euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mikaela Goicoechea:"Maite dut euskal kantua eta nahiko nuke denbora bat eman Euskal Herrian nire euskara aurreratzeko"

2016/04/21

16 urte ditu Mikaela Goicoecheak. Kontzertua emango du larunbat honetan Rock Springs, Wyoming-en (argazkia EuskalKultura.com)
16 urte ditu Mikaela Goicoecheak. Kontzertua emango du larunbat honetan Rock Springs, Wyoming-en (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Wyoming-eko Rock Springs-en jaioa, Estatu Batuetan, Mikaela Goicoecheak 16 urte dauzka eta kantuzalea da oso. Larunbat honetan emanaldia antolatu du bere sorterriko Broadway Antzokian dirua lortzearren New Yorkera joateko, kantua ikasi nahi baitu uda honetan Sagar Handiko akademia prestigiotsu batean.

Joseba Etxarri. Bai, Mikaela Goicoecheari izugarri gustatzen zaio kantatzea. Haurtxoa zenetik kantatzen du eta urteak dira kantu eta piano eskoletara doala Rock Springs-en. Honaino guztia normala. Beharbada hain sarri ikusten ez dena 16-17 urteko neskatxa gazte bat da, Estatu Batuetako Mendebaldeko herri txiki batekoa, erabakitzen New York hiri handira joatea bertako arte eta musika ikastetxe prestigiotsu batean aritzeko, musikaren mundu zail eta lehiatsura dedikatuko direla erabakia duten hainbat jenderen artera. Mikaela formatzen ari da oraindik eta ez du oraindik erabaki nora bideratuko dituen urratsak. Fisikoki ez da neska batere handia eta itxura lotsati edo herabekoa eskaintzen du, baina ari da pausoak bere kasa ematen ikasten, beti ere gurasoen eta anaien sostenguarekin, bai baitaki familia lagun daukala zirt edo zart erabakita ere eta hor izango duela baita ere, esaterako, San Frantziskoko Joana lagun mina, euskal jatorrikoa hau ere eta negoziokide ere izan duena, duela pare bat urte euskal elastikoak diseinatzen eta saltzen ibili baitziren elkarrekin, emaitza interesgarriz gainera.

Aurkeztuko zeniguke zeure burua?

-Mikaela Goicoechea da nire izena eta Rocks Springs-en bizi naiz. Bertako Institutuan ikasten dut eta urtebete geratzen zait unibertsitatera, Collegera, pasatu aurretik.

Ahots polita daukazu.

-Eskerrik asko. Izan ere asko gustatzen zait kantatzea eta betidanik gozatu izan dut kantatzen. Bost urte nituela hartu nuen parte lehendabizikoz jaialdi edo talent show batean, eskolan, eta gogoan daukat hasieran urduri samar nengoela, baina gustatu zitzaidala. A cappella kantatu nuen eta gogoan daukat euskarazko kantu bat kantatu nuela. Askotan abesten dut a cappella, eta beste batzuetan pianoak edo aurregrabatutako musikak lagunduta. Duoak ere egiten ditut eta abesbatza bateko parte naiz. Duela hilabete, adibidez, Seattle-n egon nintzen abesbatzarekin, All Northwest Honors Choir Concert-en kantatzen, pieza klasiko eta modernoak.

Aitaren eta amaren aldeko herentzia izango? Zure aita, Martin, Nafarroako Gorritikoa da izatez baina gaztetandik bizi da Estatu Batuetan, bertsolaria da eta urtean hainbat plaza egiten ditu euskal zirkuitu amerikarrean. Zure ama , Veronica,  amerikarra, kantuzalea da baita ere eta kantatu eta zuzendu izan ditu euskal abesbatzak Wyoming-en...

-(irri egiten du) Seguru baietz. Oso harro nago nire familiaz eta eurengandik jasotzen dudan sostenguaz, sostengu-emaile baititut beti gurasoak, anaiak, lagunak eta familiakoak oro har. Nire bi anaiek ez dute kantatzen, baina instrumenturen bat jotzen dute.

Goicoecheatarrak Rock Springs-eko euskal familia ezaguna zarete... Euskalduntzat al daukazu zeure burua?

-Dudarik gabe. Betidanik ezagutu eta bizi izan dut euskal kultura, etxean eta geure inguru osoan. Aita bertsolaria da, Estatu Batuetan dauden gutxietakoa eta merezimendu askoko lana garatzen du. Txikitandik parte hartu izan dut euskal festa eta elkarretaratzeetan, eta baita NABOk, euskal etxeen federazio nazionalak, antolatzen dituen Udalekuetan ere: lautan haur gisa eta beste behin begirale laguntzaile gisa.

Duela pare bat urte, 14 urte besterik ez zenituela, euskal festa batean ikusi izan zaitugu Kaliforniako Bakersfield-en. Elastikoak saltzeko leku stand baten atzean, baina: zeuk diseinatu eta kaleratutako logo eta elastikoak saltzen.

-(irri egiten du) Esperientzia polita izan zen, San Frantziskoko Joana Arrechea lagunarekin. Euskal logo batzuk diseinatu, interneten webgune bat zabaldu genuen eta geure produktuak komertzializatu genituen: itsasgarriak, elastikoak...

Zer ikasteko asmoa daukazu?

-Kantu irakaslea izan nahiko nuke, abesbatzena zein norbanakoena. Nahiko nuke baita ere Boise State University-ra joan eta bertako Euskal Ikasketa programan ikasi. Euskal Herrian izan naiz... sei aldiz uste dut, familia daukat bertan eta oso gustura sentitzen naiz. Momenturen batean, ikasten ari naizela, hartu eta sei-hilabeteko bat pasatu nahi nuke han, nire euskararekin aurrera egiteko. Gustukoa dut oso euskal musika, eta folka eta euskal kantu batzuk zinez dira nire bizitzako parte; Benito Lertxundi bezalako kantariekin disfrutatzen dut eta baita ere zuzenean ezagutu izan ditudan beste batzuekin , hala nola Kalakan edo Euzkitzerekin. Loretxoa eta Txoria txori oso maiteak ditudan kantuak dira.

Larunbat honetan emanaldia daukazu Rock Springs-en.

-Datorren uztailean udako ikastaro batean parte hartzeko aukera eskaini zidaten, New Yorkeko American Musical and Dramatic Academy's High School Performing Arts Summer Conservatory delakoan. Ohore handi bat da eta ezin nion ezetzik esan. Beraz, kontzertu hau antolatzea pentsatu nuen --sarrera borondatea da-- dirua biltzearren, joan ahal izateko. Ia ordubeteko programa kantatuko dut, jazz pixkat, klasikoa, antzerki musikala eta euskal kanturen bat. Larunbat honetan da, arratsaldeko zazpietan, Rock Springs-eko Broadway Antzokian.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia