euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mendata herriak omenaldia egingo die Ameriketara joan ziren artzainei larunbatean, "country" festa batekin

2015/09/24

Mendatak Amerikatako euskal artzainei egingo dien omenaldiaren afitxa
Mendatak Amerikatako euskal artzainei egingo dien omenaldiaren afitxa

PUBLIZITATEA

Larunbat honetan Mendata (Bizkaia) Far Westeko herri bihurtuko da; rodeo, country dantzaldi eta karrokanpo desfile eta guzti. Herriak omenaldia egingo die Ameriketara artzain joan zirenei eta horretarako egitarau berezia prestatu du bere Euskal Jaiaren barruan. Gontzal Mendibil kantariak eta Kupela taldeak musika jarriko dute eta Julian Iantzi aurkezle lanetan ariko da.

Mendata, Bizkaia. Oesteko ikutu berezia izango du larunbatean Mendatan egingo den Euskal Jaiak, aurten herriak Ameriketara joan ziren artzainei omenaldia egingo dielako. Herri bizkatarreko biztanle askok atzerrira joan behar izan zuren 50. eta 60.eko hamarkadetan, eta horietako asko artzain ibili ziren Estatu Batueta. 

Festaren helburua, antolatzaileen esanetan, pertsonai horiei omenaldia egitea eta euren esperientzia gizartean ezagutaraztea da. "Mendatar asko euskal Diasporaren parte dira eta omenaldi xamur hau egin nahi diegu, euren sustraiak mantentzen jakin dutela, nahiz eta oso urrun egon, gure hizkuntza eta kulturaren enbaxadore apartak izan direlako", agertu du Mendatako alkate Joseba Malleak.

Rodeoa eta country jaia

Eguneko egitaraua oso zabala eta orijinala da, ikutu "country" berezi batekin. Hasteko, 12:00tan desfile edo "caravana" bat egingo da. Mendatako biztanleek garai hartako arropaz jantzita parte hartuko dute. Desfilea Elexalde auzotik Mendaturira joango da, Kupela taldearen musikak alaituta.

Ondoren, Mendaturiko bolatokian Ameriketara doan euskal gazteari agurra antzeztuko da, eta Gontzal Mendibilek kantaldia eskainiko du. Arratsaldeko 14:00tan lertxun zuri bat landatuko da, Oesteko lertxunetan markak eta mezuak utzi zituzten artzain haiek gogoan. Lertxunaren ondoan monolito bat jarriko da, “Mendatako herriak Ameriketan artzain ibilitakoari” leloarekin.

Jarraian, "country dance" erromeria bat egingo da eta ondoren bazkaria, 15:00tan. Bazkalostean, 17:30tan, "Mendata rodeo western noon" delakoa egingo da, Julian Iantzik aurkeztuta. Eta eguna amaitzeko, Kupela taldearekin erromeria 20:30tan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia