euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mariluz Artetxe ez da berriz hautagai aurkeztuko; euskal etxe talde batek 'EEak Alternatibaren Alde' sortu du

2008/02/04

Cordobako Euskal Asteko irudia (2006): Mari Luz Artetxe, Ibarretxe lehendakaria eta Alejo Martin
Cordobako Euskal Asteko irudia (2006): Mari Luz Artetxe, Ibarretxe lehendakaria eta Alejo Martin

PUBLIZITATEA

Datorren martxoaren 15ean FEVAk (Eusko Argentinar Bazkun Alkartasunak) hauteskundeak egingo ditu Zuzendaritza Batzordearen zati bat berritzeko. Hautatuko dituzten karguak lehendakaria, idazkaria eta diruzaina izango dira, besteak beste. Oraingo lehendakariak, Mariluz Artetxek, esana du dagoeneko ez dela berriro aurkeztuko eta batzuk egungo zuzendaritza batzordearen ildoko zerrenda osatzen ari diren bitartean, beste zerrenda alternatibo bat ari osatze, 'probintzietako' euskal etxe talde batek zerrenda alternatibo bat osatzeari ekin dio, Alejo Martin, Cordobako Euskal Etxeko presidentea buru.
FEVAk hauteskunde garrantzitsuak egingo ditu datorren martxoaren 15ean, euskal etxe bazkideek bere Zuzendaritza Batzordeko lehendakaria, idazkaria, diruzaina, lau batzordekide eta lau kontu ikuskatzaile hautatuko baitituzte. Aipatu karguen garrantziagatik eta zerrenda alternatibo baten sorrera dela eta Argentinako Euskal Etxeen Federazioaren hauteskunde prozesu honek interes berezia sortu du.

Zerrenden osaketa prozesua ez da hilabete bukaera arte itxiko, baina momentuz baieztatu daiteke egungo lehendakari Mariluz Artetxe ez dela berriz aurkeztuko. 'Oporrak hartuko ditut', esan dio umoretsu EuskalKultura.com-i. Artetxek azaldu duenez, euskal etxe talde bat egungo Zuzendaritza Batzordeari ildo bereko jarraipena emango dion zerrenda osatzen ari da. 'Hogeita hamar bat euskal etxe baino gehiago ari dira horretan, baina oraindik ezin da hautagaien izenik eman, gauzak asko erabakitzeke baitaude oraindik. Aste honetan bertan bilduko dira eta zerrenda nola osatu erabakiko dute'.

Alternatiba baten aldeko euskal etxeak

Dagoeneko lehendakaritzarako hautagai aurkeztu dutenak 'Euskal Etxeak Alternatibaren alde' zerrendakoak dira. Alejo Martin, Cordobako Euskal Etxeko lehendakariak hartu du erronka. 'Oraindik zerrenda osatu beharra dago, baina gure proposamena euskal etxeetan aurkezteko, aurpegi bat behar genuela pentsatu genuen eta horregatik atera da nire izena', azaldu dio Martinek EuskalKultura.com-i. Helburu horrekin hainbat euskal etxe bisitatzen ari da Martin zerrenda berriaren ideiak eta helburuak azaltzeko.

Orain artean 'Euskal Etxeak Alternatibaren Alde'k honako euskal etxeen babesa bildu du dagoeneko, haste-hastetik: Danak Anaiak (Bragado), Gure Etxea (Santa Fe), Itxaropen (Saladillo), Ibai Guren (Paraná), Loretako Euskaldunak (Las Flores), Gure Txokoa (Azul, Euskal Etxea (Villa Mercedes-San Luis), Kotoiaren Lurra (Chaco), Hiru Erreka (Tres Arroyos) eta Gure Txokoa (Cordoba). 'Hauez gain beste euskal etxe batzuekin ere harremanetan jarri gara eta euren babesa ere eman digute', azaltzen du Martinek.

'FEVA euskal etxeetara hurbildu'

Martinek burutzen duen proposamena 'euskal etxe batzuk FEVAgandik aldendu direla' ikustean jaio omen da. Distantzia hau ez da fisikoa bakarrik, batzuk ez dira FEVAko parte sentitzen', dio Martinek. 'Argentinan distantziak oso handiak dira eta horrek gestioan eragiten du. Adibidez, guk FEVAren estatutuak berrikustea proposatzen dugu, ze hauteskunde hauetan bertan botoa eman ahal izateko euskal etxeak Buenos Airesera joan behar baitute eta batzuk ez dute hori egiteko aukerarik izango. Gauzak errazteko boto elektronikoa edo botoa postaz emateko aukera ematea proposatuko genuke', aipatzen du Cordobako Euskal Etxeko presidenteak.

Zerrenda berriak kanpaina lasaia burutu nahi du. 'FEVAn borondatezko lana egiten dugu guztiok eta ardura bat hartzen duenak borondate onenarekin egiten du', dio Martinek egungo zuzendaritzari erreparatuz. 'Hala ere gestioak beti dakar desgaste bat eta gure ustetan heldua da berrikuntzari bidea egiteko unea'. Zerrenda honen proposamenen artean FEVAren baliabide ekonomiko, kultural eta abarren banaketa egokiagoa dago, eta, adibidez, 'kultur biretako ikuskizunak euskal etxe desberdinetara heldu daitezela, urrun daudenetara ere bai'.

'Euskal etxeen parte hartze handiagoa nahi genuke. Euskal Etxe askok esan digute urte asko daramatzatela FEVArik gabe, eta autonomoak direla. Baina kontua da FEVA euskal etxe guztien batuketa baino ez dela. Honelako gauzak aldatu nahi ditugu eta euskal etxeek partaidetza eta lankidetza sentimentu hori berreskuratzea', bukatzen du.


Lotura interesgarriak

FEVAren webgunea
www.fevaonline.org.ar

Aurreko hauteskundeak FEVAn
EuskalKultura.com-en argitaratua 2007ko martxoaren 8an

2006ko Argentinako Euskal Astea, Cordoban
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko azaroaren 4ean


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia