euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mari Jose Olaziregi, Etxepare Institutua: «Unibertsitate sare handi batekin sendotu beharra dago euskal ikasketak»

2015/06/30

Marijose Olaziregi Etxepare Institutuaren egoitza donostiarrean (argazkia Juanjo Lusa-Diario Vasco)
Marijose Olaziregi Etxepare Institutuaren egoitza donostiarrean (argazkia Juanjo Lusa-Diario Vasco)

PUBLIZITATEA

Etxepare Institutuak plazaratu berria du Europa eta Ameriketako bost unibertsitate berrirekin akordioak sinatu dituztela. Mari Jose Olaziregi Alustiza (Donostia, 1963) Etxepare Institutuko  Euskara Zabaldu eta Sustatzeko zuzendaria da. Bere lanaren zati handi bat unibertsitateetara bidaiatzea da, euskara eta euskal kultura irakurletza horiek, eta katedrak. Felix Ibargutxi Olaziregirekin mintzatu da Diario Vascon argitara eman duen  elkarrizketa batean.

Donostia-San Sebastián. Elkarrizketan zehar, euskal ikasketak bultzatzeak eta munduko hainbat unibertsitatetan euskarak eta euskal kulturak presentzia izatearen garrantzia azpimarratzen du Etxepare Institutuko buruzagiak, horretan ereitea ondoren aurrerago, momenturen batean emaitzak bildu ahal izateko. Unibertsitate testuingurua landu eta bertan bere lekua egiteak dakartzan onurak haintzesten ditu, Etxepare Institutuaren lana euskal kultura eta euskal sortzaileak ezagutarazi eta zirkuitu horietan sartuz sareetako parte egin eta lagunak eta lankideak bilatzea delarik.

Etxeparek 34 hitzarmen dauzka mundu osoan unibertsitateekin, 28 irakurle eta Euskal Ikasketa bost katedrarekin.

(elkarrizketaren gaztelaniazko zatia, El Diario Vascon)

Euskarazko zatia, hau:

«BIOLENTZIARI BURUZ LITERATURA AUSARTA EGIN DA HEMEN»

Asko hitz egiten da baketzeaz. Zu literatur kritikaria zara. Zer eman dezake literaturak alde horretatik?

-Euskal literatura aportazio handia egiten ari da. Handia benetan. Fernando Aranburuk harako hura esan zuen, euskarazko idazleak ez direla libreak eta ez diotela aurre egin arazo honi. Bada juxtu alderantziz da. Pentsa, 1976an, 'Ehun metro'-n, Saizarbitoriak, heldu zion biolentziaren gaiari, eta nola gainera! Oro har, euskal literatura gehiago zentratu da terroristaren figuran, haren pentsakeran edo haren inguruko jendearengan.

Gehiago idatzi da pistola duenaz, biktimaz baino.

-Baina literaturak ñabardurak eskaintzen ditu beti, eta kasu egin behar zaie egia horiei. Badira obrak isiltasunaz mintzo direnak, edo lekukoez... Hor dago Lertxundiren 'Zorion perfektua'...

Eta Jokin Muñoz.

-'Antzararen bidea' eleberri bikaina da. Hor dago aktibistaren ama, bere semea ezagutzen ez duela ohartzen da bat-batean. Hor daude burua moztuta ere ibilian jarraitzen duten antzarak, nora joan ez dakien gizarte baten metafora ere izan litezke.

Eta 'Twist'.

-Oso gustukoa dut, oraintxe ari naiz nobela honetaz idazten. Iragana mamu itxura hartuta bueltatzen da, literatura fantastikoaren testu estrategiak erabiliz. Soto izeneko pertsonaia altxatu eta ibiltzen hasten da. Antzeko estrategia literarioak ageri da Argentinako literaturan, diktaduretako desagertuei buruz ari diren liburu batzuetan: desagertutako horiek presentzia espektralak dira.

'Martutene' ere hor dago.

-Nola ez! Izaro Arroitak egin duen doktore-tesi bikainean, ideia nagusietako bat hauxe da: Saizarbitoriaren narratiban Gerra Zibileko gudarien herentzia transmititzeko ahalegin literarioa nabarmentzen da, galtzaileen duintasuna transmititzeko ahalegina, alegia. Baina ez da ETAko militanteen herentzia transmititu nahi; militante guztiek hilda bukatzen dute bere lanetan.

Eta Atxaga.

-Dudarik gabe! 'Soinujolearen semea'-n, ETAko militanteak utzi egiten du erakundea eta autoexiliora doa. Iban Zaldua dugu baita ere: 'Gerra Zibilak' izenburuko narrazioan, mendian galduta dagoen Gerra Zibileko talde batek borrokan segitzen du urtetan bere kasa. Eider Rodriguezen "Politika albisteak" ipuinean, berriz, generoaren ikuspuntutik aztertzen da borroka armatuaren eragin soziala. Arantxa Urretabizkaiak, ordea, amatasuna eta militantzia izan zituen hizpide 'Koaderno Gorria'-n... eta abar. Literatura ausarta egin da hemen, eta esaten duena euskal nobelek ez dutela baketzearen aldeko lanik egin, ez dutela memoriari buruzko diskurtsoa eraikitzen lagundu, liburu horiek irakurri ez dituen seinale. Min gehien ematen diguten arazoetan jartzen dute arreta: gure isiluneetan, gure ekidistantzietan, alde guztietako sufrimenduan, torturan...

(2015-06-21ean El Diario Vascon argitara emana)

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia