euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Medellinek 335 urte bete ditu; Miguel de Aguinaga eibartarra izan zen hiri kolonbiarraren fundatzailea

2010/11/10

Medellin, mendiz inguratuta
Medellin, mendiz inguratuta
Kolonbiako Medellin hiriak 335 urte bete zituen joan den azaroaren 2an eta hiriko biztanleek urteurreneko ekitaldiekin bat egin dute gogotsu, batez ere 'Zer oparituko zenioke Medellini bere urtebetzean?' izeneko kanpainarekin. Medellin egoitza duen Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroaren blogak ere bat egin du ekimenarekin --eta erantzun batzuk euskaraz jaso ditu!-- hiria sortu zuena euskaldun bat izan zela --Miguel de Aguinaga y Mendiondo eibartarra-- gogora ekarriz.

John Alejandro Ricaurte/Medellin, Kolonbia. Joan den azaroaren 2an Medellinek 335 urte bete zituen. Hiribildu maila eman ziona orduan Antioquiako Gobernadorea zen Miguel de Aguinaga y Mendigoitia eibartarra izan zen. Dirudienez hiribildu berriaren fundazio proiektua aurreko gobernadorearen agintaldian (Francisco de Montoya y Salazar arabarra) jarri zen abian, baina Aguinaga izan zen ofizial egin zuena.

Miguel de Aguinaga 1634ean jaio zen Eibarren, Gipuzkoan, eta San Andres parrokian bataiatu zuten 1634ko azaroaren 15ean. Gurasoak Miguel de Aguinaga eta María Mendigoitia izan ziren.

Miguel de Aguinaga Ameriketara heldu eta Antioquiako Gobernadore karguaz jabetu zen. Medellin azaroaren 2an izan zen fundatua, Villa de la Candelaria de Medellin izenarekin, Medellingo kondearen ohorez. Kondea Indietako Kontseiluko presidentea zen eta fundazioan interes gehien aurkeztu zuenetakoa. 

Fundazioaren ostean, Miguel de Aguinagak hiriko errolda egin zuen eta bertan 158 familia eta 3.500 bat bizilagun zenbatu zituzten. Aguinagak lehendabiziko cabildo edo udaletxea ere eraiki zuen, San Joan Bataiatzailea eta Candelariako Ama Birjina hiriko patroi izendatuz.

Bere agintaldia 1679an bukatu zen eta Espainiara bueltatu egin zen.

Euskal Ikasketen Zentroak bat egin du ospakizunekin

Azken hilabeteotan Medellinen urteurrena ospatzeko ekimen ugari egin dituzte eta horien artean "Zer oparituko zenioke Medellini bere urtebetzean?" galdetu diote jendeari. Emaitza, milaka esaldi, olerki, argazki eta gurari on izan dira, hiriko auzo guztietatik, Antioquia osotik, Kolonbia osotik eta atzerritik ere bidaliak.

Antioquiako Euskal Ikasketa Zentroak ekimenarekin bat egin du bere blogaren bitartez (http://centroestudiovascoantioquia.blogspot.com). Webgunearen arduradunek azaltzen dutenez ekimen honekin Medillini zorionak eman eta bide batez hiria eibartar batek sortu zuela gogora ekarri nahi izan dute.

Dagoeneko badira mezu batzuk Medellini zorionak emanez blog honetan, eta batzuk euskaraz idatziak gainera! Euskal Ikasketen Zentroak lan polita egiten du Antioquian eta Kolonbian euskara sustatu eta ezagutzera ematen eta webgunean ere erabiltzaileei euskara erabiltzeko gonbitea egiten die.

Medellinen urtebetze jaia

Joan den azaroaren 2an jai handia egin zen Medellinen hiriaren urtebetzea dela eta. Hiri osoan zehar kontzertuak, arte erakustaldiak, lehiaketak, antzerkia eta ehundaka ekitaldi egin ziren hiriko kale, plaza, eskola eta liburutegietan.

Ekitaldi nagusia Parque del Poblado gunean egin zen, bertan sortu baitzen Medellin hiria. Hor, Antioquiako 41 artistek Un regalo kantua abesten grabatutako bideoa aurkeztu zuten. Ekitaldiak herri telebistaren bitartez izan ziren ikusgai, ikusle asko bildurik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia