euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendozako Denak Bat Euskal Etxeak bere urteurrena ospatu du La Platako Goierri Elkarte Gastronomikoko kideak lagun

2014/09/16

Cesar Arrondok hitzaldia eskaini zuen Mendozako Denak Bat euskal etxearen 58. urteurren egunean
Cesar Arrondok hitzaldia eskaini zuen Mendozako Denak Bat euskal etxearen 58. urteurren egunean

PUBLIZITATEA

58 urte bete berri dituen Mendozako euskal etxeak La Platako Goierri taldekideak lagun ospatu du bere urtemuga. Ekintzak Cesar Arrondo irakaslearen hitzaldi batekin hasi eta Goierri taldeko sukaldariek prestatutako urteurren afari batekin bukatu ziren. Urtebetetze programa, berriz, ez da hor amaitu; datorren ostiraletik urriaren 10era arte, zine ziklo bat antolatuko du euskal etxeak hiriko mikrozinean; datorren larunbatean, bestalde, Te-Bingoa egingo du Denak Bat-ek bere egoitzan.

Mendoza, Argentina. Ehunda hogeita hamar lagun bildu ziren Cuyo eskualdeko Denak Bat euskal etxean Cesar Arrondo entzuteko. ‘Euskal Herria: Nazio baten historia’ izenburupeko hitzaldian, Euskal Herria gaur egungo egoerara nola iritsi den azaldu zuen La Platako Unibertsitatean aritzen den irakasleak abuztuaren 30ean. “Hitzaldia bikaina izan zen, oso didaktikoa; jendeak adi eta gustura entzun zuen” adierazi dio euskal etxeko lehendakari Alicia Aguirrek EuskalKultura.com-i.

Hitzaldia bukatutakoan, afari berezi bat partekatu zuten euskal etxeko kideek, Goierri Elkarte Gastronomikoko sukaldariek prestaturik. Menua pintxoak, dilistak bizkaitar erara eta postrea izan zen.

Baina ospakizunen egitaraua hori ez da hor geldituko eta irail eta urrian zehar jarraituko du Euskal Zine Ziklo batekin. Euskal etxeak antolaturik emanaldiak Hiriko Mikrozinean izango dira, programa honekin: irailaren 19an –Donostiako Zinemaldia hasiko den egun berean– Otsoa (El Lobo); irailaren 26an, Aupa Etxebeste; urriaren 3an, Zugarramurdiko Sorginak; eta urriaren 10ean, Zortzi euskal abizen. Zine aretoa 9 de Julio kaleko 500. zenbakian dago eta sarrera doakoa izango da.

Gonbite honekin batera, beste bat luzatzen dio Denak Bat mendozatarrak komunitateari. Larunbat honetan, arratsaldeko 4:30etan eta euskal etxearen egoitzan, Te-Bingo bat egingo dute. Sarrerak 60 peso balio ditu eta helbide elektroniko honetan erreserba daitezke.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia