euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Martxoa gogotsu bukatu dute Quebec-eko EEan: Aberri Eguna, dokumentalak, dantza eta txalaparta

2011/03/28

Quebec-eko Euskal Etxeko txalaparta ikastaroko ikasleak (argazkia QuebecEE)
Quebec-eko Euskal Etxeko txalaparta ikastaroko ikasleak (argazkia QuebecEE)
Quebec-eko 'Euskaldunak' Euskal Etxeak ekitaldiz jantziriko martxoa bukatu du. Proposamen desberdin ugari izan dira Montrealeko elkartearen egoitzan: dokumental emanaldien errepikapenak (ikusleek eskatuta), dantza eta txalaparta ikastaroak eta Aberri Egunaren ospakizuna, azken hau iragan martxoaren 22an. Elkarteak goiz ospatu du jai hau aurten, apirilean ezin zutelako eta hemendik aitzina quebectarrak, Euskaldunak-en 15. urteurreneko ekitaldiak prestatzen ibiliko direlako buru-belarri.

Montreal, Quebec. Quebec-eko Euskaldunak Euskal Etxeko Adelaide Daraspek, elkarteko lehendakariak, Montrealeko euskaldunen azken berriak eman dizkigu, bukatzear dagoen martxo honetako azken jarduerak azalduz. Elkartea bizi-bizi ari da eta gero eta lagun gehiago biltzen zaizkio ekitaldietara.

Martxoaren 18an, adibidez, euskal etxeak 'Euskal Herria Hortik Hara' filmaren bigarren proiekzioa antolatu zuen eta aretoa bete egin zen berriz ere Amerikako euskal diasporari buruzko filma hau ikusteko. "Pasa den astean baino bi pertsona gehiago aurkeztu dira eta gure Euskal Etxea gero eta txikiago iduritzen zaigu... toki gutti gelditzen baitzen denak eseri eta gero", dio Adelaidek.

Quebec Hortik Harat 2011 (2)

['Euskal Herria Hortik Harat' dokumentalaren bigarren emanaldiko une bat (argazkia QuebecEE)]

Biharamunean, martxoaren 19an, dantza eta txalaparta tailerrak egin zituzten euskal etxearen egoitzan. "Goizeko hamarrak eta erditan hasten gara dantzak ikasten. Eguerdiak aldean bazkaritxo bat antolatzen dugu Euskal Etxe barnean bakoitzak etxetik ekarritakoarekin. Bazkaldu eta izaten da txalaparta jotzeko momentua. Ane Arregi, Urnietako hamazazpi urteko neska gazte bat dugu txalaparta erakasle", azaltzen du Daraspek.

Aberri Eguna, goiz

Elkarteak, bestalde, inoiz baino lehenago egin du aurten Aberri Eguneko jaia, martxoaren 22an hain zuzen ere. Elkarteko 60 bat kide bildu ziren Montrealen alokaturiko aretora eta bertan lagunarteko bazkaria eta beste ekitaldi batzuk egin zituzten. Ordu batak aldera hasi zen besta. Partehartzaileei ongi etorria eginez, Sylvie Nadaudek eta Adélaïde Daraspek aurreskua dantzatu zuten. Ondoren bazkaria egin zuten eta jakien artean kideek "ardi gasna eta Itsasuko gerezi beltz mermelada, bereziki maitatu" zituztela diosku Adelaidek.

Quebec Aberri Eguna 2011 (2)

[Sylvie Nadaudek eta Adélaïde Daraspek aurreskua dantzatu zuten, bazkideei harrera eginez (argazkia QuebecEE)]

Quebec Aberri Eguna 2011 (4)

[Gazte eta nagusiak bazkariaren buffetean jakiak aukeratzen (argazkia QuebecEE)]

Bazkalondoan dantza eta txalaparta ikasleek kurtsoan ikasitakoa erakutsi zuten, erakustaldi txikiak eginez. Jaiari bukaera emateko, klasiko bat: zozketa. "Beti bezala, zozketa momentu eder bat izan da. Haurrek tiratu dituzte helduek irabazi dituzten sariak: urdaiazpiko bat, bi patxaran botila, ardi gasna laurden bat, arnoa eta "érable"aren produktu kebekarrak", bukatzen du Daraspek. 

 

Quebec Aberri Eguna 2011 (1)

[Txalaparta ikastaroko kideek erakustaldia egin zuten Aberri Egunean (argazkia QuebecEE)]

-Argazki gehiago, Quebec-eko Euskal Etxearen Argazki Galerian

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia