euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar Del Platako Euskal Etxeak bere 75. urteurrenaren urteko programa hasi eta 2018ko Euskal Astearen data ipini du

2018/02/09

2018ko Mar del Platako Jaialdia
2018ko Mar del Platako Jaialdia

PUBLIZITATEA

2018ko Argentinako Euskal Aste Nazionalaren egoitza izango den elkarte mardelplatatarrak elkarretaratzearen data jakinarazi du. Jaia urriaren 29tik azaroaren 4ra iragarri du. Bestalde, 2018 honi hasiera emateko, bere Jaialdiaren hirugarren edizioa ospatu du Denak Bat-ek, proposamen oparoz: danborrada, dantzak, kantak eta sukaldaritza, euskal etxearen egoitzan eta baita kalean ere. Jaialdiaren baitan, FEVAren bazkideen urteko lehenengo bilera ere egin da azken asteburu honetan.

Mar del Plata, Argentina. 75 urte beteko ditu aurten Mar del Platako Denak Bat Euskal Etxeak eta urtean zehar ospatuko du, mota askotako ekintzekin. Handiena eta jendetsuena, zalantzarik gabe, Euskal Aste Nazionala izango da. Izan ere, kostaldeko hiriak hartu du bere gain 2018ko euskal diaspora argentinarraren jai nagusiaren antolaketa eta herrialde osoko euskal etxeak euren partaidetza prestatzen hasi ahal izan daitezen, elkarretaratzearen datak eman ditu aditzera Denak Batek: urriaren 29tik azaroaren 4ra izango dela jakinarazi dute antolatzaileek.

2018ko Jaialdia

Hirugarren urtez jarraian dantza eta musika ikuskizuna eskaini die urte hasiera honetan Euskal Etxeak hiritar eta turistei. ‘Jaialdi’ izeneko festa otsailaren 3an izan da, eta Plaza de los Artesanos enparantzan hasi zen danborrada eta dantzekin. Plazan muntatutako eszenatoki batean eta Miguel Vicente zuzendari, danborrada jo zuten Mar del Platako Euskal Etxeko kideek, Necocheakoek eta Buenos Airesekoek lagunduta. Horren ostean, dantzariak izan ziren protagonista dantzen zerrenda honekin: Txikiek Ipurdi dantza, Fandango, Arin Arin, Polka, Txulalai, Makilak eta Orpo Punta taularatu zituzten. Ertainek Uztai mistoak, Lore Uztaiak, Ezpatadantza, Kuadrille, Fandango eta Suite bat. Euren txandan Makilak, Uztaiak, Suletino (Xiberotarra), Aurresku, Matakulebra, Fandango eta San Migel aurkeztu zituzten helduek.

Kaleko ikuskizuna bukatuta, partaideak Euskal Etxera joan ziren afaltzera eta festarekin jarraitzera. Sukaldaritza standetan pintxoak, txistorra, paella eta tortilla eskaini zizkieten antolatzaileek gonbidatuei. Kultur standetan, euskara, genealogia, kirola eta musikari buduzko informazioa zabaldu zen. Denak Bat-en egoitzan, musika eta dantza ikuskizunak jarraitu zuen, Etxeko abesbatza ere partaide.

FEVAren bilera

Jaialdiaren baitan, urteko bere lehenengo bilkura egin zuen FEVAko Zuzendaritza Batzordeak. Hona parte hartu zuten bazkideen zerrenda: Hugo Andiazabal, lehendakaria; Juan J. Olasagastia, 1. lehendakariordea; Arantxa Anitua, 2. lehendakariordea; Javier Ederra, idazkaria; Maria Cristina Arregui, diruzaina; eta Federazioko bazkide diren euskal etxeetako agintari hauek: Susana Mendizabal (Olavarria), Carlos Miguelena eta Ethel Arregui (Pergamino), Maria Angeles Oñederra (Jose. C. Paz), Arantxa Zubillaga (Necochea), Gerardo Bautista Echeverria (Villa Maria), Asier Iriberri Plazaola eta Juan Gonzalez (Mar del Plata), Damian Cebey (San Nicolas), Pablo Pavesa (Chacabuco) eta kontu ikuskatzailea den Ana Idigoras.

Jorratutako gaiei dagokienez, Udako Barnetegiaren balantzea egin zuten, FEVAren ohiko biltzarraren data ipini zuten (apirilaren 21ean izango da), eta urteko egitaraua adostu.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia