euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Mar del Plata hiria izango da 2015eko Nazioarteko Mus Txapelketaren egoitza urriaren 31tik azaroaren 8ra

2015/07/30

38. Nazioarteko Mus Txapelketaren webgunea
38. Nazioarteko Mus Txapelketaren webgunea

PUBLIZITATEA

Argentinan jokatuko da aurten Nazioarteko Mus Txapelketa, Mar del Platako Denak Bat euskal etxea antolatzaile. Lehiaketaren 38. edizioa astebetez luzatuko da eta partiden programaz aparte, beste hainbat ekitaldi ari dira prestatzen anfitrioiak bikote parte-hartzaileentzat. Muslarien eta laguntzaileentzako voucherren prezioak eta aste osoko egitaraua, EuskalKultura.com-eko artikulu honetan.

Mar del Plata, Argentina. Denak Bat euskal etxeak jakinarazi duenez, Mar del Plata hirian egingo da aurten Nazioarteko Mus Txapelketa eta kari horretara mundu osoko hainbat muslari bilduko dira astebete batez Buenos Aires probintzia kostaldeko hiri honetan. Ekitaldia urriaren 31an hasiko da eta programa oparoa eskainiko zaie bisitariei. Txapelketako partidez gain, txangoak, bisitaldiak, otorduak jatetxe esanguratsuetan eta agur jaia ere badaude egitarauaren barruan. Egitaraua osoa hemen.

Txapelketaren astean, gainera, lehiaketatik kanpoko beste norgehiagoka batzuk ere burutuko dira Mar del Platan azaroaren lehenengo astean. Antolakuntzaren arduradunetakoa den Martin Lahittettek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “azaroaren 1etik 7ra lehiaketa bat antolatuko dugu muslarien laguntzaileek parte har dezaten; eta azaroaren 6tik 8ra, beste bat, motzagoa, batez ere Argentinako gure lagunei begira”.

Voucherrei dagokionez, antolatzaileek plazaratutako prezioak hauexek dira: ordezkaritzentzako voucherrak u$s 1.400 balio ditu; laguntzaile bakoitzaren voucherra, ostera, u$s 1.500. Prezioei buruzko informazio gehiago, hemen.

Argentina mailako txapelketa

Nazioarteko Txapelketari begira, La Plata hirian izango da Txapelketa Nazionala abuztuaren 15etik 17ra. Bertatik aterako da Mar del Platan, Argentinaren ordezkari izango den bikotea. Hori dela eta egun hauetan ari dira herrialde osoko euskal etxeetan barne lehiaketak egiten Txapelketa Nazionalera euren ordezkariak bidali ahal izateko.

Urtero bezala, Nazioarteko Txapelketako irabazleak zuzenean sailkatuko dira datorren urteko Mundialean jokatzera eta txartelak eta voucherrak ere emango zaizkie sari gisa. Gogora dezagun azken Nazioarteko Txapelketak Cancunen (Mexiko, 2014); Santiagon (Txile, 2013); Vancouverren (Kanada, 2012); Angelun (Euskal Herria, 2011) eta Las Vegasen (AEB, 2010) izan direla.

38. Nazioarteko Mus Txapelketaren webgunea:  www.mundialmus2015.com.ar



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia