euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Maria Valeria Aramburuk ‘Nire etorkin sustraiak’ literatur lehiaketa irabazi du eta Euskal Herria bisitatuko du

2017/09/15

Maria Valeria Aramburu ‘Mis raíces inmigrantes’ literatur lehiaketaren saria jasotzen (argazkia El Diario de Tandil)
Maria Valeria Aramburu ‘Mis raíces inmigrantes’ literatur lehiaketaren saria jasotzen (argazkia El Diario de Tandil)

Aurkeztutako 85 idazlanen artean Maria Valeria Arambururen “El mar en sus ojos” (Itsasoa bere begietan) izeneko ipuina hautatu zuten aho batez lehiaketako epaileek. Irabazlea, poz pozik dago bi arrazoiengatik; errekonozimendua baita euskal gizataldearentzat oro har, eta saria, jatorrizko herrira bidaiatzeko bi txartel direlako. “2018ko Argentinako neguan joango naiz Euskal Herrira, nire alaba Begoñarekin” jakinarazi dio Valeria Aramburuk EuskalKultura.com-i.

PUBLIZITATEA

Tandil, Argentina. ‘Mis raíces inmigrantes’ (Nire etorkin sustraiak) literatur lehiaketa Tandilgo Petrotandil enpresak babesten du helburu argi batekin, aitortzen dute: “Kultur jardunak bultzatzea, eta zehatzago sustrai familiarren ikerketa”.85 idazlan aurkeztu diea 2017ko deialdira, 19 nazionalitateren istorioak ian dira, eta txapela Maria Valeria Arambururen “El mar en sus ojos” (Itsasoa bere begietan) lanari egokitu zaio. Epaimahaikoen esanetan, “Arambururen ipuinean, leku eta garai ezberdinetako eguneroko bizitzaren amalgama irakur daiteke. Minak eta alaitasunak, adostasunak eta desadostasunak, oroipenak eta ahazteak islatzen dira. Arambururen lanak jatorrizko herriarekiko –Euskal Herriarekiko– identifikazio sakon bat adierazten du, baina aldi berean baita ere hemengo kulturarekiko –Tandilgoarekiko– bertakotze harmonikoa ere. Ipuinean argi geratzen da arbasoekiko maitasuna eta hemengo gizartean etorkinek egindako ekarpena”.

Saria eta bidaia

Ekimenaren izpirituarekin bat, lehiaketaren sari nagusia irabazlearen arbasoen jatorrizko herrirako bidaia da. Valeria Aramburuk jakinarazi digu dagoeneko Euskal Herrira, Goierrira, bidaiatuko duela datorren urtean Begoña bere alabarekin. Valeriak berak kontatu digunez, “Aramburu Iparraguirre familia Ataun eta Beasaingoa zen. Gure aita Lazkaon jaio zen aitonak Lazkaotik gertu lan egiten zuelako. Aitaren aldeko aitona-amonak, aita eta Paco osaba 1949. iritsi ziren Argentinara…”

Euskara eta literatura irakaslea

Ez da harritzekoa Valeria Arambururen ipuinean arrasto autobiografikoa topatzea; izan ere esan dezakegu hamar orrialdeko testuan bere bi pasio batu dituela egileak: literatura eta bere euskal sustraiekiko maitasuna. Gogora dezagun Valeria Tandilgo Gure Etxea Euskal Etxeko oso kide aktiboa dela eta urtetan elkarteko euskara irakaslea izan zela. Are gehiago, Euskal Etxeak eta UNICEN Unibertsitateak sinatutako akordio baten baitan unibertsitatean ere eman zituen euskara eskolak. Gaur egun, nahiz eta euskara klaseak emateari utzi dion, irakaskuntzan jarraitzen du. Literatura eta Hizkuntza klaseak ematen ditu hiriko eskoletan. Zorionak, Valeria!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia