euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Miamiko EEak 30 bazkideetaraino heldu nahi du bere lokalarekin segitu ahal izateko; laguntza behar dute

2012/08/02

Joan den asteburuan Miamiko Txoko Alai Euskal Etxean 'Inazio gure patroi handia' kantatzen San Inazio festan (argazkiaEE)
Joan den asteburuan Miamiko Txoko Alai Euskal Etxean 'Inazio gure patroi handia' kantatzen San Inazio festan (argazkiaEE)
Egia esateko, antolatzen dituen hitzorduek --giro onez, ongi jatea apreziatuz eta landuz, eta euskal kultura eta ohiturekiko maitasunez-- askoz jende gehiago biltzen dute, baina ez dute lortzen jende kopuru minimoa beste urrats hori eman eta hilabetero 60 dolarreko kuota ordaintzeko, edo gutxiagokoa, aski jende kidetzen bada. Joan den asteburuan bertan Euskal Etxeak San Inazio ospatu zuen, bere egoitzan egindako bazkari eta festa eder batekin eta 'Inazio gure patroi handia' eta guzti kantatu zuten, elkarteko etengabeko animatzaile eta alma materra den Boni Guenechea gernikarrak hitzak banatuta. Miamin bizi bazara, etzazu zalantzarik izan, euskal etxeko kide izateak ekarri handia egiten baitio bertan bizi den edonori. Ez da zertan euskalduna izan beharrik, bai ordea euskaldunen edo euskal kulturaren lagun. Miamiko Euskal Etxeak behar zaitu!

PUBLIZITATEA

Miami, Estatu Batuak. Gauza polita eta zinez bizi-emailea da benetan Miamiko Euskal Etxeko ekitaldietan parte hartzeko aukera izatea, batez ere bizimodu amerikarraren baitan euskal ikutua duen zerbait izateaz gain --etxeko gazteenentzat bide-zabaltzaile edo 'euskal' erreferentzia moduko zerbait izan daiteke testuinguru amerikar edo kubatar honetan-- gauzak gainerako familia eta partaideekin partitzeko ohiturari eusteko, Euskal Herriko txokoetan bezala norberak berak prestatutako janari sanoaren inguruan biltzeko, piknik eta irteerak egiteko eta euskal jai-egun garrantzitsuenetako batzuetan batzeko aukera izateko, seme-alabei euskal etxe batek --NABOko kide da Miamiko Euskal Etxea-- eskaintzen dituen zerbitzuak eskainiz. Lokala inportantea da zeregin horretan eta, lokalik gabe egin badaiteke ere, bistan da galera litzatekeela.

Gauzak zeharo aldatu dira Miami eta Floridako zati handi bat euskal pilotarien meka zirenetik. Egun oso gutxi gelditzen da mundu hartakoa eta euskaldunek garaietara egokitu behar izan dute. Une jakin batean zeuden euskal txoko eta elkarteetatik, Miamiko Txoko Alai baino ez da geratzen, duela 26 urte, 1986an, gehienbat pilotari eta pilotari ohi talde batek sortua. Bi egitura bildu ziren horretara, eta momentu batean bi elkarte ere izan ziren hirian --batek gehiago euskal etxe izate aldera jotzen zuena eta besteak txoko edo elkartea-- azkenean biek bat egin zutelarik egungoa eman arte.

Joan den asteburuan bertan elkartekideek San Inazio ospatu dute, hilabetero egiten duten 'ardoa eta pintxoak' deietako baten barne. Izan ere gastronomiak eta euskaldunen jate eta edatearen aldeko zaletasunak garrantzi dauka euskal etxearen bizitzan. Ia berrogei bat jende batu zituen ekitaldiak eta oturuntza on baten inguruan bildurik bertaratutakoek 'Inazio gure patroi handia' kantatu zuten, Boni Guenetxea gernikarrak kantaren hitzen fotokopiak banatuta. Izan ere, elkarteak euskaldunak ez diren kide eta lagunak ere biltzen ditu, eta argi dago geroa izan nahi badu elkarte zabala behar duela izan, egungo zenbakiek ez baitute ematen. Ahaleginean ari dira daukatena ez galtzeko.

San Inazio bezala, urtean zehar Eguberria, San Fermin, Thanksgiving, Aberri Eguna eta antzeko festa seinalatuak ospatzen dituzte, aire librerako piknik eta familia giroko irteerak antolatzen dituzte, euskara klaseak ematen dituzte (egun birtualak, Aitzol Azurtza New Yorketik tutore) eta harrera egiten diete hirira iristen diren euskaldunei, bertako euskal erreferentzia bilakatuz.

Orain, euren burua berrantolatu eta pauso berri bat eman nahi dute lokala atxiki eta geroa bermatu ahal izateko. Helburua 30 bat bazkide kuotapagatzaile izatera heltzea da. Argi dago euskal etxeak bizitza kalitatea igotzen diela, eta Euskal Herriarekiko loturak gordetzen laguntzen diela, baina guztiek ez dute guztia modu berean ikusten. Orain, konprometituenek elkartean chapter bat muntatu nahi dute, lokala galtzea ekidin eta bizi berria bermatzeko elkarteari. Zu bertan bizi bazara, lagundu nahi baduzu edo bertan bizi den euskaldunik edo euskaldunen lagunik ezagutzen baduzu, pasa iezaiozu informazioa, mesede bat egingo baitiezu biei, lagunari eta elkarteari.

-Xehetasun gehiago: boniguen@gmail.com

Euskal Etxea of Miami
16155 SW 117 Ave Miami, FL 33177
Tel. (305) 252-6669
Faxa (305) 252-1032
www.euskaletxeaofmiami.org



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia