Euskararen Eguna ospatzen National Gallery museoko eskaileratan aurreko edizio batean (argazkia Londres EE)

PUBLIZITATEA

Etzi ospatuko da Euskararen Nazioarteko Eguna eta urtero legez, mundu osoko euskal etxeek bat egingo dute hitzorduarekin. Diasporako euskal komunitateak dira munduan euskal kulturaren erakusgarri onenak eta, beste behin ere, gizon eta emakume hauek euren ahalegina eta denbora emango dute euskararekiko euren engaiamendua erakusteko. Buenos Aires, Montevideo, Sydney, Boise, Bartzelona, Mexiko... hona hitzordu horietako batzuk.

Donostia- San Sebastián. Ostegun honetan, abenduaren 3an, eta datozen egunetan munduan zehar dozenaka ekitaldi egingo dira, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Euskal Herrian zein Diasporan, euskaldunak kalera aterako dira euskararen aldeko ekitaldietan parte hartzera.

Eusko Jaurlaritzak ekitaldi ofiziala egingo du Donostiako Tabakalera kultur gunean, eta Legebiltzarrean ere ekitaldi berezi bat egingo da, euskaraz idatzi zen aurreneko liburuaren (Bernat Etxepareren "Linguae Vasconum Primitiae") edizio berri bat aurkeztuz, beste sei hizkuntzetara itzulia.

Montevideon, Mujicarekin

Diasporan, munduan zehar makina bat ekitaldi egingo dira. Uruguain, esaterako, Montevideon hiru eguneko ospakizuna antolatu du Euskal Erria euskal etxeak, Nevada-Renoko Wiliiam Douglass Center for Basque Studies-en eta Etxepare Institutuaren sostenguarekin. Abenduaren 3, 4, eta 5ean egingo dira eta bertan, ohiko festa eta ospakizunez gain, hitzaldiak eta liburu aurkezpenak egingo dituzte.

Argentinatik Ekin eta Lauburu euskal argitaletxeen ordezkariak bilduko dira jarduera horietara. Ospakizunek, gainera, gonbidatu oso berezi bat izago dute, ekitaldi ofizialean Jose Mujica Uruguaiko presidente ohiak esku hartuko baitu, besteak beste. 

Madril, Valentzia, Buenos Aires...

Buenos Airesen Euskararen Egunak protagonista handi bat du aurten: Argentinan Euskaraz programa eta bere 25. urteurrena. Egunotan ekitaldi andana egin dira Buenos Airesen euskara irakaskuntzaren arrakasta eder hau ospatzeko, Patxi Baztarrika Hizkuntz Politikarako sailburuordea partaide (informazio osoa, gure artikulu honetan). Abenduaren 3an, hau izango da eguneko programa.

Argentinan jarraituz, Arrecifeseko eta Rio Cuartoko euskal etxeek ere prestatu dituzte ekitaldi bereziak (programak, hurrenez hurren, hemen eta hemen). Ostegun honetan bertan argitaratuko dugu soilik Argentinako ekitaldiei eskainitako beste artikulu bat.

Valentzian, Euskaltzaleok elkarteak bideo grabaketa kolektibo bat egingo du abenduaren 3an, eta Madrilen Euskal Etxeak afaria egingo du. Bartzelonan, egun berean, Euskal Etxeak programa zabala prestatu du: mintzodromoa, dantza, afaria eta euskeraokea. 

Sydney, Boise, Berlin

AEBetan Boiseko Euskal Museoak ate-ireki ekitaldi berezia egingo du Euskararen Eguna ospatzeko abenduaren 3an (programa). Alemanian, Berlingo Euskal Etxeak "Euskal Herria-Alemania" multimedia proiektua aurkeztuko du abenduaren 4an, Euskararen Egunarekin bat eginez. Australian, Sydneyko Gure Txoko elkarteak Euskararen Eguneko bazkaria egingo du larunbatean, abenduaren 5ean.

Brasilen, Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak aldez aurretik ospatu zuen Euskararen Eguna azaroaren 25ean, Euskara Munduan irakaskuntza programako koordinatzailea, Kinku Zinkunegi, bertan zelarik. Elkarteak Tremembé-ko Kultur Etxeko gela bat (euskara klaseak hartzen dituena) "Espaço Euskaldun Berri" izenarekin izendatu zuen eta ondoren Zinkunegik euskarari buruzko hitzaldi bat eskaini zuen.

Etxeparek mundu zabaleko 7 hiritan

Etxepare Euskal Institutuak ere ekitaldi sorta mardula prestatu du Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Erakundeak azaldu duenez 9 programa ezberdin antolatu eta sustatu ditu, nazioarteko 7 hiri ezberdinetan. Horietako batzuk Etxepareren unibertsitate sareko irakasleek atondutakoak dira: Mosku (Errusia), Birmingham (Erresuma Batua), Szeged (Hungaria) eta Poznan (Polonia) hirietan hitzaldiak, kontzertuak, tailerrak, lehiaketak eta zine emanaldiak izango dira, esaterako.

Guadalajaran (Mexiko) izango den FIL azokan eta Mexiko DF hirian euskal literatura sustatzeko zenbait ekimen antolatu ditu Institutuak; bertan da honezkero Arantxa Urretabizkaia idazlea, gure literaturaren ordezkari.  Montevideon (Uruguai), Euskal Zine Erakustaldia antolatu dute Cinemateca Uruguaya, Territorios y Fronteras, Zinebi eta Etxeparek: 8 film luze eta 8 labur emango dituzte, azken urteotako esanguratsuenak; erakusketa bat eta mahai-inguru bat ere antolatu dituzte.

[Hitzordu hauetaz gain beste baten berririk baduzu, bidali mesedez informazioa info@euskalkultura.com helbidera]



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia