euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Platako Euskal Etxeak gaur hasiko du euskara ikasturtea; Buenos Airesko Laurak Batek apirilaren 6an

2010/03/16

Euskara eskola Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxean, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)
Euskara eskola Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxean, artxiboko irudi batean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Egunotan ari dira hasten Hego Ameriketako hainbat euskal etxe euren 2010 ikasturtea. Halaxe adierazi zaigu, esaterako, Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxetik eta Burnos Airesko 'Laurak Bat'etik. Mar del Platan, bertako EEko Artaburu Euskaltzale Taldetik azaldu dute lehenengo eskolak gaur arratsaldez hasiko direla Erdiko A Mailari dagokionez, eta hortik aurrera egingo dutela gainerako maila guztiek. Buenos Airesko 'Laurak Bat'etik ere hasi dira iragartzen euren ikasturte hasiera, kasu honetan eskolak apirilaren 6ra arte hasiko ez badira ere. Izena emateko aukerak, beraz, zabalik ditu euskara ikasi edo maila hobetu nahi duenak.

Buenos Aires, Argentina. Mar del Platako 'Denak Bat' Euskal Etxetik, euskara eskolez eta euskal hizkuntza biziarazteaz arduratzen den Artaburu Euskaltzale Taldekoek honako kronograma aurkeztu dute ikasturte berriko eskolei begira:

-Erdiko A Maila: Eskolak astearte eta ostegunetan izango dira, 18etatik 20ak arte, gaur asteartea martxoaren 16tik hasita. Irakaslea, Graxi Bakker.

-Erdiko B Maila: Eskolak asteazkenetan 18etatik 20ak arte, eta ostiraletan 19etatik 21ak arte izango dira, bihar asteazkena martxoaren 17an hasita. Irakaslea, Graxi Bakker.

-Goiko Maila: Eskolak astelehenetan 18etatik 20ak arte eta ostegunetan 20etatik 22ak arte izango dira, datorren astelehenetik, martxoaren 22tik hasita. Irakaslea, Esteban Capurro.

-Lehenengo maila: Eskolak astelehen eta asteazkenetan izango dira, 20etatik 22ak arte, apirilaren 5ean, astelehena, hasita. Irakaslea, Esteban Capurro.

Euskaraz ikasi nahi, baina eskoletara bertaratzerik ez dutenentzat ere bada aukerarik, zabalik baitago euskara internetez ikasteko Boga sisteman izena emateko epea, irakasle-tutore bat laguntzaile.

Ikastaroak Euskal Etxeko bazkide direnei eta ez direnei daude zabalik. Interesatuek Euskal Etxeko Idazkaritzarekin (Moreno 3440) beharko dute harremanetan sartu, bertaratuz, telefonoz deituz (4953149) edo honako e-mailera idatziz: denakbat@ciudad.com.ar.

Laurak Bat Euskal Etxean

Bestalde, eta Buenos Airestik Laurak Bat Euskal Etxeak ere bere eskolen berri eman digu. Aurrez aurreko eskolak euskal etxearen egoitzan (Belgrano 1144), beheko solairuan emango dira, kitorik bazkideentzat, eta bazkide ez direnentzat 35 peso hilabeteko (apiriletik azarora). Ikasturte hasiera, Laurak Baten, apirilaren 6an egingo da. Hona eskainiko diren maila eta xehetasunak:

-Euskera II Ikastaro Aurreratua: asteartero, 19etatik 21ak arte. Miren Arozarena irakasle.

-Euskera III Ikastaro Aurreratua: asteartero, 18:30etatik 20:30etara. Gabi Mendia irakasle.

-Hasiberrientzako Ikastaroa: aurrez aurreko eskolak bigarren lauhilabetekoan hasiko dira, abuztutik aurrera.

Internet bidezko ikastaroei dagokienez (Boga Programa), Paula Lerchundi izango dute irakasle.

Boga, bakoitzak bere etxetik edo nonahitik euskara internet bidez ikasteko sistema eroso eta erraza da. Norberak aukera ditzake ordutegia, erritmoa, zenbat aldiz errepikatu nahi duen ariketa edo ikasgai bakoitza, baliabideak behin edo gehiagotan ikusi edo erabili nahi dituen, etab. Baina aldi berean talde bateko parte izan daiteke, foroetan parte hartu, eta irakasle/tutore pertsonal bat izango du lagungarri, internet bidez aritzeko, edo erabakitzen den maiztasunean (asterokoa, hamabost egunekoa edo erabakitzen dena) haren sostengua jasotzeko.

Argibideak eta izena ematea:

-Webgunea: www.laurakbat.com.ar
-Emaila: secretaria@laurakbat.com.ar
-Telefonoa: 4383-3903, astegunetan, 12etatik 18ak arte



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia