euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mintzaldiak, erakusketak eta musika Hiru Erreka Euskal Etxea ostiraleraino egiten ari den Emakumearen Astean

2007/03/13

Hiru Erreka Euskal Etxeko Zenbakaitz irratsaioa, Andrea Elgart kazetariak zuzendua
Hiru Erreka Euskal Etxeko Zenbakaitz irratsaioa, Andrea Elgart kazetariak zuzendua

PUBLIZITATEA

Hiru Erreka Euskal Etxea, Argentinako Buenos Aires probintziako Tres Arroyos hirian, Emakumeei eskainitako astea ari da bizitzen egunotan, Emakumearen Nazioarteko Hilabetea ospatzen dela eta. Euskal Etxeak antolatuta, aste osoan mintzaldiak, erakusketak eta kontzertuak ari dira egiten elkartearen egoitzan, helburu argi batekin: 'emakumeari bizi kalitate hobea eta espazio propioa lortzen laguntzea'.
Hiru Erreka Euskal Etxeak emakumearen omenezko astea antolatu du beste urte batez, artea, literatura, psikologia, osasuna eta moda bezalako gaien inguruko mintzaldi, erakusketa eta bestelako hitzorduak tartean. Euskal Etxearen egoitzan egunero programatu diren ekitaldiak atzo bertan hasi ziren 'Emakumea eta oreka psikofisikoa lortzeko terapiak' mintzaldiarekin.

Gaurko proposamenak literatura izango du mintzagai, Tres Arroyoseko hainbat idazlek osaturiko mahai inguruan. Marina Villanueva, Stella Gil, Alicia Arévalo, Dolly Echevarría de Vassolo, Regina Martínez Pastur de Ambrosius eta Martha Vega izango dira euren lan eta emaitzak aipagai hartuta. Leticia Roldan literatura irakasleak, bere aldetik, literatura ikastaro eta lehiaketen berri emango du. Saioari bukaera emateko tartetxo bat zabalduko zaio musikari, Alcira Lembi eta Cristina Campañak zenbait instrumentu joko baitituzte.

Psikologia, moda, musika...

Bihar 'Emakumea eta elikatze nahasketak' mintzaldia emango dute María Inés Grignolik eta Liliana Cassatarok. Bertan, obesitatea, anorexia eta antsietatea bezalako gaitzetaz arituko dira. Ostegunean mintzaldiaren gaia 'Emakumea eta bakardadea' izango da, Liliana Mortatti psikologoaren eskutik. Ostiralean, jardunaldien azken egunean, 'Emakumea eta moda' izenburudun mintzaldi praktikoa emango du María Florencia Martínez diseinatzaileak. Honez gain, astean zehar erakusketak, zozketak, sorpresa ugari eta musika kontzertuak ere gauzatuko dituzte Tres Arroyoseko Hiru Erreka euskal etxean.


Lotura interesgarriak

Hiru Erreka Euskal Etxea
www.hiruerreka.com.ar

Hiru Errekako Euskal Etxeak Euskararen Eguna ospatu zuen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko abenduaren 13an

Hiru Erreka-k bere webgunea jarri du abian
Euskalkultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 30ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia