euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mexikoko baztandarrak 'Baztango Eguna' ospatuko dute igandean, Maiatzaren 1ean, DFko Euskal Etxean

2011/04/28

Mexikoko Baztango Eguna 2011eko afixa edo kartela (irudia EuskalKultura.com)
Mexikoko Baztango Eguna 2011eko afixa edo kartela (irudia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Mexikoko baztandarrek urtero Maiatzaren lehenean ospatzen dute 'Baztango Eguna'. Askok urte osoan itxaroten duten elkarretaratzea da, garai batean gehienbat nafarren eskuetan zegoen ogitegi-arloko enpresa handietako baten jabegoan egiten zena eta duela urte batzuk, lekukoa hartuz, Euskal Etxea gertaleku hautatu zuena. Izan ere, baztandar andana polita biltzen du DFko Euskal Etxeak bere baitan, eta hala dira, urrunago joan gabe, etxeko egungo lehendakaria eta baita aurrekoa ere, eta Zuzendaritza Batzordeko zenbait kide. Bilkurak "gure aitzinekoak hartuko ditu gogoan, gure jatorria eta kultura maitatzen erakutsi baitziguten, hemen Mexiko segida emanez", aitortu dio EuskalKultura.com-i MariCarmen Arrechek, Mexikon jaiotako baztandarra eta ekitaldiko antolatzaileetakoa denak.

Mexiko Hiria, Mexiko. Urtero, Maiatzaren Lehena --jai eguna Mexikon ere-- 'Baztango Eguna' da Mexiko hiriburuan, bertako baztandar jatorrizko komunitatea elkartasun egunpasa batean biltzen baita, Euskal Etxean egiten den bilkura hau herrialde osoko baztandarren elkarretaratze nagusia delarik, jatorri horretako gutxienez hiru belaunalditakoak bilduz.

Data erabat finkatua dago Mexikoko nafarren egutegian, gorriz markatua, eta aurretik familia mailan, maila pribatuan, egiten ziren beste elkarretaratze batzuen segida hartu zuen, duela zortzi bat edizio, lehenago maila horretan egiten zena erakundetu eta Euskal Etxera ekarriz ofizialdu eta izaera publiko eta antolatua eman zitzaionean. Jakina denez, Mexikoko Euskal Etxeko kideen artean asko dira jatorri baztandarra daukatenak, egungo lehendakaria, Lurdes Arrechea, barne edota aurreko lehendakari Miguel Larregui barne.

Historikoki, okinak edo ogia egin eta banatzeko eihera, industria eta saltegiak izan dira Mexikoko kolonia baztandarreko lanbide nagusietako bat. Negozio handi horietako batzuetan biltzen ziren zenbait familia, 'festa baztandarra' egiteko. Euskal Etxeko Kultura arloko arduraduna den MariCarmen Arretxeak [zerikusirik ez, familia aldetik Euskal Etxeko lehendakariarekin] kontatzen duenez, "Maiatzaren 1ean biltzen ziren urtero gure familiak, jan-edan, pilotan eta musean aritzeko". "Beti entzun izan nion aitari irrikaz esperatzen zuela Maiatzaren bata noiz helduko, lagunak agurtu eta elkarrekin denbora goxoak pasatzeko, orduan Panificadora La Vasconian egiten ziren reunio haietan".

Datorren igandeko menuak ere Baztango tradiziorik onenari segituko dio eta sortzez Baztango semea den Juanjo Arrieta Larregi sukaldariaren --eta sukaldeaz arduratuko den jende taldeko buruaren-- agindu eta lanak usein eta ikutu erabat baztandarra izango du. Hauxe izango da menua, aldaketarik ezean:

-Baztanzopak
-Piperrada
-Arkumea Txilindron erara
-Azpizuna zainzuri saltsaz
-Sagar-tarta bainila-izozkiz

Eta nork daki Txuri ta Beltz-ik ere izango denez...

Dantzatzeko musika ere izango da eta, jakina, ezin hutsegin ohiko mus partidari.

Arratsaldea laburra denez eta ilunabarra pentsatu baino gehiago iristen denez, antolatzaileek afari-merienda gisako otartekoak, eguerdiko soberakinez eginikoak, prest eukiko dituzte, "ohera joan aurretik bixigarri horrekin joan nahi dutenentzat edo baita ere, jakina, festarekin aitzina segi eta ordu txikietaraino luzatu nahi dutenentzat, asko egon ohi dira-eta azken kasu honetan", aitortzen du MariCarmen Arrecheak.

Egunaren hasieran 'Agur Jaunak' kantatuko da, falta direnak eta aurreko belaunaldiak gogoan. Ondoren bazkariari eutsiko zaio eta bazkalondoan atxiki egingo zaio "gure aitatxi-amatxi, aita-ama edota osaba-izeben oroitzapenari. Heiek erakutsi ziguten gure kultura eta gure jatorria maitatzen eta gurea bilakatzen; izan ere sentimentu horrek bulkatzen gaitu baztandar jatorrizkoak biltzera, lehenengo, bigarren eta hirugarren belaunaldi bagara honez gero", jarraitzen du Arrecheak.

Mexiko bertako baztandar familiez gain, urtero izaten da kanpotik Mexikora bisitan egun honekin bat eginez etortzen diren familia eta lagunak. "Ez bakarrik Baztandik, Euskal Herri osotik baizik. Aurten, esaterako, Mikel Plazaola izango dugu gurekin. Beasaindarra da Mikel, baina Mexikon bizi izan zen eta baztandarron lagun ona egin zen; izan ere urteren batean Baztango Eguna antolatzen laguntzen ibili zitzaigun".

Besterik ere izango da, tartean Iñigo Manterola artista plastiko oriotarra. Manterolak "erakusketa zabalduko du maiatzean Euskal Etxeko Erakusketa Aretoan, eta gustu handiz eskatu zuen Baztango Egunean parte hartzea, enteratu zenean egunotan ospatu behar genuela".



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia